Urtean Zeharreko XXXIV. Domekea /B

Urtean Zeharreko XXXIV. eta azken Domeka

JESU KRISTO GURE JAUNA,
DIRAN GUZTIEN ERREGEA

B urtean

(Fray Marcos)

I. Irakurgaia

Haren agintea betikoa.

Danielen Profezia liburutik

Dn 7, 13-14

     Neure gau-ikuskarian, gizaseme antzeko bat ikusi neban zeruko hodeietan etortzen. Gizon zaharragana hurreratu zanean, beroni aurkeztu eutsoen. Agintea, aintza eta erregetza emon eutsoen: herri, nazino eta hizkuntza guztietako jenteak zerbitzen eban.

Haren agintea betikoa, ez da inoiz amaituko;
haren erregetza ez da inoiz hondatuko.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 93 [92], 1ab. 1c-2. 5 (R/. 1a)

 


R/.   Errege da Jauna, ospez jantzia.

V/.   Errege da Jauna, ospez jantzia,
        Jauna indarrez jantzia eta inguratua! R/.

V/.   Sendo ezarrita dago mundua,
        ez dago kili-kolo.
        Zure tronua sendo ezarrita dago betidanik,
        betikoa zara Zu! R/.

V/.   Zure erabagiak fidagarri dira;
        zure etxea santutasunez eder, Jauna,
        betiko egunetan. R/.

 

II. Irakurgaia         

Munduko buruzagiak
Jainkoarentzat errege eta abade dan herri egin gaitu.

Apokalipsia liburutik

Ap 1, 5-8

     Grazia zuei eta bakea Jesu Kristoren aldetik, testigu leiala, hilen arteko lehenengo biztua eta munduko erregeen buruzagia danaren aldetik. Maite gaituanari eta bere odolaz geure pekatuetatik askatu gaituanari, Jainko bere Aitarentzat errege eta abade dan herri egin gaituanari, aintza eta agintea gizaldi eta gizaldietan. Amen.

Hara, hodei artean dator!
Danek ikusiko dabe,
baita zulatu ebenek be,
eta lurreko leinu guztiek
hileta-negarra egingo dabe harengaitik.
Bai. Amen.

     Hau dino Jainko Jaunak: «Neu naz Alfa eta Omega, badan, bazan eta etortzekoa dan ha, Ahalguztiduna».

Jaunak esana.

 

Aleluia

Mk 11, 9. 10

R/.   Aleluia.

V/.   Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!
        Bedeinkatua datorren erreinua,
        gure aita Daviden erreinua! R/.

 

Ebanjelioa

Errege naz, zeuk dinozun lez.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 18, 33b-37

     Aldi haretan, Pilatok esan eutson Jesusi:  «Zu zara judeguen erregea?» Jesusek erantzun: «Zuk zeurez itauntzen deustazu hori ala besteek esan deutsue hori Nitaz?» Pilatok esan eutson: «Judegua ete naz, ba, ni? Zeure herritarrek eta abadeburuek ekarri zaitue nigana. Zer egin dozu?»

     Jesusek erantzun: «Nire erregetza ez da mundu honetakoa. Nire erregetza mundu honetakoa balitz, nire jenteak burruka egingo leuke, Ni judeguen eskuetan ez jausteko. Nire erregetza, ostera, ez da hemengoa». Orduan, Pilatok esan eutson: «Beraz, errege zara Zu?»

     Jesusek erantzun eutson: «Bai, errege naz, zeuk dinozunez. Honetarako jaio eta etorri naz mundura: egiaren testigantza egiteko. Egiarena danak entzuten dau nire ahotsa».

Jaunak esana.

 

HITZALDIA

     Zelan diran gauzak, senideok. Holantxe entzun izan dogu gure bizitza guztian, eta holantxe dala eta izan behar dauala uste dogu: Kristo Errege, eta Unibertso osoko Erregea gainera.

     1925ean bururatu jakon Pio XI.a aita santuari izendatze hori, Eleizeak eskumen guztiak galtzen zihardualako, ziztu bizian sekularizatzen joian munduan, eta holantxe dihardugu guar arte, besterik pentsatu ere egin barik. Baina…

     Ordutik hona, gure Eleizeak berreskuratu ete dau gura izan dauan erdikotasuna: beste guztiek bera kontutan izan daiela? Ba, ez! Mundua abiadura handian joian sekularizazino autobidean, Eleizea gero eta bazterreratuagoa geratzen izan da, eta Kristori ezarri eutsoezan izenburua (erregea) eta ezaugarriak (ebanjeliotik hain urrun dagozan urrezko koroea eta harri bitxiz jositako esku-makilea) kalterako baino ez dira izan. Eta hemetxe gagoz orain Kristoren Erregetzea zelan ulertuko.

     Antxinako Israel herriak Jainkoa euken euren errege bakar lez. Baina inguruko herrietako erregeek zerbitzu handia egiten ebela eta herriari onura handiak ekartsozala ikusten ebenez (herri osoa bateratzeko, arerioei aurre egin behar izanten jakenean eta zuzenbidea gauzatu behar izaten zanean…), erregea eskatu eben. Eta, itxura baten, onerako izango zana, kalterako suertatu zan. Horregaitik eroan behar gaitu jazoera horrek hausnarketara eta otoitzea.

     Liturgiaren azken domeka honetan Kristoren erregetzea ospatzeak, urte guztia burutzen dogula esaten deusku lehenengo eta behin. Eta urtea zelan burutzen dogun hausnartzera eroan behar gaitu, Jesusen erregetzea zelangoa izan zan eta zelangoa dan aztertzera, eta ondorioak ataratera.

     Ebanjelioan zera entzun dogu: "Bai, zeuk dinozu: errege naz. Ni horretarakoxe naz etorria mundu honetara: egiaren autorle izateko". Jesusen erregetzak, ba, egiagaz dauka zer ikusia, ez ahalmenagaz, edo besteak menpean hartzeagaz, edo zerbitzari, ondasun eta aberastasun asko eukiteagaz… Eukitea barik izatea da Jesusen erregetza. Kendu paretik, Satanas, erantzun eutson "gurtzen banozu zeuri emongo deutsut guzti hau esaten eutson Deabruari". Eta Pilatok Jesus jendearen aurrera itxura bako atara ebanean "hona hemen Gizona" esanez («Ecce Homo»), itxura haretan agertzen zan Jesus goitik beherako eta oso-osoko gizona zan, burutik oinetarainokoa; egiazkoa.

     Bai, senideok. Jesus ezer bada, egiazko gizona da: peto-petoa. Horixe da bere handitasuna. Eta horixe berori gura dau bere ikasleontzat. Baina gu beste zeregin edo amets batzuetan gabizela emoten dogu: titulu bila, aginte eta influentzia bila… Galduta gabiz!

     Orain daukagun aita santuak beste era batera ulertzen dau Eleizea: aginte bakoa, ardatz lez pobreak daukazana, beste guztien —batez ere txikienen— zerbitzari dana… Jainkoaren erreinuaren autorle dana.

     Bai, senideok: Kristoren erregetzea holantxe ulertu behar da. Eta erreinu hori zelan gauzatzen dan? Gure bizitzan egiazkoak eta goitik beherakoak izanda, oso-osokoak, peto-petoak izanda: danei zabalik gagozanean, gure bizia emon egiten dogunean.

     Hau da urte guztian zehar egin doguna? Holan bada, autortu dogu Kristoren erregetza, eta ospatuko dogu egiaz eta osotasunean.

 

 

JESU KRISTO GURE JAUNA,
DIRAN GUZTIEN ERREGEA

 LAGUNGARRIAK

Sarrera-oharra

     Senideok, ondo etorri.

     Urtean zeharreko azken domeka honek hemengoa ez dan Kristoren erregetzea ospatzera egiten deusku dei. Guk uste ez dogun beste erregetza bat ospatzera egiten deusku dei; egiagaz loturik dagoan erregetzea ospatzera, goitik beherako, oso-osoko gizakia dan errege izatera deituak gara. Holangoxea izan zan Jesus, eta halangoxeak gura gaitu bere ikasleak; mundu honek ulertu ezina bada ere. Mundu honek ohorea, dirutza eta armak behar ditu erregetza ziurtatzeko. Jesusek bere bizia emotea dau nahikoa errege izateko. Egin daigun bat beragaz Eukaristia honetan.

Sarrerako abestia

KRISTO GURE ERREGE adora dagigun
zeru-lurren jabe autortu dagigun (bis).

—Fede bizi baten danok ernai
zureak gara gu: o Jesus, bai
Zureak gara gu: o Jesus, bai
ez beste jaberik, ez dogu nahi.

Agurra

     † Jainkoak bere seme-alaba gura gaitu, goitik-beherakoak, oso-osokoak, egiazkoak. Haren grazia eta bakea zuekin.

     —Eta zure espirituarekin.

Damu-otoitza

     Geure izantasunaren bila eta haren autorle izaten baino gehiago ez ete gara ibili ha ezkutatzen eta apaintzen, eta guzurrezko gizatasuna erakusten? Damutu gaitezan:

     —Jesus Jauna, Jainkoaren morroi lez danen zerbitzari izan zinana, erruki, Jauna.

     —Jesus Jauna, zeure izakeran Jainkoaren erregetza gauzatu zenduana, Kristo, erruki.

     —Jesus Jauna, egiazko erregetza bizi izan zenduana, erruki, Jauna.

 

1)  Dn 7, 13-14

     Jesusek bere buruaz dinon Gizonaren Semea izen burua nondik datorren ulertzen lagunduko deusku irakurgaik honek.

 

Erantzun salmoa (Sal 93)

     Abestu daigun salmo honen eskutik Jaunaren erregetza.

 

2)  Ap 1, 5-8

     Jaunaren erregetza zelangoa dan esango deusku Joanen ikuskari honek: Jainkoaren erregetza dakarrena.

 

3)  Jn 18, 33b-37

     Gozoa eta sakona Jesusen eta Pilatoren arteko alkarrizketea. Zeozer baino gehiago emoten deusku aditzera Joan ebanjelariak. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.

 

Eskariak

     † Jauntasunean, askatasunean, errege lez bizi izateko sortuazo gaituan Jainkoari zuzendu deioguzan eskariak, gure menpekerietatik atara gaizan:

     —Eleizearen alde: nagusikerien irrika guztietatik askatuta, gaurko gizakiaren eta munduaren zerbitzari izaten ahalegindu daiten, eskatzen deutsugu, Jauna.

     —Ahalmendunen eta agintedunen alde: behartsuenei begiratuz eratu daien eurei dagokien lurraldea, eskatzen deutsugu, Jauna.

     —Behartsuen alde: gure gizarte hau zuzentasun bidean jarriko dauan indar bihurtu daitezan, eskatzen deutsugu, Jauna.

     —Otoitzerako alkarturik gagozanok, Jainkoaren erreinuko langile lez, geure burua besteen zerbitzuan jarriz erakutsi ahal izan daigun gure nagusitasuna, eskatzen deutsugu, Jauna.

     † Jainko ahaltsu, errege bakar: irrikatu daigula egiarena eta zuzentasunarena dan zure erreinua, egian eta osotasunean bizi izanez. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

     —Amen.

 

Jaunartzerako

Zabal bihotzok errukirako,
sendo bihotzok borrokarako.

     —Gizon-emakume barri, kondairaren eragile
     gizatasun barriaren oinarri eta egile.
     Gizon-emakume barri arriskuen onartzaile,
     fede-bizitzan ausarta, zailtasunetan garaile.

     —Gizon-emakume barri, esperantzaren gudari,
     zuzenaren gose-egarri, egi bidean bidari.
     Gizon-emakume barri, ez kate ta ez lokarri,
     askatasunaren jabe eta askatasun-azkarri.

     —Gizon-emakume barri, mugaz-gaindiko maitale,
     alkar artean oretuz arraza eta lurralde.
     Gizon-emakume barri, pobreen artean pobre,
     hauekin alkarbanatuz etxeko ogi ta aterpe.

Azkenean

     Jesukristoren erregetzak begiak zabaldu deuskuz egiara, eta bihotza behartsuengana. Gure helburua oso-osokoak eta goitik-beherako gizon-emakumeak izatea dala jakinazo deusku. Bilatu daigula, ba, Jauna errege lez goratzean, gure bizitzaren erdian behartsuak jarten, Jainkoaren erreinua gauzatzeko egunez egun.

 

 

 

 

UZ-10-B

  URTEAN ZEHARREKO X. DOMEKA B urtean ( F. Marcos ) I. Irakurgaia Alkarren arerio egingo zaituet hi eta emakumea, hire eta haren on...