UZ16B

 


URTEAN ZEHARREKO XVI. DOMEKA

B urtean

(F. Marcos)

I. Irakurgaia

Neuk batuko ditut bizirik gelditutako neure ardiak
eta ondo zainduko dabezan artzainak sortuko deutsedaz.

Jeremias Profetaren liburutik

Jr 23, 1-6

    Hauxe dino Jaunak: «Zoritxarrekoak nire larreko artaldea sakabanatzen eta galtzen izten daben artzainak».
    Beraz, honan berba egiten deutse Jaunak, Israelen Jainkoak, herria gidatzen daben artzainei: «Zuek sakabanatu eta jaurti dozuez nire ardiak eta ez zarie hareetaz arduratu. Ba, kontuak eskatuko deutsuedaz zeuen jokabide txarragaitik –dino Jaunak–.
     Neuk batuko ditut bizirik gelditutako neure ardiak, sakabanatu nituan lurralde guztietatik; euren larreetara ekarriko ditut barriro, eta hazi eta ugaritu egingo dira. Ondo zainduko dabezan artzainak sortuko deutsedaz; ez dira inoiz bildurtuko, ez ikaratuko, eta ez da bat be galduko –dino Jaunak–».
    Hau dino Jaunak:

«Badatoz egunak,
eta egun horreetan legezko muskila sortuko deutsat Davidi.
Errege zentzundun lez gobernatuko dau
eta zuzenbidea eta justizia ezarriko dauz lurrean.
Haren egunetan Juda salbatuko da eta Israel seguru biziko.
Eta izen hau emongo deutsoe: "Jauna gure justizia"».

Jaunak esana.


Erantzun salmoa

Sal 23 [22], 1-3. 4. 5. 6 (R/. 1)


R/.
   Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean.

V/.   Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean;
larre gurietan etzunazoten nau,
ur-bazter nasaira eroaten
eta indarrak deustaz barritzen;
bide segurutik naroa,
bere izenari ohore eginez. R/.

V/.   Ibar baltz ilunean banabil be,
ez naz gatxaren bildur,
Zu nigaz bazagoz;
zure artzain-makilak nasaitzen nau. R/.

V/.   Mahaia atontzen deustazu
arerioen begi-bistan;
orioz igurzten deustazu burua,
gainezka dot edontzia. R/.

V/.   Zoriona eta maitasuna ditut lagun,
bizitzako egun guztietan,
eta Jaunaren etxean biziko naz
amaibako egunetan. R/.

 

II. Irakurgaia

Kristo da gure bakea.
Bat egin ditu berak herri biak.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik

Ef 2, 13-18

    Senideok: Orain, Kristo Jesusengan zagoze. Sasoi baten urrun zinienok, hurreratu egin zarie Kristoren heriotzari esker.
    Izan be, Kristo da gure bakea. Bat egin ditu berak herri biak, banatzen ebazan hesia, areriotza, deseginez. Bere gorputzean baliobakotu dau legea bere agindu eta arauekin, eta herri biekin beragan gizadi barri bakarra sortu dau, bakeak eginez. Herri biak Jainkoagaz adiskidetu ditu eta kurutzeko heriotzaren bidez gorputz bakar baten alkartu, hareen arteko areriotza beragan hondatuz.
    Bere etorreraz bakearen Barri Ona ekarri eban: bakea zuei, urrun zinienoi, eta bakea hurrean ziranei; izan be, bai batzuk eta bai besteok beraren bidez hurreratu gaitekez Aitagana, Espiritu berarengan alkarturik.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Jn 10, 27

R/.   Aleluia.

V/.   Nire ardiek entzuten dabe nire ahotsa, dino Jaunak;
        Nik ezagutzen ditut,
        eta hareek jarraitu egiten deuste. R/.

 

Ebanjelioa

Artzain bako ardiak lez ebiltzan.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 6, 30-34

    Aldi haretan, apostoluek, barriro Jesusengana batu ziranean, egin eta irakatsi eben guztiaren barri emon eutsoen. Jesusek esan eutsen: «Zatoze zeuok bakarrik leku bakarti batera, eta hartu atseden apur bat». Ze, asko ziran joan-etorrian ebiltzanak, eta ez eben jateko be astirik.
    Orduan, bazter batera joan ziran eurak bakarrik, txalupaz. Baina jente askok ikusi zituan alde egiten, eta nora joiazan igarri be bai, eta herri guztietatik leku haretara jo eben lasterka, oinez, hareei aurrea hartuz.
    Txalupatik urtetean, Jesusek jentetza handia ikusi eban. Errukitu egin jaken, ze, artzain bako ardiak lez ebiltzan, eta luzaro irakasten hasi jaken.

Jaunak esana.


UZ-10-B

  URTEAN ZEHARREKO X. DOMEKA B urtean ( F. Marcos ) I. Irakurgaia Alkarren arerio egingo zaituet hi eta emakumea, hire eta haren on...