Urtean Zeharreko XXVII. Domekea /B

Urtean Zeharreko XXVII. Domeka


B urtean

I. Irakurgaia

Eta biak bat izango dira.

Hasiera liburutik

Has 2, 18-24

    Jainko Jaunak esan eban: «Ez da on gizona bakarrik egotea; emon deiodan berari dagokion laguntza».

    Jainko Jaunak landako abere eta zeruko hegazti guztiak moldatu ebazan lurretik eta gizonari eroan eutsozan, zein izen emoten eutsen ikusteko; honan, bada, bizidun guztiek gizonak ezarritako izena daroe. Beraz, gizonak izena ezarri eutsen abere guztiei, zeruko hegazti guztiei eta piztia guztiei; baina ez eban aurkitu berari egokion laguntzarik.

    Orduan, Jainko Jaunak lozorroan murgilduarazo eban gizona. Loak hartu ebanean, saihets-hazur bat kendu eutson eta hutsunea haragiz bete. 

    Gizonari kendutako saihets-hazurraz emakumea moldatu eban Jainko Jaunak, eta gizonari eroan eutson. Honek esan eban:

«Hau bai dala nire hazurretik datorren hazur,
nire haragitik datorren haragi.
Emakume izango da deitua,
gizakumeagandik izan da-eta hartua».

    Horregaitik, gizasemeak bere aita-amak itziko ditu eta emazteagaz alkartuko da, eta biak bat izango dira.

Jaunak esana.



Erantzun salmoa

Sal 128 [127], 1-2. 3. 4-5. 6 (R/. ik. 5)



R/.
    Jaunak bedeinkatu gagizala         geure bizitzako egun guztietan.

 

V/.   Zorionekoa Jaunari begirune deutsona 

eta haren bideetan dabilena!

Zeure lanaren frututik dozu jango, 

               zoriontsu izango zara eta ondo jatzu joango. R/


V/.   Emaztea mahatsondo emonkorraren antzeko 

zure etxe barruan; 

seme-alabak olibondo-kimuen antzeko 

zure mahai inguruan. R/.


V/.   Hara zelan izango dan bedeinkatua 

Jaunari begirune deutsona! 

Bedeinkatu zagizala Jaunak Siondik, 

gozatu zaitezala Jerusalemen zorionaz 

zeure bizitzako egun guztietan. R/.


V/.   Ikusi dagizuzala zeure umeen umeak! 

Bakea Israeli! R/.



II. Irakurgaia

Santutzailea eta santu eginak,

guztiak jatorri batetik datoz.


Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 2, 9-11

   

    Senideok: Aingeruen pareko egina izan dan Jesus ha aintzaz eta 

ohorez koroatua ikusten dogu, jasan eban heriotzagaitik; izan be, 

Jainkoaren onginahiaz, guztien onerako jasan eban-eta heriotza.

    Jainkoak, gauza guztien sorburu eta helburu danak, seme-alaba asko 

aintzara eroan gura eban. Egoki zan, beraz, hareek salbazinora gidatuko 

ebazan burua, Jesus, oinazeen bidez bete-beteko egitea. Izan be, bai santu 

egiten dauan Jesusek, bai honek santu egiten dituanek, jatorri bera dabe 

danek. Horregaitik, Jainkoaren Semeari ez deutso lotsarik emoten honeei 

anai-arreba deitzeak.


Jaunak esana.



Aleluia

1 Jn 4, 12


R/.    Aleluia.


V/.    Alkar maite badogu,

    Jainkoa gugan dago, 

    eta haren maitasuna bere betera heldu da gugan. R/.


Ebanjelioa


    Ebanjelio hau era laburrean ik. honen ondoren.


Jainkoak bat egin dauana

ez begi gizakiak banatu.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 10, 2-16

    Aldi haretan, hurreratu jakozan fariseu batzuk Jesusi eta, ha zertan
harrapatuko, itaundu eutsoen: «Bidezko ete jako gizonari andrea 

iztea?» Harek erantzun eutsen: «Zer agindu eutsuen horren gainean
Moisesek?» Eta hareek: «Moisesek dibortzio-agiria idatzi eta emaztea 

izteko baimena emon euskun».

    Jesusek esan eutsen: «Zeuen burugogorkeriagaitik emon eutsuen 

Moisesek lege hori. Baina, munduaren hasieratik, Jainkoak gizonezko 

eta andrazko egin zituan; horregaitik, gizasemeak bere aita-amak itziko 

ditu eta emaztearekin alkartuko da, eta biak bat izango dira. Beraz,
aurrerantzean ez dira bi, bat baino. Holan, bada, Jainkoak bat egin dauana 

ez begi gizakiak banatu».

    Gero, etxean, arazo berberari buruz itaundu eutsoen ikasleek. Jesusek 

esan eutsen: «Bere emaztea itzi eta beste bategaz ezkontzen danak 

adulterioa egiten dau lehenengoaren kontra; eta bere senarra itzi eta beste
bategaz ezkontzen dan emazteak, adulterioa egiten dau era berean».

    Umeak eroan eutsoezan Jesusi, ikutu egizan; ikasleek, baina, hasarre 

egiten eutsien. Hori ikustean, hasarratu egin zan Jesus eta esan eutsen: 

«Itzi umeei Nigana etortzen, ez galarazo, ze, holakoena da Jainkoaren
erreinua. Benetan dinotsuet: Jainkoaren erreinua ume batek lez hartzen
ez dauana ez da ezelan be bertan sartuko».

    Eta, besarkatuz, bedeinkatu egiten zituan umeak, eskuak gainean
ezarriz.


Jaunak esana.




 

    Ebanjelioa era laburrean. 

Jainkoak bat egin dauana

ez begi gizakiak banatu.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 10, 2-12

    Aldi haretan, hurreratu jakozan fariseu batzuk Jesusi eta, ha zertan
harrapatuko, itaundu eutsoen: «Bidezko ete jako gizonari andrea iztea?»
Harek erantzun eutsen: «Zer agindu eutsuen horren gainean Moisesek?» 

Eta hareek: «Moisesek dibortzio-agiria idatzi eta emaztea izteko
baimena emon euskun».

    Jesusek esan eutsen: «Zeuen burugogorkeriagaitik emon eutsuen 

Moisesek lege hori. Baina, munduaren hasieratik, Jainkoak
gizonezko eta andrazko egin zituan; horregaitik, gizasemeak bere
aita-amak itziko ditu eta emaztearekin alkartuko da, eta biak bat izango
dira. Beraz, aurrerantzean ez dira bi, bat baino. Holan, bada, Jainkoak
bat egin dauana ez begi gizakiak banatu».

    Gero, etxean, arazo berberari buruz itaundu eutsoen ikasleek. Jesusek 

esan eutsen: «Bere emaztea itzi eta beste bategaz ezkontzen danak 

adulterioa egiten dau lehenengoaren kontra; eta bere senarra itzi
eta beste bategaz ezkontzen dan emazteak, adulterioa egiten dau era
berean».


Jaunak esana.


HOMILIA

Senideok: «zeruetako erreinua ume batek lez hartzen ez dauana ez da han sartuko» entzun dogu gaurko ebanjelio zatiaren azkenean.

Gauza sakonak mahairatzen dauz gaurkoan Jainkoaren Berbeak; eta ume bihotza behar da hareik Jesusen irakatsi lez norberetu ahal izateko. Ez, ba, geure geurekeriak eta arazo-egoerak eta interes partikularretatik urteteko gauza garan; bestela a la defensiva jarriko gara irakatsiotan.

Onartu daigun baita Hebertarrei egindako gutunean esan jakuna: Seme izan arren, Jesusek ere oinazeak (ez-jakinak, garapena, bazterkuntza e.a.) sufritu behar izan ebazan, geu lango bat dala agerian jarteko. Berezkoak doguz, ba, oinazeak, eta, garapenaz, heldutasunera bidean gagoz.

Mahairatzen jakuzan gaion inguruan alkarrizketea gatxa dala jakinik, ea ze argitasun aurkitu geiken gaurko irakurgaietan.

Zer esan gizon-emakumeon bardintasunaz eta maitasun alkarbizitzearen apurtu-ezinaz? Ezinezko alkarrizketea eta argitu-ezineko arazoak izango dira geure aurre-iritzietatik abiatzen bagara; bakotxak bere arazoan hartu dauan erabagia baieztea edo indartzea bilatzen badau…

Jesusen aldietan onartua egoan dibortzioa. Arazoa beste bat zan: ea ze egoera edo baldintzatan zan zilegi dibortzioa. HIllel maisu farisearraren ustetan, gizonaren gogoko ez zan edozergaitik apurtu eikean honek ezkontza eta kanporatu emaztea. Besteentzat arrazoi handiagoak ziran beharrezko.

Jesusentzat, ostera, dibortzioaren zilegitasunean sartu barik, onartu ezinekoa gizonaren eta emakumearen arteko bardintasunik eza zan. Hori argitzeko hasierara "Genesis" liburura joten dau.

Dana ona egin dauan Jainkoak, gizona ez dau —antza— oso ona egin; zeozer falta dau, izaki guztien artean ere aurkitzen ez dauana. Hau bere hazur-haragitik sortua izango da. Eta haregaitik beste edozer eta edonor (aita-amak) itziko ditu albo batera haregaz bat izateko.

Jesusek argi daukana zera da: Jainkoaren nahia. Honen bila dabilanak onartuko dau bere irakatsia, eta ezin izango dau onartu beste helbururen baten bila dabilanak.

Maitasunezko alkar bizitzan Jainkoaren alkartasuna eta maitasuna bilatzen dira? Hori da egunerokoan lantzen dana eta heldu-bidean ikusten dana?

Galderoi erantzuteko behar dogu ume izatea, zintzotasunez eta apaltasunez hurreratzea gai honetara; bestela, beste helburu batzuen atzetik ibiliz sortuazo doguzan arazoei geure atseginezko urtenbideak bilatzeari ekingo deutsagu.

Eta ez da hori Jainkoaren nahia; maitasunak apurtu ezineko batasuna emon deigula baino.



 


URTEAN ZEHARREKO XXVII. DOMEKEA /B


HITZALDIA

Senideok: Jainkoaren berbara hurreratzeko era asko dagozala-eta, ea orain
arteko lez barik beste era batera hurreratu geintekezan, gure aldiotan gauzak asko
aldatu diralako, eta gu geu re bai. gaur gitxirengan aurkitu geike kondenazinoaren
bildurrik, edo bere arimea salbatzearen beharrizanik ere. Horrexegaitik, behar
bada, ez geuke hurreratu behar izango ez kondenazinoa saihesteko ez arimea
salbatzeko asmotan, guzti hori Jainkoaren esku dagoalako.

Guar, ostera, Jainkoaren berbeak ea zer argitu leigun bilatu geike, kontuan
izanik azken domekotan Jesusek bere ikasle eta jarraitzaileei
irakasten diharduala,
eta baita, beste batzuk ez dabela Jesusen irakaspenik behar, badaukelako Moisesen
irakaspena, euren erara ulertua bada ere.

Hurreratu gaitezan, ba, gaur eskeintzen jakun Jainkoaren berbara apaltasunez
eta ikasteko asmoz, ez harengandik babesteko asmotan,
eskatzen jakuna gatxegi
egiten jakula-eta
. Hauxe da Jesusek farisearrei aurpegiratzen deutsena: zeuon
burugogorkeriagaitik emon eutsuen Moisesek lege hori. Baina hasieran ez zan
holan

Eta beste era batera, apaltasunez, hurreraturik, hauxe aurkitu geike.

Gu, gizon-emakumeok, gizarterako eginak izan gara; alkarrentzako, eta ez
bakardaderako. Sortuazotako egintzak
ondo egozala ziurtatu ondoren, gizonagaitik
ez dagoala ondo bakarrik egotea dino Jainkoak.

Baieztapen horrek, berez ere, beste barik, hainbeste gauza irakatsi leiguz,
lehendik uste genduzan gauza asko pikutara bota beharra izateraino. Ez dakigula
jazo farisearrena: lehengoari, ohiturei, tradizinoari, Legeari lotu-loturik bizi dira,
salbamena hortxe jokatuko balitz lez; Jainkoak horixe eskatuko baleusku lez:
Legea bete daigula.

Ba, ez! Lehenengo Irakurgaitik hauxe dakigu: ez naitela bakarrik egon; onura
izan naitela bestearentzat, eta beste horrek neure burua opari bihurtzeraino eroan
naiala. Ez ete da hauxe Jesusengan aurkitzen doguna? Harek ez eban bbilatzen
bere
arima salbatzea, behartsuengana hurreratzea baino; pekatariei salbamen
mezua iragartea baino; emakumea bere duintasunean jartea baino; ume, eredutzat
hartuz, besarkatzea eta haregaz bat egitea baino…

Beste era bateko begirada honek esanguratsua bihurtzen dau gizon-emakumeen
arteko hartu-emonak, ezkontzarentzat aparteko leku duina aurkitzeraino. Jesusen
jarrera hori ez dabe onartuko, eta ulertuko ere ez, ez farisearrek ez-eta bere
ikasleek ere…ordura arteko ikuspegitik ulertu gura dabelako.

Hauxe autortu daigun: danaren sakonean, hondo-hondoan, Jainkoa aurkitzen
dala. Harek inguru zoragarria prestatu deutse gizon-emakumeei; baina, guzti hori
ederra izan arren, ez da gizakiaren asegarri. Beste gizaki bat izango da zoriontsu
eta osoa egingo dauana; bere burua haren alde opari bihurtuz aurkituko dau
zoriona, asebetea.

Ezkontza, ba, ez da izango kontratu hutsa, une baten apurtu daitekena.
Ezkontzan Jainkoaren nahia gauzatuko dabe alkar maite daben gizon-emakumeek.
Eta horixe adierazoteko hurreratuko dira gizon-emakumeak ezkontzara.

Asko landu behar izango da oraindino ze berezitasun dauan ezkontza
sakramentuak gaur egungo egoera eta uste barri askoren artean. Baina hortxe dago
Jesusen jarrerea: haren aurreango bardintasuna eta Jainkoaren nahia.

 

URTEAN ZEHARREKO XXVII. DOMEKEA  /B

LAGUNGARRIAK


Sarrera-oharra

    Ondo etorri, senideok, 27. (hogeta zazpigarren) domeka honetako liturgia
ospatzera. Maisu lez jarraitzen dau Jesusek. Ikasteko asmotan bagagoz, gure
eguneroko bizitzan gauzaren batzuk aldatzeko prest egon behar izango dogu. Esate
baterako: sufritzea ez da ezelango meritu edo irabazbide Jainkoaren aurrean. Baina
bai gura dauala harek senide makalaren edo behartsuaren ondoan egon gaitezala.
Horregaitik, ez gaitu bakarrean ibilteko egin, alkarrentzat izan gaitezan baino.
Ospatu daigun.


Sarrerako abestia

ZU GABE, JESUS, NORA joango gara gu?

Zuk betiko bizitzako hitzak, Jauna, dituzu.


1 Zu gure maisu zaitugu, zu gure gidari

zure hitza guretzat indar eta argi.


2 Maitasunezkoa dogu, Jauna, zure hitza

Zu zaitugu egia, bidea, bizia!


Abadearen agurra

    † Alkarrentzat egin gaituan Jainkoaren grazia eta bakea zuekin.

    —Eta zure espirituarekin.


Damu-otoitza

    Norberak dana ezin daualako, besteak menpean hartu gura izaten dogu, morroi-
mirabe. Alkarren zerbitzurako egin gaituan Jainkoaren errukira abiatu gaitezan:

    —Jesus Jauna, lege eta arau guztien gainetik Aitaren nahia bilatzen zenduana,
erruki, Jauna.

    —Jesus Jauna, zure  bizitzako ardatz, behartsua zenduana, Kristo erruki.

    —Jesus Jauna, zure jarraitzaileak euren bizitza besteen alde emotera bialtzen
dozuzana,
erruki, Jauna.


Has 2, 18-24

    Pasarte hau entzutean, ez gaitezan azalean geratu. Aurkitu daigun han,
duintasunean bardinak izanik, alkarrentzako izatea dala gure zoron bidea.


Erantzun salmoa  (PS 127)

    Ikasi daigun Jainkoaren bedeinkapena aurkitzen gure eguneroko lanen gain,
salmo honegaz otoitz eginez.


R/.    Jaunak bedeinkatu gagizala

    geure bizitzako egun guztietan.



Heb 2, 9-11

    Jesus Jaunaren handitasuna eta aintza ez datoz gero hainbeste sufritu izatetik,
Aitaren nahia beteteari uko ez egitetik baino, jasanbeharrak jasan.


Mk 10, 2-16

    Zer bilatzen ete dogu gure hartu-emonetan eta gure erabagietan: geure atsegin
hutsa ala Jainkoaren nahiaren sakramentu izatea? Bilatu daigun hau, ebanjelioari
harrerea Aleluia abestuz eginda.


ESKARIAK  (Herri otoitza)

† Zorionerako egin gaituan Jainkoak ez deuskuz saihestuazoten atsekabeak,
geure lana da norberak saihestea eta besteei saihesten laguntzea; jo daigun
otoitzera.

—Eleizearen alde: pekatarien eta bakartien babes eta sendi izan daiten,
eurengan agertzeko Jainkoaren hurtasuna eta errukia,
egin daigun otoitz.

—Arazo artean bizi diran sendi (edo famili)en alde: aurkitu daien
alkarrizketarako eta otoitzerako unea, Jainkoaren laguntza somau ahal izan daien,
egin daigun otoitz.

—Gizartearen bazterkuntza sufritu eta han lekurik aurkitze ez dabenen alde:
besteon bihotza samurtasunera eta errukira eroango dauan indar izan daitezan,
egin
daigun otoitz
.

—Otoitzerako alkartu garanok alkartasunaren onurea bilatu daigun,
alkarrengandik aldenduazoten gaituen txikikeriak baztertuz Jesus eredu dogula,
egin daigun otoitz.

† Desbardinak egin gaituzun, eta alkartasunean gura gaituzun Jainko maitale
eta errukitsua: aurkitu daigula gure barruan erein dozuzan errukia eta maitasuna
etxe eta gizarte alkartuak eregiteko gauza izan gaitezan. Jesu Kristo gure Jaunaren
bitartez.

—Amen.


Jaunartzean


Maisu ogi bizi, gure lagun,

Jesus gure bihotz barruan,

berarekin guk egin dezagun,

orain otoitz eta gero lan.


1 Gure Maisu on eta argia, zu zaitugu gure egia;

zure hitzez ta zurekin, Jesus, egin dugu oparia.


2 Zure gorputza eta odola: janari ta edaria;

zu zaitugu, Jesus, gure lagun, adore eta bizia



AZKENEAN

Aniztasuna eta desbardina errespetatzea aitatzen dauan gizarte honetan zenbat
eraso andrazkoari edo desbardina danari! Jainkoak alkarrentzat egin gaitula ospatu
dogunok badaukagu zer eginik: errespetuaren eta alkartasunaren bultzatzaile
izatea. Izan daigula Jesusen Espirituaren eragina.

 

 

 

UZ-10-B

  URTEAN ZEHARREKO X. DOMEKA B urtean ( F. Marcos ) I. Irakurgaia Alkarren arerio egingo zaituet hi eta emakumea, hire eta haren on...