Urtean Zeharreko XXXIII. Domekea /B


B urtean

 (Fray MARCOS)

I. Irakurgaia

Aldi haretan salbatuko da zure herria.

Danielen Profezia liburutik

Dn 12, 1-3

     Sasoi haretan, aingeruen buruzagia eta zure herriaren zaindaria dan Mikael agertuko da. Larrialdi-sasoia izango da, herriak izaten hasi ziranetik bardinik bakoa. Baina aldi haretan salbatuko da zure herria, biziaren liburuan euren izena idatzi daben guztiak, hain zuzen be.

     Itzartu egingo da hilobietan lo dagoan asko: batzuk betiko bizitzarako, besteak betiko lotsarako. Ortziaren distiraz distiratuko dabe jakintsuek, eta besteei bide zuzenean ibiltzen irakatsi deutsienek izarrek lez betieran.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 16 [15], 5 eta 8. 9-10. 11 (R/. 1)

R/.   Zaindu nagizu, Jauna,
        babes bila nator-eta Zugana.

 V/.   Jauna, Zu zaitut neure ondarea, neure edontzia,
        zeure esku dago nire zoria.
        Begi aurrean dot Jauna eten barik;
        ha eskuman dodala, ez naiteke dardaratu. R/.

V/.   Horregaitik, alai dot bihotza, pozik erraiak,
        atsedenean nasai gorputza.
        Ez dozu-eta nire bizia Herio-lezara jaurtiko,
        ezta be zeure fededuna hilobian galtzen itziko. R/.

V/.   Bizirako bidea erakutsiko deustazu;
        alaitasunez beteko nozu zeure aurrean,
        zorionez betiko zeure ondoan. R/.

 

II. Irakurgaia

Opari bakar baten bidez,
euren betera eroan ditu
Jainkoarentzat behin betiko sagaratuak diranak.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 10, 11-14. 18

     Senideok: Abadeak egunero dihardu bere kultu-zerbitzuan, pekatua ezelan be kendu ezin daben opari berberak behin eta barriro eskeintzen. Kristo, ostera, pekatuakaitik opari bat bakarra eskeini ondoren, Jainkoaren eskumaldean jesarri zan behin betiko. Eta, orain, Jainkoak arerioak oin-aulkitzat noiz jarriko deutsozan itxaroten dago. Izan be, opari bakar baten bidez euren betera eroan ditu Jainkoarentzat behin betiko sagaratuak diranak.
     Holan bada, pekatuak parkaturik dagozanean, ez dago pekatuen parkamenerako opari beharrik.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Lk 21, 36

 R/. Aleluia.

V/. Egon erne eta egin otoitz une oro,
     zutunik egon ahal zaitezen Gizonaren Semearen aurrean. R/.

 

Ebanjelioa

Gizonaren Semeak
lau haizeetatik batuko ditu bere aukeratuak.

 

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 13, 24-32

     Aldi haretan, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Egun hareetan, larrialdi handiaren ostean, eguzkia ilundu egingo da, iretargiak ez dau argirik emongo, izarrak zerutik jausten hasiko dira eta ortziak dar-dar egingo dau. Orduan, Gizonaren Semea ikusiko dabe hodei artean ahalmenez eta aintzaz beterik etortzen; aingeruak bialduko ditu eta bere aukeratuak batuko lau haizeetatik, lur-muga batetik besteraino.
     Ikasi ikondoaren irudi honetatik: kimua barritzen eta orria zabaltzen jakoneko, badakizue uda hurrean dana. Era berean, gauza horreek gertatzen ikusikeran, jakizue hurrean dala, ateetan, Gizonaren Semea. Benetan dinotsuet: Gizaldi honetakoak hil baino lehenago gertatuko dira gauza honeek guztiok. Zeru-lurrak igaroko dira, baina nire berbak ez dira bete barik igaroko. Zein egun eta ordutan gertatuko dan, ostera, ez daki inork, ez zeruko aingeruek, ez Semeak, Aitak baino».

Jaunak esana.

 

HITZALDIA

     Senideok, liturgia urtearen azken aurreko domekan gagoz; datorren domekan amaituko dogu urtea Kristoren Erregetzea ospatuz. gaurko Liturgiak, ba, "azkenera", "behin-betiko"ra begira jarri gaitu, eta, behar bada, bildur apur bat ere sartu deusku. Baina, izan gogoan: bildurra sartzen badau ez da egiazko Jainkoa; eta, bildurrez erantzuten badogu, ez gagoz benetako sinismenean.

     Zer sanik ere ez Jesusek ez deuskula Jainko bildur emoilerik saldu, beragazko konfiantzara deitzen gaituana baino. Hortixik dakigu entzun doguzan testuak ez doguzala ondo ulertu, bildurgarri egiten izan jakuzalako. Jesusen aldietan bildurra erabilten izan da hezteko orduan; eta geu ere halantxe izan gara heziak. Eta bildurra uxatu dogunean haregaz batera galdu doguz hari loturik egozan onurak edo baloreak.

     Jainko sortzaileak mundua egin ebanean —berba egiteko era bat da hau— ikusi eban on-onak zirala egindako guztiak. Ez dau, ba, ezer barriztatu beharrik txarto urten deutsolako-edo. Geu gara bidegabekeriaz txarto erabilten doguzanak. Horri galgea jartearren, Jainkoaren zigorra jasoko dogula esaten dogu. Baina Jainkoak, ontasuna, maitasuna eta zuzentasuna bera izanik, ezin dau zigortu; zigorra egoereak berak edo izakiak berak dakar, eta baita onurea ere; geure erabilkereak emongo deusku poza edo atsekabea, ez bildurra sartzen dauan Jainkoak.

     Geure norkeriak, zuzengabekeriak eta larregikeriak, eta senideenganako begiramenik ezak, eroaten gaitu, ba, eta ez Jainkoaren zigorrak, jentea goseak hilten iztera, edo hareen ondasunak-eta lapurtzera, edo gerrak eta iskanbilak sortzera, edo gure ludi hau zigortzera… Eta gure zuzengabekerian bertan aurkitzen dogu atsekabea: alkarren bildurrean bizi gara, izadiaren hondamendia ikusten gagoz, gure ondorengoak gu baino txarrago bizi izango dirala dinogu, eginbeharrekoa egiten ez dogulako.

     Frantzisko aita santuak Pobreziaren arazoa Eleizearen arazo lez eskuratu gura izan dau, eta pobrezian dagozanekin bat egitera eta alkartasunean jokatzera dei eginez, aurten 5. jardunaldian dihardugu. Honegaz ez dogu, Jainkoak ondo egina guk txarto dagoala ikusten badogu, gure aldetik dagoana jarriz, argi izpitxo bat bizten dogula ikusi baino besterik. Gure ahaleginak, eta lurralde pobreagazko alkartasunak ez dau pobreziaren arazoa konponduko. Konpontzea ez da gure eginbeharra, Jainkoak gure esku itzi (laga) dauan guztia eskertzea, zuzentasunez banantzea eta behartsuaren laguntza izatea baino.. Pobreak beti izango dozuez zeuen artean —inoan Jesusek. Eurengan entzuten dogu alkartasunerako deia. Eta dei horri etrantzutean aurkituko dogu zoriona; eta ez egun baten, beste leku baten. Ondo ulertu daigun Jainkoa ez dala gerokoa edo lehengoa edo leku batekoa, Jainkoa baino. Eta holan jokatzen dogunean, Jainkoaren pozean eta bakean gagoz.

     Pobreziari aurre egiteko, ba,, egoera horretan dagozanekin alkartasuna erakutsi daigun, lurraldea errespetuz erabiliz, besteen ondasunak errespetatuz, eta norbere aberastasunak partekatuz.

 

URTEAN ZEHARREKO XXXIII. DOMEKEA /B
Pobreziaren aurkako mundu mailako ... jardunaldia

LAGUNGARRIAK

 (.PPS)

Sarrera-oharra

     Ondo etorri, senideok, urtean zeharreko 33. domeka honetako liturgia ospatzera. Pobrezia dogu erdi-erdian, eta pobreak. Aspaldi entzuten eta abesten gendun «Eleiza pobrea, danontzat hobea». Baina irudimenean Eleizea handikiekin eta aberatsekin ikusten genduan lerrotua.

     Frantzisko aita santuak domeka bat eratu dau pobrezia eta pobreak ahaztu ez dakiguzan: Kristoren Erregetza ospatu aurreko domekea.

     Egin daigun bat Frantziskoren asmoekin eta amestu daigun bere altzoan, erdigunean, pobreak dituan Eleizea, horretarako otoitz eginez eta Hitzaren esanetara jarriz.

Sarrera abestia

Lurreko pobreenak, larri ta oihuka:
haien negar-samina Jaunaren ohotsa
.

Jaunak sortu baditu ura eta pertsonak
berarentzat guztiok bagara bardinak:
zelan anaiak deitu pobreei lotsa gabe
geure erruz gosez ta egarriz badaude?

 Agurra

     † Txikiena, pobreena, baztertuena eta ezereztuak izan diranena dan Jauna izan bedi zuekin.

     —Eta zure espirituarekin.

 Damu-otoitza

     Nahiago izaten dogu danerik eukita zeozertxo emotea pobreentzako edo Caritaserako. Baina Jaunak pobrekaz bat egin eban, pobrezian bizi izanez. Haren errukiak suspertu gaizala:

     —Jesus Jauna, neurritsu eta pobrezian bizi izan zinana, erruki, Jauna.
     —Jesus Jauna, ondasunetatik aske nahi gaituzuna, Kristo, erruki.
     —Jesus Jauna, Pobreak beti izango doguzala ondoan esan deuskuzuna, erruki, Jauna.

 

1)  Dn 12, 1-3

     Azken domekarantza abiatzean, irakurgaiek ere azkena zelan izango dan argitu gura deuskue. Ez da  bildurpean hartzeko, ontasunak eta Jainkoaren argitasunak garaile urten behar dabela-eta, holan bizi izatera bultzatzeko baino.

 Erantzun salmoa

     Larrialdian eta etsipen-arriskuan dagoanak badauka nora jo laguntza eske eta argitasun bila. Horixe aurkituko dogu salmo honetan. Pobrezian dagozanak gogoan hartuz otoiztu daigun.

2)  Heb 10, 11-14.18

     Kristoren abadetzan sakonduz, Hebertarrei egindako karta honetan eredu jarten jaku Jesus, abade nagusia, Jainkoaren eskeintza lez bizi izatera gonbidatuz.

 

3)  Mk 13, 24-32

     Jesusek ere aintzat hartzen dau orduko apokaliptikoen hizkerea, baina itxaropen kutsua emonik, Jainko maitalea iragarten daualako, ez bildur-emoilea. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.

 

Homilia ondoren

Aita Santuak mezua dakar,
aurten bosgarren urtean,
Jesusen berbak barriro ere
guregana ekartean:
ez ahaztu modan ez egon arren
pobrezia gizartean,
“behartsu eta pobreak beti
izango zuen artean”.

Zabal begiak eta bihotza,
luza esku, sakel, zango,
senide dogu pobrea, bardin
hemengo edota hango,
ez zaitez izan kristau epela
fededun halan-holango,
“behartsu eta pobreak beti
zuen artean izango”.

Jesusen berbak ezin mantendu
sakristian hor gordeak,
pobre eguna ozen zabaldu
kanpai ta kanpandorreak,
mundu osoan jo neke barik
alkartasun dei nobleak
“beti izango zuen artean
behartsu eta pobreak”.

Batzuk larregi, oso eroso
bizi garan bitartean,
han eta hemen, lagun larregi
minimotik apartean,
berbaz, egitez, ekin dagigun
herri eta alkartean
“behartsu eta pobreak beti
izango zuen artean”.

 

Eskariak

     † Ondasun guztien iturburu dogun Jainkoari zuzenduko deutsaguz eskariak pobreziaren zati handi bat geure arduragabekeriak eta gehiegikeriak eragiten dauala autortuz, eta pobreekaz alkartasuna aginduz:

     —Eleiza amaren alde: pobreak erdiko eta ardatz izatearen ametsean etsi ez daian, eta bere seme-alaba guztiak ahalegin horretara bultzatu daizan, eskatzen deutsugu, Jauna.

     —Pobreen eta bazterreratu eta gitxituen alde: bildur eta konplexu barik jo daien Eleizako atea, eta, han sartzean, berotasuna, senidetasuna eta euren lekua aurkitu daien, eskatzen deutsugu, Jauna.

     —Herri agintariek euren lege, arau eta egitasmoetan gizarteko pobreak izan daiezan gogokoen, hareen aldeko solidaritatera gizarte osoa deituz, eskatzen deutsugu, Jauna.

     —Otoitzerako alkartu garanok , pobreekin alkartasuna erakusteko, bizitza neurritsua izan daigun, ezer ez daigun alperrik galdu, eta, Izadi osoa errespetuz erabiliz, gehiegikeriak saihestu daiguzan, eskatzen deutsugu, Jauna.    

     † Ondasunak seme-alaba guztientzako izan daitezala gura dozun Jainko bizi-emoilea, egizu larregikeria guztiak saihestuz, pobreentzako lekua izan daigula gure bihotzaren erdian. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

     —Amen.

Jaunartzean

Jende asko negarrez: horrek nauka minez.

—Etxe gabe, goseak hilten, pozik gabe bizia galtzen.

—Bizia maite baina ezin, jakitea baina norekin.

—Jainko seme-alabak dira ta gu anaiak ote gara?

 Amaieran

     Azkenera begira jarri gaitu gaurko Liturgiak; baina ez bildurraren podazuz (poderioz), bakotxa bere buruaren salbazinoaz arduratu daiten, horretarako "gauza onak" egiten eta "txarrak saihesten" ahalegindu gaitezan, Jainkoagan uste ona jarriz, haren ondasunen banantzaile zuzenak izateko baino. Horrela, pobrezia ezabatu eta zoriontsuagoak izan gaitezan. Biztu daigula uste ona eta itxaropena aste honetan zehar, otoitzaren eta limosnaren bidez.

 Abestia

"Batzarretik bizitzara
Jauna agertzera, etxe eta kalera"

—Badakigu gatxa dana: emon, Jauna, laguntasuna.

—Esker ona, Jauna, zuri, gure Maisu eta Zaindari.

 

 

 

 

 

UZ-10-B

  URTEAN ZEHARREKO X. DOMEKA B urtean ( F. Marcos ) I. Irakurgaia Alkarren arerio egingo zaituet hi eta emakumea, hire eta haren on...