UZ17B


URTEAN ZEHARREKO XVII. DOMEKA

B urtean

(F. Marcos)

I. Irakurgaia

Jango dabe, eta hondakinak geldituko dira.

Erregeak bigarren liburutik

2 Erg 4, 42-44

    Egun hareetan, Baal-Xalixako gizon bat etorri zan, Eliseori, Jainkoaren gizonari, lehen-frutuak ekarriz: hogei garagar-opil eta gari barria bere zorroan. Eliseok esan eban: «Emon jenteari, jan dagian». Morroiak erantzun eutson: «Zer da hau, ostera, ehun gizonentzat».
    Baina Eliseok barriro: «Emon jenteari, jan dagian, hau dino-eta Jaunak: "Jango dabe, eta hondakinak geldituko dira"». Banatu eban, beraz, morroiak ogia jentearen artean, jan eben eta hondakinak gelditu ziran, Jaunak esan eban lez.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 145 [144], 10-11. 15-16. 17-18 (R/. ik. 16)


R/.
   Zabaltzen dozu eskua, Jauna,
        eta asea emoten deuskuzu.

V/.   Goratu zagiezala, Jauna, zeure sorkari guztiek,
bedeinkatu zeure fededunek;
aitatu begie zure erregetza ospetsua,
berba egin begie zure ahalmenaz. R/.

V/.   Zuri begira dagoz danak zain,
eta Zuk emoten deutsezu jaten euren sasoian;
zabaltzen dozu eskua,
eta bizidun guztiak onginahiz dozuz asetzen. R/.

V/.   Zintzoa da Jauna bere bide guztietan,
leiala egintza guztietan.
Hurrean dago Jauna dei egiten deutsoenengandik,
benetan dei egiten deutsoen guztiengandik. R/.

 

II. Irakurgaia

Bat bakarra da gorputza, bat bakarra Jauna,
bat bakarra sinismena, bat bakarra Bateoa.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik

Ef 4, 1-6

    Senideok: Nik, Jaunagaitik preso nagoan honek, eskatzen deutsuet, bizi zaitezela hartu dozuen bokazinoari dagokionez. Izan beti apal, otzan eta jasankor, alkar maitekiro eroanez. Ahalegindu zaiteze Espirituak sortzen dauan batasunari eusten, bakearen lokarriz.
    Bat bakarra da gorputza eta bat bakarra Espiritua, Jainkoak egin deutsuen deiari dagokion itxaropena be bat bakarra dan lez. Bat bakarra Jauna, bat bakarra sinismena, bat bakarra Bateoa; bat bakarra guztien Jainkoa eta Aita, guztien gainetik dagoana, guztien bidez diharduana eta guztiengan bizi dana.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Lk 7, 16

R/.   Aleluia.

V/.   Profeta handia sortu da gure artean,
        eta Jainkoa bere herria salbatzera etorri da. R/.

 

Ebanjelioa

Jesarritakoen artean banatu ebazan ogiak,
nahi adina.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 6, 1-15

    Aldi haretan, Galilea edo Tiberiadesko itsasoaz beste aldera joan zan Jesus. Jentetza handia joiakon ondorik, ze, ikusten eben zelako ezaugarriak egiten zituan gaixoengan.
    Jesus, orduan, mendira igon eta bertan jesarri zan ikasleekin. Hurrean zan Pazkoa, judeguen jai nagusia. Jesusek, jente asko etorkiola ikusirik, esan eutson Feliperi: «Non erosiko dogu ogia honeei jaten emoteko? (Zirikatzeko esan eutson hori, ze, ondo ekian zer egin behar eban). Felipek erantzun eutson: «Berrehun denarioren ogia ez litzateke nahiko izango, bakotxak zati bat izateko».
    Ikasleetariko batek, Simon Pedroren anaia Andresek, esan eutson: «Bada hemen bost garagar-ogi eta arrain bi dituan mutiko bat; baina zer da hori horrenbesterentzat?» Jesusek jentea jesarriazotzeko agindu eutsen ikasleei.
Bedar ederra zan leku haretan eta danak jesarri ziran. Bosten bat mila gizonezko ziran.
    Jesusek ogiak hartu eta, esker oneko otoitza esan ostean, jarritakoen artean banatu zituan, eta bardin arrainak be, nahi beste. Ase ziranean, Jesusek esan eutsen ikasleei: «Batu egizuez geratu diran zatiak, ezer galdu ez dadin». Batu zituen, bada, eta hamabi otzara bete ebezan bost garagar-ogietatik jan ebenek itzitako hondakinez.
    Jenteak, orduan, Jesusek egindako ezaugarria ikusirik, zera inoan: «Hauxe da, benetan, mundura etortzekoa zan profeta». Jesusek, ostera, errege egiteko, indarrez eroan gura ebela oharturik, mendira alde egin eban barriro, berak bakarrik.

Jaunak esana.


UZ-10-B

  URTEAN ZEHARREKO X. DOMEKA B urtean ( F. Marcos ) I. Irakurgaia Alkarren arerio egingo zaituet hi eta emakumea, hire eta haren on...