URTEAN ZEHAR III /B

 

UrteanZeharreko III. Domeka

 

B urtean

                                                    

I. Irakurgaia                                                  Ninibetarrak euren bide okerretik bihurtu.

 

Jonasen Profezia liburutik                                                                    Jon 3, 1-5. 10

 

Jaunak Jonasi hitz egin eta esan eutson: «Ea, zoaz Ninibe uri handira, eta iragarri egizu han Nik emoten deutsudan mezua».

     Ninibera joan zan Jonas, Jaunak agindu eutson lez. Ninibe uri ikaragarri handia zan; hiru eguneko bidea eban alderik alde. Sartu zan Jonas urian eta egun bateko bidea egin eban, mezu hau iragarriz: «Berrogei egunen buruan, Ninibe hondatua izango da».

     Sinistu eutsoen ninivitarrek Jainkoari eta barau-deia zabaldu eben eta danak, handi eta txiki, dolu-jantziz estaldu ziran.

     Ikusi eban Jainkoak ninivitarrek egin ebena eta euren bide okerretik bihurtu zirala, eta damutu egin zan hareei egindako amenazuaz, eta ez eban bete.

 

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa                                              Sal 25 [24], 4-5b. 6 eta 7cd. 8-9 (R/. ik. 4a)

 

R/.   Erakutsi niri, Jauna, zeure bideak.

 

V/.   Azaldu niri, Jauna, zeure bideak,

erakutsi zeure bidezidorrak.

Gidatu nagizu zeure leialtasunean, eta irakatsi,

Zeu zara-eta nire Jainko salbatzailea. R/.

 

V/.   Izan gogoan, Jauna, zeure errukia eta maitasuna,

betidanikoak dira-eta.

Gogoratu nitaz zeure maitasunean,

zeure ontasunari dagokionez, Jauna. R/.

 

V/.   Ona eta zuzena da Jauna,

bidea erakusten deutse pekatariei.

Apalak zuzenbidez daroaz,

bere bidea erakusten deutse apalei. R/.

 

II. Irakurgaia                                                                                    1 Ko 7, 29-31

 

Mundu hau, oraingo bere itxuran, desagertzeko zorian dago.

 

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik

 

Senideok: Epea laburtu egin dala dinotsuet. Beraz, gelditzen jakun denporan, ezkonduak bizi beitez ezkondurik ez balegoz lez; negar dagienak, negar egingo ez balebe lez; pozik dagozanak, pozik ez balegoz lez; erosten dabenak, ezer ez balebe lez, eta mundu honetako gauzez baliatzen diranak, baliatuko ez balira lez; izan be, mundu hau, oraingo bere itxuran, desagertzeko zorian dago.

 

Jaunak esana.

              

Aleluia                                                                                                         Mk 1, 15

 

R/.   Aleluia.

 

V/.   Hurrean da Jainkoaren erregetza, dino Jaunak:

        bihotz-barritu zaiteze eta sinistu Barri Ona. R/.

 

 

Ebanjelioa                                                    Bihotz-barritu zaiteze eta sinistu Barri Ona.

 

 Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik                        Mk 1, 14-20

 

Joan Bateatzailea kartzelan sartu ebenean, Jesus Galileara joan zan eta Jainkoaren Barri Ona iragartzen eban. Holantxe inoan: «Bete da epea, eta hurrean da Jainkoaren erregetza. Bihotz-barritu zaiteze eta sinistu Barri Ona».

     Jesusek, Galileako itsasbazterretik igarotzean, Simon eta honen anaia Andres ikusi zituan sareak uretara botatzen, ze arrantzaleak ziran. Jesusek esan eutsen: «Zatoze Neugaz, eta giza arrantzale egingo zaituet». Hareek behingoan sareak itzi eta jarraitu egin eutsoen.

     Aurrerago, Santiago eta honen anaia Joan, Zebedeoren semeak, ikusi zituan; sareak konpontzen ziharduen euren ontzian. Ikusi baizen laster, dei egin eutsen Jesusek. Hareek, euren aita Zebedeo morroiakaz ontzian itzirik, Jesusen ondorik joan ziran.

 

Jaunak esana.

 

URTEANZEHARREKO III. DOMEKEA /B

HITZALDIA

 

        Senideok: Urtean Zeharreko III. domeka honetan gauza asko eskatzen jakuz: Jainkoaren berbea aintzat hartu daigula; misio lurraldetako umeak gogoan izan daiguzala; eta Liturgiak berak, bihozbarritzea gogoan hartzea eskatzen deusku.

        Argigarria dogu Markosek bere ebanjelioaren hasieran dinoskuna. Alde batetik, Joan Bateatzailea kartzelaratzen dabenean agertzen dala Jesus Galilean erreinuaren iragarpena egiten. Eta bestetik, haren lehenengo berbak: bete da epea… Bihozbarritu zaiteze eta sinistu Barri Ona.

        Markosen ustez, ba, Jesusek Batzeatzailearen iragarpenari jarraipena emoten deutso, orduko erakundeetatik kanpo: iragarpena ez dau Tenpluan edo Jerusalemen egingo, jentilen herrialdean baino: Galilean. Haren iragarpenak ez daukala Tenpluagaz, sakratu inguruagaz, zer ikusirik, dinosku. Eta baita beste hauxe ere: bihozbarritze bidea, Ebanjelioa, Barri Ona sinistea dala.

        Zelan ulertu behar dogu Barri Ona siniste hori? Ez da Burutapenezko baietza esatea, senideok, Jesus bera dan Barri Ona onartzea baino; uste ona harengan jarriz, eta haren deia entzunez, haren atzetik joatea, haren bizikerea bera norberetzeko. Ez da, ba, sarritan uste izan dogun bihozbarritzea (hobeak izaten ahalegintzea, edo pekatu gitxiago egiten ahalegintzea, edo limosnaren bat egitea…), bizikeraz aldatzea baino.

        Zein gatx egiten jakun hau! Ez dogula ulertzen esaten dogu. Zer da bizikeraz aldatzea? Baina ulertu eza baino gehiago da, ohitura batzuetara eginda gagozala, eta handik urtetea gatxa baino gatxago egiten jakula.

        Jainkoaren berbea aintzat hartu gura badogu… Ume misiolarientzat eredu izan gura badogu… Jesusen gaur eta hemengoxe jarraitzaile izan gura badogu… entzun daigun geure barruan bihozbarritzerako haren deia, jar daigun uste osoa Jesusengan, ahalegindu gaitezan ha ezagutzen eta haren bizikerea geuretzen; urten daigun geure usteetatik, eta ohiturei lotuta egotetik; bilatu daigun Jainkoaren berbea alkarregaz irakurtea, komentatzea eta aintzat hartzea, eta, haren eraginez, alkarren ardurea hartuko dogu, alkar onartzen, alkarri parkatzen eta alkar maitatzen ikasiko dogu; eta besteez, batez ere behartsuez arduratzen, hareen kide izaten.

        Jesusek ez deusku eskatzen gauza handiak egiteko, gu gareana garatzeko baino; bakotxak bere neurria emoteko baino; egunean baino egunean gizakoiagoak izateko baino. Hau da: norbere arduretatik urten eta besteen ardurea hartzeko. Orduantxe ikusten dogu gauzatzen gure inguruan Jainkoaren erreinua.

 

 

 (LAGUNGARRIAK)

 

URTEAN ZEHARREKO III. DOMEKEA  /B

 

Sarrera-oharra

     Egunon, senideok. Ondo etorri elizkizun honetara.

     Izan daigun gogoan ze jarrera daukagun Jaunarengana aurkezterakoan. Begira: zenbat bider entzun dogun Jaunak dei egiten deuskula, egun baten lehenengo ikasleei deitu eutsen lez. Baina, halan izango da pentsatu eta horretantxe gelditu gara. Ausartu gaitezan urrats bat gehiago emoten. Pentsatu daigun zertara egin leidan dei Jaunak, edo zelan eta non entzun neiken bere deia, eta zelango poza emongo leuskidan berari erantzunaz bizi nazala jakiteak. Ez ete da egia poztasun-iturri litzakigula Jaunari erantzunez bizi garala uste izatea? Ea elizkizun honek laguntzen deuskun horretan. Sartu dakigula barruraino horretarako egiten jakun eskabidea: bihozbarritu zaiteze.

 

Abestia: Igandea da Jaunaren eguna bereziki.

 

 

Damu-otoitza

     Jainkoaren parkamena, haren salbamena, ez da bere herriko muga estuetan geratzen; gizaki guztientzat da, herrialde guztietara heldu gura dau… Hurreratu gaitezan bere errukira:

 

—Jesus Jauna, Jainkoaren izena aintzat hartzen dozuna, erruki, Jauna.

—Jesus Jauna, Jainkoaren doako parkamena isurten dozuna, Kristo, erruki.

—Jesus Jauna, zeure ikasle izatera deitzen gaituzuna, erruki, Jauna.

 

 

Lehenengo irakurgaiari

     Handia da Jonasek bere barruan darabilan zurrunbiloa: Jainkoa beretzat gura dau, eta bere arerioen aurka. Zelan eskatu leio Jainkoak bere arerioengana joan daitela bihozbarritu daitezala iragartera, bestela galdu egingo dirala-ta? Jonasek ez dau horixe besterik gura: galdu daitezala! Baina Jainkoaren errukiak gizaki guztiengana heldu gura dau…

 

 

Erantzun salmoa

R/. Erakutsi niri, Jauna, zeure bideak.



Bigarren irakurgaiari

     Jesus Jaunari zintzotasunez jarraitzeak munduko itxura eta atseginkeriez apurtzea eskatzen dau, eta erreinuko baloreetan bizi izatea. Horretara bultzatzen dau Paulok.

 

Ebanjelioari

     Jesus Jaunaren mezuari leku egiteko zeozer kendu behar dogu barruan, eta zeozeren egarri izan behar dogu. Entzun deiogun berari ebanjelioan. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.

 

ESKARIAK

      † Jainkoagan jarri daigun gure uste ona bere seme-alaben ona baino gura ez daualako, eta aurkeztu deioguzan daukaguzan beharrizanak:

 

 

—Elizearen alde: gizakien artean bihozbarritzerako dei itxaropentsua izan daiten, behartsuen eta txikien ondoan egoten jakinaz,  eskatzen deutsugu, Jauna.

—Agintarien eta ahaltsuen alde: etekin handiagoak zelan atara barik, baztertuak euren bazterkuntzatik zelan atara bilatu daien,  eskatzen deutsugu, Jauna.

—Jaso daben kaltea zelan ordainduazo, eta egindako txarkeria zelan ezkutatu bilatzen dabizenek bihozbarritzeko aukerea izan daien, eta aukera horri erantzuten jakin deioen,  eskatzen deutsugu, Jauna.

—Arazo artean bizi diran familien alde: errukiz jokatzeko gauza izan daitezan eta seme-alaben ona bilatu daien,  eskatzen deutsugu, Jauna.

—Sinismena alkarregaz ospatzen dogunon alde: alkar adoretzeko gauza izan gaitezan eta Jesus Jaunari jarraitzeko erak eta uneak bilatzen jakin daigun,  eskatzen deutsugu, Jauna.

 

† Bihozbarritzera era askotara deitzen deuskuzun Jainko Jauna: atara gaizuz lehenera begira egotetik eta jarri gaizuz zure Semearen bila. Zugaz eta Espiritu santuagaz batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.

—Amen.

 

Jaunartzean

 

     Jauna, ez nekien zu nor zinen…

 

(Edo):

 

Zabal bihotzok errukirako,

sendo bihotzok borrokarako.

 

     —Gizon-emakume barri, kondairaren eragile

     gizatasun barriaren oinarri eta egile.

     Gizon-emkume barri arriskuen onartzaile,

     fede-bizitzan ausarta, zailtasunetan garaile.

 

     —Gizon-emakume barri, esperantzaren gudari,

     zuzenaren gose-egarri, egi bidean bidari.

     Gizon-emakume barri, ez kate ta ez lokarri,

     askatasunaren jabe eta askatasun-azkarri.

 

     —Gizon-emakume barri, mugaz-gaindiko maitale,

     alkar artean oretuz arraza eta lurralde.

     Gizon-emakume barri, pobreen artean pobre,

     hauekin alkarbanatuz etxeko ogi ta aterpe.

 

UZ-10-B

  URTEAN ZEHARREKO X. DOMEKA B urtean ( F. Marcos ) I. Irakurgaia Alkarren arerio egingo zaituet hi eta emakumea, hire eta haren on...