B urtean
I. Irakurgaia
Pekatuen ordainetan bizia emon ebala,
Isaias Profetaren liburutik
Is 53, 10-11
Jaunak oinazez josi nahi izan eban.
Pekatuen ordainetan bizia emon ebala,
izango ditu ondorengoak eta bizitza luzea,
eta haren bitartez Jaunaren nahia burutuko da.
Hainbat neke jasan ondoren,
argia ikusiko dau eta asea izango da.
Ikasi dauanaren bidez,
nire zerbitzari zuzenak asko egingo ditu zuzen,
hareen gaiztakeriak bere gain hartu ebazan-eta.
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 33 [32], 4-5. 18-19. 20 eta 22 (R/. ik. 22)
R/. Betor gugana, Jauna, zure maitasuna,
Zeugan dogu-eta geure uste ona.
V/. Zuzena da Jaunaren hitza,
fidagarria harek egin dauan guztia.
Justizia eta zuzenbidea dau maite,
Jaunaren maitasunaz dago lurra betea. R/.
V/. Jauna arduratzen da begirune deutsoenez,
haren maitasunean itxaroten dabenez,
hareek heriotzatik libratzeko
eta gosetean bizirik gordetzeko. R/.
V/. Guk Jaunagan dogu esperantza,
bera dogu laguntzaile eta babesle.
Betor gugaz, Jauna, zure maitasuna,
Zugan dogu-eta jarrita itxaropena. R/.
II. Irakurgaia
Hebrearrei egindako epistolatik
Heb 4, 14-16
Senideok: Gure abade nagusi handia, Jesus, Jainkoaren Semea, zeruetan sartua dogun ezkero, eutsi deiogun autortzen dogun
sinismenari; izan be, gure abade nagusia ez da gure makaltasunaz errukitu ezin leiken norbait, ha be, gu lez, gauza guztietan probatua izan da-eta, pekatuan izan ezik. Hurreratu gaitezan, bada, konfiantza osoz Jainkoaren graziaren tronura, errukia lortu eta preminaldian laguntza izan daigun.
Jaunak esana.
Aleluia
Mk 10, 45
R/. Aleluia.
V/. Gizonaren Semea besteen zerbitzari izatera etorri da
eta bere bizia danen alde ordainsari emotera. R/.
Ebanjelioa
Ebanjelio hau era laburrean ik. honen ondoren.
Gizonaren Semea
bere bizia danen alde ordainsari emotera etorri da.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 10, 35-45
Ebanjelioa era laburrean.
Gizonaren Semea
bere bizia danen alde ordainsari emotera etorri da.
Aldi haretan, Santiagok eta Joanek, Zebedeoren semeek, Jesusengana inguratu eta esan eutsoen: «Maisu, eskatuko deutsuguna Zuk guri egitea gura genduke». Jesusek itaundu eutsen: «Zer gura dozue, bada, Nik zuei egitea?» Eta hareek: «Jesarri gaitezala bata zure eskuman eta bestea ezkerrean, Zu zeure aintzara heltzean».
Jesusek esan eutsen: «Ez dakizue zer eskatzen zabiltzen. Gauza ete zarie Nik edan behar dodan kaliza mingotsa edateko, edo Nik urperatu behar dodan uretan murgiltzeko?» «Bai, gauza gara!», erantzun eutsoen.
Jesusek, orduan: «Nik edan behar dodan kaliza mingotsa, bai, edango dozue, baita Nik urperatu behar dodan uretan urperatuko be; baina nire eskoi-ezkerretan jesartze hori ez dago nire esku inori emotea; Jainkoak norentzat dauan prestatuta, hari emongo jako».
Beste hamarrak, hori entzutean, hasarre jarri ziran Santiagoren eta Joanen aurka. Jesusek dei egin eta esan eutsen: «Dakizuenez, herrien buruzagiek menpean hartzen ditue herriak eta handikiek euren agintea ezartzen deutsie. Ez dau holan izan behar zuen artean. Zuen artean handi izan gura dauana izan bedi zuen zerbitzari, eta zuen artean lehenengo izan gura dauana izan bedi danen morroi. Ze, Gizonaren Semea be ez da zerbidua izatera etorri, zerbitzari izatera baino, eta bere bizia danen alde ordainsari emotera».
HOMILIA
Senideok: DOMUND eguna ospatzen dihardugu, eta hauxe esan behar dogu: egun honek gogoratzen deuskunak, entzundako irakurgaiak ulertzen —eta, behar bada, geuretzen— lagundu leigula.
1 Gehienetan, senideok, geure beharrizanei begira egoten gara, eta hareetarako laguntza eskatzen deutsagu Jainkoari. Sinismena holantxe ulertzen dogu-eta. Eta horregaitik, zeozer lortzeko, edo eskerrak emoteaz amaitzen dogu, edo besteen alde zeozertxo egiteaz laguntzen dogu gure eskaria.
2 DOMUND egunak kanpora begira jarten gaitu. Besteen —hurrekoen eta urrunekoen— beharrizanei begira jarten gaitu, eta hareetan egoteak agertzen deuskula, dinosku, Jainkoak laguntzen gaitula.
Hau da: Jainkoari eskatzean barik, besteen beharrizanetan egoteak dinosku garala fededunak.
3 Irakurgaietan, zintzoa Jainkoak atsekabez probatua dala agertzen jaku. Jainko Semea ere, danean izan da probatua, geu lez, pekatuan izan ezik.
4 Sinismena ez da izango, ba, probaldiak kendu deiguzala eskatzea, probaldietan Jainkoa geure ondoan somau daigula eskatzea baino.
Hortxe dagoz gure mugak eta makaltasunak; Jainkoak ez deuskuz kenduko; baina besteei euren ezinak gainditzen laguntzen badeutsegu, geure makaltasunetan ere indartsu agertzen da Jainkoa gugan.
5 DOMUND egunak, ba, kanpora begira jarten gaitu gure makaltasun eta mugetatik harago.
Honeetan geldituz, lagundu deigula eskatzen badeutsagu Jainkoari, geurea besterik ez dogu ikusiko, eta gure osasuna zaindu deigula eskatzeaz gain eskatuko deutsagu gure herriaren osasuna, gure ondasunak zaindu deiguzala… eta gure arerioak birrindu daizala… eta aurrenengo postuak emon deiguzala…
6 Jesusek beste hauxe irakatsi deusku bere bizikereaz: goian egoteko, sustarrak sakoenean sartuta euki behar dirala. Handi izateko txiki izaten, eta txikien ondoan egoten, jakin behar dala, edo gugan lan hori egiten itzi behar deutsagula Jainkoari.
Horrela jakingo dogu kaliza mingotsa edaten edo Jesusen bateoaz bateatuak izaten,
Gure burua besteen janari bihurtuko dogu, eta opari bihurtuko gure ondasunak eta aberastasunak: gure hizkuntza, aberria, historia eta enparauak. Ez dogulako besteen gainetik egon gura, besteen zerbitzari izan baino.
Ez dogu uste zer pentsa asko gaukagula hau guzti hau kontuan hartu gura badogu?
DOMUND egunak, ba, atara gaizala gure txokotxoetatik eta eroan gaizala, gure ondasunak partekatuz, behartsuen ondoan egotera.
URTEAN ZEHARREKO XXIX. DOMEKEA /B
Senideok: gaurko irakurgaietan ere gure izakerearen alderdiren bat zuzendu gura jaku, eta Jesusen irakatsia emoten jaku horretarako ebanjelioan. Aurreko domekan ondasunen arriskua aitatzen bajakun, gaurkoan agintearen arriskua aitatzen jaku.
Zerk egiten gaitu handi, senideok? Gure gizartean danak dihardu lehian. Zein baino zein handiagoa, bizkorragoa, indartsuagoa, aberatsagoa, entzutetsuagoa, eta abar. Lehia bizian! Eta lehian sartzen ez diranak, edo ezin dabenak, baztertuak dira, edo baztertuak dagoz.
Hau da gura dogun gizartea? Lehiarako ez diranak, edo galtzaileak, baztertzen dauzan gizartea eraiki gura dogu? Handi izatea besteak menpean hartzea da, besteen gainetik egotea, besterik ez bada zeozertan.
Nagusi askori entzuten jako gaurko seme-alabek ez dakiela sufritzen, edo eroapen txikikoak dirala. Jasapena ez da ulertzen gaur egun zerurako meritu lez; bai zera! Sufrimendua saihesteko edo ezabatzeko ahaleginak egiten dira. Baina, nire ondokoak jasapenera naroala-eta (sufriduazo egiten deustala-eta), hil egin behar dot? Horrainoxe heldu gara!
Jesusen irakatsietan ez dogu aurkituko jasapena zerua irabazteko gauzea danik. Baina haren bizikeran bai aurkituko dogula, Jainkoaren nahia beteteak behin baino sarriagotan sufriduazo egingo deuskula, gure nahikeria askori ezetz esanbeharra izango dogulako; besteen ustea noberearen aurretik jartea ere eskatuko deuskulako; neure buruari uko egitea eskatzen deustalako… Eta dana, neure benetako izakerea azaleratzearren; daroadan Jainkoaren seme-alabatasuna agertzera emotearren.
Hauxe da gure inguruak, gure aldiek, ezeztatzen dabena, eta lehenengo irakurgaiak, Jainkoaren morroiaren kantuaz, ageri-agerian eta argi-ta-garbi laga deuskuna: Jainkoaren morroiari edonondik egingo jakola eraso.
Horrexegaitik da Jesus ulergatxa. Bere aldikoek Jainkoa euren zerbitzuan gura dabe jarri erlijio-praktika bidez; Jesusek, ostera, bere burua jarten dau Jainkoaren (Aitaren) esanetara. Eta alderantziz jokatze honek besteen bazterkuntza dakartso, bai eta bere ikasle eta lagun minena ere. Honeek euren aldiko lehia bizian dihardue: euren artean nor izan daiteken handiena. Eta handien izan ezin dauanak ere burruka bardinean dihardu besteen kontrako mormoxetan. Ezin dabe ikasi Jesusen irakatsia.
Jesusek hauxe dinotse: handitasuna zerbitzua garatzea da; gu besteentzako garala ulertzea. Eta saria, zerbitzuan beratan aurkitzea, ez egun baten emongo jakula itxarotea: zerbidu ahal izatea bera da saria.
Baina hori Jesusentzat. Besteontzat?
Zenbat aurreratzen gara zeozer esatera edo egitera, bai eleiz alkartean edo etxean edo beste edonon? Zenbat gara, ostera, ez-ulertu egiten dogunak, eta —oraindino txarrago —aurreratzen diranetaz mormoxeta egiten dogunak?
Zeozer aldatu behar da gugan Jainkoa geure zerbitzuan jarri gura izatetik, geure burua senideen zerbitzuan jartera pasatzeko, Jainkoaren nahia egiteko bide bakarra horixe dala-ta.
Ez dogu ulertzen Jesusen irakatsi hau? Nahiago dogu besteak baztertzeko edo ezabatzeko lehian diharduan gizartea eraikitzea? «Zuen artean ez daitela horrela izan» dinosku Jesusek.
URTEAN ZEHARREKO XXIX. DOMEKEA /B
Sarrera-oharra
Ondo etorri, senideok, Urtean Zeharreko 29. domeka honetako liturgiara. Jesusen jarraitzaileei eguneroko bizitza gatx egiten jakela ikusiko dogu: makalak izanik, ondokoen erasoak ere jasan behar dabezalako. Baina Jesus Jauna aurretik joakula ospatuko dogu, eta, harengandik ikasiz, indarra ere aurkitu geikela beragan. Agertu daigun ospatzeko alaitasuna, abestuz.
Sarrea-abestia
Alkartuta,
goazen aurrera kantari
bideak
zabalduz betiko pozari.
Maitasun ta zuzentasunez dezagun
lortu anaien askatasun,
Badator-eta Jaunaren betiko egun.
Hor dugu distiratsu egunsentiko
argitasun.
Abadearen agurra
† Alkarren zerbitzurako egin gaituan Jauna izan bedi zuekin.
—Eta zure espirituarekin.
Damu-otoitza
Gure burua ezagutzen ez dogulako, okerreko bideetan zehar ibilten
gara: Jainkoaren laguntza eske, haren esanetara jarri beharrekoan. Haren
errukian sartu gaitezan:
—Jesus Jauna, Aitagaz hartu-emon estuak zenduzana, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, zeuri jarraitzera dei egiten deuskuzuna, Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, gure txikikeriak salatuz, hareik gainditzeko indarra emoten deuskuzuna, erruki, Jauna.
Is 52, 2a. 3. 11ss
Jainkoak bere zerbitzurako aukeratuak gorriak eta bi ikusi behar ditu, edo bere makaltasunekaitik edo ingurukoen erasoagaitik. Autortuko bagendu geure bihurrikeria!
Erantzun salmoa (33/32)
Larrialdian, konfiantzaz egiten dan otoitz-deia dogu salmo hau.
Geuretu daigun eta gozotasunez otoiztu.
Hb 4, 14-16
Hebertarrei egindako idazkiaren ardatz gaia dogu Jesus Jaunaren abadetza. Baina ondo ulertu beharrekoa dogu, benetan eraginkorra izan dakigula gura badogu. Arretaz entzun daigun.
Mk 10, 33-45
Alperrekoak ete dira Jesusen irakatsiak et bizikerea bera? Lagun minek ere ez deutsoe ulertzen, beste ardura batzutan galduta. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.
ESKARIAK
† Geure buruaz daukagun irudi okerretik, eta ingurukoen
pentsamoldetik urten, eta Jesusen irakatsietan buru-belarri sartzen ez bagara,
Jesusi ez jarraitzeko atxaki bila ibiliko gara. Jo daigun otoitzera:
—Eleizearen alde: Jainkoaren mirabe gaur-gaurkoa izan daiten, gaurko gizon-emakumeen eredu eta gogo-emoile izan daiten, egin daigun otoitz. (Jauna, zeugan dogu uste ona).
—Behartsu, bazterreratu eta aurrean erabiliek Kristoren jarraitzaileen zerbitzua hartu daien, gizarte gizakoiagoa egiteko bideetan, egin daigun otoitz. (Jauna, zeugan dogu uste ona).
—Handigurea ta diru-gosea sufritzen dabenen alde: Jesus Jauna aurkitzeko graziaz jabetu daitezan, ingurukoen zerbitzuan jarteko gauza izan daitezan, egin daigun otoitz. (Jauna, zeugan dogu uste ona).
—Jainkoaren hitzaz elikatzen garanok, Jesusen irakatsiak aintzat hartuz, gure txikikeriak, ezin-ikusiak eta handikeria-goseak albol batera lagateko gauza izan gaitezan, egin daigun otoitz. (Jauna, zeugan dogu uste ona).
† Jainko Aita, agertzen doguzan asmo ederrotatik, zure deiari bildur barik erantzunez, senideen zerbitzuan jartera igaro gaitezala. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
Amen.
Jaunartzean
1. Ogi hau jaten dauanak izango dau bizia.
Kaliz hontan aurkitzen da Jainko-odol guztia:
R/. Hor dogu janaria ta hor gure edaria.
2. Jaungoikoak deitzen gaitu: bera dogu janari.
Beragan dogu aurkitzen osasuna ugari.
R/. Zelan begiratzen deutson Jainkoak gizonari!
3. Danok gaur jaten badogu ogi bat mahai batean
ezin izan gorrotorik gaurtik gure artean.
R/. Alkar maitatu dagigun Jesusen izenean.
Amaieran
Gatxa da Jesusen jarraian joatea, ezta? Baina ez litzateke hain gatxa izango geure burua ezagutzen ahaleginduko bagina eta Jainkoaren nahia bilatuko bagendu, eta ez ingurukoen txaloak eta oneritxia. Jesusek bizikera barri bat eskeintzen deusku; bizikera horretan, zerbitzea da handitasunerako bidea. Besteen zerbitzari izatea da Jainkoaren nahia egitea.
Azkenean
JESUS
MUNDUKO ARGIA
Jesus
zinezko egia. Jesus betiko bizia.
1 Jesus Jainko
gizona Zuri gure bizia
hartu gure Jaun ona gu garean guztia.
2 Gure bihotz
barruan biztu zure argia
gaitezen gu munduan argi Jainkoz betia.