UZXIXB



URTEAN ZEHARREKO XIX. DOMEKA

B urtean

(Fray Marcos)

I. Irakurgaia

Janari haren indarrez,
Jainkoaren mendiraino ibili zan.

Erregeak lehenengo liburutik

1 Erg 19, 4-8

    Egun hareetan, Eliasek egun bateko bidea egin eban basamortuan zehar. Azkenean, ipuru baten azpian jesarri zan eta heriotza opa izan eutson bere buruari, esanez: «Nahiko dot, Jauna! Kendu egidazu bizia, ez naz-eta neure gurasoak baino hobea». Ondoren, ipuruaren kerizpean etzun eta loak hartu eban.
    Horretan, aingeru batek ikutu eta esan eutson: «Jagi eta jan». Begiratu eban Eliasek eta sutopil erre barria eta ontzi bat ur ikusi ebazan bere buru ondoan. Jan eta edan ondoren, etzun egin zan barriro.
    Etorri jakon bigarrenez Jaunaren aingerua, ikutu eta esan eutson. «Jagi eta jan, bide luzea dozu-eta oraindino». Jagi zan Elias, jan eta edan eban, eta janari haren indarrez berrogei egun eta berrogei gau ibili zan Horeberaino, Jainkoaren mendiraino.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 34 [33], 2-3. 4-5. 6-7. 8-9 (R/. 9a)


R/.
   Dastatu egizue eta ikusi zein ona dan Jauna.

V/.   Bedeinkatuko dot aldi oro Jauna,
nire ahoan beti haren gorespena.
Harro nago Jaunagaz,
entzun begie apalek eta poztu beitez. R/.

V/.   Handietsi nigaz batera Jauna,
goratu daigun alkarregaz haren izena.
Jaunagana jo neban, eta harek erantzun,
bildur guztietatik ninduan libratu. R/.

V/.   Begiratzen deutsoenak distiratsu egongo dira,
ez jake aurpegia lotsaz gorrituko.
Dohakabeak dei egin eban, eta Jaunak entzun,
eta estualdi guztietatik eban salbatu. R/.

V/.   Kanpaturik dago Jaunaren aingerua
hari begirune deutsoenen inguruan,
eta libratzen ditu.
Dastatu eizue eta ikusi zein ona dan Jauna;
zorionekoa harengan babesten dana. R/.

 

II. Irakurgaia

Bizi zaiteze maitasunean, Kristoren antzera.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik

Ef 4, 30–5, 2

    Senideok: Ez nahigabetu Jainkoaren Espiritu Santua, horregaz markatu zaitue-eta Jainkoak, askapen-egunean zuek bereizteko. Kendu zeuen artetik garrazkeria, hasarrea, gorrotoa, garrasiak, irainak eta bestelako gaiztakeria guztiak. Izan zaiteze alkarrentzat on eta bihozbera, alkarri parkatuz, Jainkoak zuei Kristoren bitartez parkatu eutsuen lez.
    Izan zaiteze, beraz, Jainkoaren antzeko, haren seme-alaba maite zarien ezkero. Bizi zaiteze maitasunean, Kristoren antzera, berak maite izan ginduzan eta bere burua gure alde emon eban, Jainkoak atseginez onartzen dauan oparitzat eskeiniz.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Jn 6, 51

R/.   Aleluia.

V/.   Neu naz zerutik jatsi dan ogi bizia, dino Jaunak;
        ogi honetatik jaten dauana betiko biziko da. R/.

 

Ebanjelioa

Neu naz zerutik jatsi dan ogi bizia.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 6, 41-51

    Aldi haretan, Jesusen aurka marmarka hasi ziran entzuleak, «Neu naz zerutik jatsitako ogia» esan ebalako, eta hauxe inoen: «Ez ete dogu, ba, hau Jesus, Joseren semea? Ez ete ditugu, bada, ezagutzen honen aita-amak? Zelan dino, orain, zerutik jatsia dala?»
    Jesusek erantzun eutsen: «Ez jardun marmarka zeuon artean. Ezin da inor Nigana etorri, bialdu nauan Aitak erakartzen ez badau; eta Neuk biztuko dot hori azken egunean. Hauxe dino profeten liburuak: “Jainkoaren ikasle izango dira danak”. Aitari entzun eta harek irakatsia bereganatzen dauana Neugana dator. Horrek ez dau esan gura inork Aita ikusi dauanik; Jainkoagandik etorri danak bakarrik ikusi dau Aita.
    Bene-benetan dinotsuet: Sinisten dauanak betiko bizitza dauka. Neu naz bizia emoten dauan ogia. Zuen gurasoek mana jan eben basamortuan eta, halan be, hil egin ziran. Hauxe da zerutik jaisten dan ogia; honetatik jaten dauana ez da hilko. Neu naz zerutik jatsia dan ogi bizia; ogi honetatik jaten dauana betiko biziko da. Eta Nik emongo dodan ogia neure haragia da, mundua bizi dadin emona».

 

 

UZ-10-B

  URTEAN ZEHARREKO X. DOMEKA B urtean ( F. Marcos ) I. Irakurgaia Alkarren arerio egingo zaituet hi eta emakumea, hire eta haren on...