I. Irakurgaia
Guk be Jauna zerbiduko dogu,
ha dogu-eta geure Jainkoa.
Josue liburutik
Jos 24, 1-2a. 15-17. 18b
Egun hareetan, Israelgo leinu guztiak batu ebazan Josuek Sikemen. Dei egin eutsen Israelgo arduradun, buruzagi, epaile eta funtzionarioei be, eta Jaunaren aurrera agertu ziran. Orduan, honan berba egin eutson Josuek herri osoari:
«Jauna zerbitzea txarto begitantzen bajatzue, aukeratu egizue gaur zein zerbidu: zuen asabek Eufrates ibaiaz bestaldean zerbidu ebezan jainkoak ala amortarren jainkoak, orain bizi zarien herrialdeko jentearenak, hain zuzen be. Nik eta nire etxekoek Jauna zerbiduko dogu».
Herriak erantzun eban: «Urrun gugandik Jauna iztea, jainko arrotzak zerbitzeko! Jauna dogu geure Jainkoa; berak atara gaitu gu eta gure asabak Egiptotik, esklabotzatik; geure begiz ikusi doguz berak egindako mirari handiak; berak zaindu gaitu egin dogun bide guztian zehar, eta igaro doguzan herri guztietan babestu gaitu. Beraz, guk be Jauna zerbiduko dogu, bera dogu-eta geure Jainkoa».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 34 [33], 2-3. 16-17. 18-19. 20-21. 22-23 (R/. 9a)
R/. Dastatu egizue eta ikusi zein ona dan Jauna.
V/. Bedeinkatuko dot aldi oro Jauna,
nire ahoan beti haren gorespena.
Harro nago Jaunagaz,
entzun begie apalek eta poztu beitez. R/.
V/. Zintzoakana ditu Jaunak begiak,
adi hareen oihura belarriak.
Gaizkileen aurka Jaunaren aurpegia,
lurretik ezabatzeko hareen gogorapena. R/.
V/. Deadar egiten dabe zintzoek, eta Jaunak entzun,
larrialdi guztietatik libratzen ditu.
Hurreratu jake Jauna bihotz-hausiei,
salbatzen ditu barru-jausiak. R/.
V/. Zoritxar asko izaten dau zintzoak,
baina guztietatik libratzen dau Jaunak.
Hazur guztiak zaintzen deutsoz,
bat bakarra be ez deutsoe hausiko. R/.
V/. Gaiztakeriak hiltzen dau gaiztoa;
zintzoari gorroto deutsoenek zigorra dabe izango.
Jaunak askatzen dau bere zerbitzarien bizia,
harengan babesten diranek ez dabe zigorrik izango. R/.
II. Irakurgaia
Handia da misterio hau,
eta nik Kristori eta Eleizeari loturik ikusten dot.
San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik
Ef 5, 21-32
Senideok: Izan zaiteze alkarren menpeko, Kristori deutsazuen begiruneagaitik. Emazteak izan daitezala euren senarraren menpeko, Jaunaren menpeko lez, senarra emaztearen buru da-eta, Kristo Eleizearen buru dan lez, bere gorputza dauan Eleizearen salbatzaile dala. Eleizea Kristoren menpeko dan lez, izan beitez emazteak danetan senarraren menpeko.
Senarrok, maitatu egizue zeuen emaztea, Kristok Eleizea maitatu eta beraren alde bere burua emon eban lez. Bere burua eskeiniz, sagaratu egin eban Eleizea, Bateoko urez eta hitzaren indarrez garbituz. Holan prestatu eban beretzat Eleiza distiratsua, zikinik eta zimurrik edo holako ezer bakoa, santua eta kutsubakoa.
Era berean, senarrek be euren gorputza lez maitatu behar dabe euren emaztea. Emaztea maite dauanak bere burua maite dau-eta. Ez dau inork bere gorputza gorrotatzen, jaten emon eta zaindu baino, Kristok Eleizeagaz egiten dauan lez. Gu guztiok gorputz horren atal gara.
«Horregaitik, gizasemeak bere aita-amak itziko ditu,
eta bere emazteagaz alkartuko da,
eta biak bat izango dira».
Handia da misterio hau, eta nik Kristori eta Eleizeari loturik ikusten dot.
Jaunak esana.
Aleluia
Ik. Jn 6, 63c. 68c
R/. Aleluia.
V/. Zure hitzak, Jauna, espiritu eta bizi dira.
Zure hitzek betiko bizia dabe. R/.
Ebanjelioa
Norengana joango gara?
Zure hitzek betiko bizia dabe.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 6, 60-69
Aldi haretan, Jesusen ikasleetariko askok esan eban: «Gogorra da berbeta hau. Nork entzun leike?»
Jesusek, bere barruan konturaturik ikasleak marmarka ziharduela, esan eutsen: «Onartezina deritxazue horri? Eta Gizonaren Semea lehen egoan lekura igotzen ikusiko bazendue, orduan zer? Espiritua da bizia emoten dauana; haragiak ez dau ezer emoten. Nik esan deutsuedazan berbak bizi eta espiritu dira. Baina badira zuen artean sinisten ez daben batzuk». Izan be, Jesusek hasieratik ekian nork ez eban sinisten eta nork salduko eban. Eta esan eban gainera: «Horregaitik esan deutsuet ezin dala inor be Nigana etorri, Aitak ez badeutso horretarako gaitasuna emoten».
Harrezkero, haren ikasleetariko askok atzera egin eban, eta aurrerantzean ez ziran haregaz ibili. Orduan, esan eutsen Jesusek Hamabiei: «Zuek be alde egin gura ete dozue?» Erantzun eutson Simon Pedrok: «Jauna, nogana joango gara gu? Zeuk daukazuz betiko bizitzako berbak. Eta guk sinistu dogu eta badakigu Zeu zarana Jainkoaren Santua».
Jaunak esana.
Senideok: zer pentsa handia emoten deuskue gaurko irakurgaiek. Eta gu nagusiegiak gara pentsaketetan ibilteko edo hausnarketarik egiteko. Ala ez?
Jesusen jarraitzaile izatea ez da erreztasunean egin daiteken gauzea; bere une garratzak, gogorrak eta arantzaz beterikoak dauz.
Gaurko Liturgiak aurkeztu deuskuzan irakurgaietatik lehenengoan, Jainkoaren herria aukeraketea egin beharraren aurrean ikusi dogu. Aukeraketea egin beharra ez da gauza erreza: daukadana, edo ziurtasuna emoten deustana, bertan-beherea laga beharra eskatu leike, eta horrek min emoten deusku.
Horregaitik jarten deusku begien aurrean lehenengo ta behin geure egoerea: osotasunean bizi gara? Haragia eta espiritua bat dira gure bizitzan? Haragia zaintzeko emoten dogun beste denpora —edo gehiago— emoten deutsogu espiritua zaintzeari? Gura doguna —baina, benetan!— osotasunezko bizitza da, eta gure bizikeran ez daitela apurketarik agertu?
Jesusek iragarten dauzan berbek egoera jasanezinera eroango gaitulako. Horren aurrean, edo entzun-gor egin geike, geurean jarraitzeko, orain arte holantxe egin dogula, eta ez jakula txarto joan, esanez; edo, benetan osotasunean bizi izan gura dodala-eta, Jesusen berbak neuretzen ahaleginduko naz.
Jaten emon eutsen Jesusek 5000 (bost mila) gizonezko baino gehiagori. Orain bere berbeaz argitu gura dauz hareik. Baina, zer dinoe? «Gogorra da hizkera hau. Nork entzun daike?» Jesusek eskeintzen-eskatzen dauan erradikaltasuna ez da hain jasangarria. Ihes egingo dabe danek. «Zuek ere bai?» —galdetzen deutse ikasleei. Eta honeik ez badabe ihes egiten, ez da Jesusek jaten emon deutselako, edo haren inguruan bizitza lasaia egin daikeelako…; haren berbek bizia emoten deutsela aurkitzen dabelako baino.
Bost domekaz darabilgu ogi bizi-emoilearen gaia. Gaurkoan, ostera, Jesusen berbea dala bizi-emoilea dinosku. Ezin daitekez bereiztu, ba, berbea eta ogia. Jesus Jainkoaren berba bizi-emoilea da; eta guretzat ogi bizi-emoile bihurtzen da; jaten emoten jaku, edaten… Eta hau ezin dabe onartu harek ogiz asetuek. Antza, horixe besterik ez eben bilatzen: haragiaren asetasuna.
Ikasleei ere gatx egiten jake onartzea, eta ulertzea bera ere bai. Baina, haragia asetzea baino gehiago, bizia bilatzen dabe; eta Jesusengan baino ez dabe aurkitzen.
Izan geintekez onak, eta egin geike lan zerua irabaztearren. Baina Jesusek, bere jarraian, ez dauz holangoak gura, bizia emoten dakienak baino. Horretarako, hari entzun egin behar jako; eta, entzuna, haragi bizi-emoile bihurtu. Eta zein denpora gitxi emoten deutsogun Jesusi entzuteari, edo espirituaren zaintzari; zein gitxi bilatzen dogun isiltasuna, eta esaten deutsogun geure buruari ebanjelioan entzundakoa…
Aurrera egin eban Jesusek, bakarrik gelditzeko arriskuan bazan ere. Horregaitik galderea: «Zuek ere ihes egin gura dozue?» Erreinuaren lekuan lekuko ezaugarria behar dau Jesusek. Prest gagoz, horretarako, geure burua eskeintzeko, Pedroren ausardiaz? Ala nahikoa dogu geure usteak asetzeaz, geure haragia zaintzeaz, hau, Espiritu barik, hilda egon arren ere?
Sarrera-agurra
Ondo etorri, senideok, sinismenaren alkarteko jai honetara. Gaurkoan amaierea emongo deutsagu ogiaren inguruan Jesusen ahotan Joan ebanjelariak jarten dauan diskurtsoari. Eta aukeraketa egin beharraren aurrean jarriko gaitu. Benetako Bizitza bilatzen badogu, ez dogu ezelango zalantzarik izango. Azaleko bizikera lasai eta asetua baino gura ez badogu, barriz, protesta hotsean ihes egingo dogu. Ea gaurko Eukaristia honek aukeratzen laguntzen deuskun.
Sarrera-abestia
1. Ogi hau jaten dauanak izango dau bizia.
Kaliz hontan aurkitzen da Jainko-odol guztia:
R/. Hor dogu janaria ta hor gure edaria.
2. Jaungoikoak deitzen gaitu: bera dogu janari.
Beragan dogu aurkitzen osasuna ugari.
R/. Zelan begiratzen deutson Jainkoak gizonari!
3. Danok gaur jaten badogu ogi bat mahai batean
ezin izan gorrotorik gaurtik gure artean.
R/. Alkar maitatu dagigun Jesusen izenean.
Damu-otoitza
Erradikaltasunaren bidean, Jaunak bere errukira deitzen gaitu. Bilatu daigun babesa beragan:
—Jesus Jauna, Aitari zintzotasunez erantzun zeutsana, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, aukeraketara garoazuzana, Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, bizitzaz beteten gaituzuna, erruki, Jauna.
1 Jos 24, 1-2a. 15-17
Ez da bardin edozer sinistea eta edozer onartzea, helburu batera abiatu gura danean. Horra hor zergaitik zergaitik jarten dauan Josue buruzagiak Jainkoaren herria aukeratu beharraren aurrean.
Erantzun-salmoa
Jauna aukeratu dauanari ha onestea eta, haren pozean, jai-giroan bizi izatea berezkoa jako. Onetsi daigun Jainkoa salmo honegaz otoitz eginez.
Ef 5, 21-32
Azalean geratu ezkero, San Pauloren berbok jasanezinak egingo jakuz. Baina, goazen azaldu gura dauan misterioaren hondora, eta aurkituko deutsagu zentzuna.
Ebanjelioa (Jn 6, 60-69)
Egin daiala oihartzun gure barruan jentearen kexuak, eta eroan gaizala kexu horrek Jesusi egiten deutsagun jarraipena zelangoa dogun aztertzera. Aleluia abestuz egin deiogun harrerea, zutunik.
Herri-otoitza (Eskariak)
† Erregalu lez hartu dogun bizitza beste batzuentzat ere bizi-emoile izan daitela gura dogulako joten dogu erreguka biziaren sortzaile eta iturri dan Jainkoagana:
—Eleizearen alde: gaurko gizon-emakumeengan Jainkoaren Berbearen egarria sortzeko gauza izan daiten, eskatzen deutsugu, Jauna.
—Berbea iragarten daben Katekista, hizlari, gogo-jardun zuzentzaile eta familietako gurasoek Ebanjelioaren argitasuna eta bizia zabaldu ahal izan daien, eskatzen deutsugu, Jauna.
—Gure gizarteko behartsuentzat Ebanjelioa poz-iturri izan daiten, haren jarraitzaileentzat behartsuak helburu diralako, eskatzen deutsugu, Jauna.
—Eukaristian ogiaz eta hitzaz elikatuak izateko aukerea dogunok gure bizia besteen alde eskeintzen iragarri daigun gure lekukotza, eskatzen deutsugu, Jauna.
† Zure hitzaz eta Semearen gorputzaz biziazoten gaituzun Jainko bizi-emoilea, ez daigula besterik amestu zeure Semearen jarraitzaile izatea baino. Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.
—Amen.
Jaunartzean
ZU GABE, JESUS, NORA joango gara gu?
Zuk betiko bizitzako hitzak, Jauna, dituzu.
1 Zu gure maisu zaitugu, zu gure gidari
zure hitza guretzat indar eta argi.
2 Maitasunezkoa dogu, Jauna, zure hitza
Zu zaitugu egia, bidea, bizia!
Amaieran
Hartu daigun gogoan ez daukagula ebanjelioa irakurteko ohiturarik, eta gehiago garala errezuak egitekoak eta jaunartzekoak. Izan daiteke etxean daukagun Biblia eskuan hartzeko ordua, egunero ebanjelio atal bat irakurriz Jaunagaz bat egiteko, Jaunaren berbea benetan izan dakigun bizi-emoile. Gauzatu daigun Pedroren erantzuna: «Norengana joango gara? Zeuk daukazuz biziaren hitzak».