UZ18B


URTEAN ZEHARREKO XVIII. DOMEKA

B urtean

(F. Marcos)

I. Irakurgaia

Euria lez jatsiarazoko deutsuet zerutik janaria.

Urteera liburutik

Ur 16, 2-4. 12-15

    Egun hareetan, basamortuan, israeldarren alkarte osoa marmarrean hasi zan Moisesen eta Aaronen aurka, esanez: «Hobe genduan Jaunak Egipton hilarazo izan baginduz, haragi-lapiko aurrean jesarri eta ogia asetzeraino jaten genduanean! Zuek, ostera, goseak hiltzeko ekarri dozue gure alkarte osoa basamortu honetara!»
    Orduan, Jaunak esan eutson Moisesi: «Euria lez jatsiarazoko deutsuet zerutik janaria. Herriak egunean egunekoa batzera urtengo dau. Probatu egin nahi dot, ea nire legearen arabera dabilen ala ez.
    Entzun ditut israeldarren marmarrak. Esaiezu: "Arratsaldean haragia jango dozue, eta bihar goizean ogiz asetuko zarie, eta jakingo dozue Neu nazala Jauna, zuen Jainkoa"».
    Arratsaldean, galeperrak etorri ziran eta kanpaleku osoa estaldu eben, eta biharamun-goizean iruntz-azala agertu zan kanpaleku-inguruan. Iruntza desagertu zanean, zurdaren itxurako zeozer, mehea eta garautsua, azaldu zan lurrean. Ha ikustean, alkarri itaunka hasi ziran israeldarrak: «Zer da hau?» Ez ekien-eta zer zan.
    Moisesek esan eutsen: «Jaunak janaritzat emoten deutsuen ogia da hau».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 78 [77], 3 eta 4bc. 23-24. 25 eta 54 (R/. 24b)


R/.
   Zeruko ogia emon eutsen Jaunak.

V/.   Guk entzunak eta ikasiak,
gurasoek guri kontatuak,
kontatuko deutsaguz hurrengo belaunaldiari
Jaunaren egintza goresgarriak eta  haren ahalmena. R/.

V/.   Orduan, hodeiei agindu eutsen goitik,
eta zeruko ateak edegi ebazan;
mana isuri eutsen janari,
zeruko ogia emon eutsen. R/.

V/.   Aingeruen ogia jan eban gizakiak,
asetzeko lain janari emon eutsen Jainkoak.
Bere lurralde santura eroan ebazan,
berak eskuratutako mendira. R/.

 

II. Irakurgaia

Giza izaera barria, Jainkoaren irudira sortua,
jantzi behar dozue.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako epistolatik

Ef 4, 17. 20-24

    Senideok: Hona zer esaten eta zinez eskatzen deutsuedan Jaunaren izenean: ez zaitezela hemendik aurrera bizi sinisbakoak bizi diran lez, burua txikikerietan dabe-eta.
    Ez da hori Kristo ezagutzean zuek ikasi dozuena, egia bada haretaz hitz egiten entzun dozuela. Jesusi dagokion egiazko irakaspenaren arabera, honako hau ikasi dozue: batetik, zuen lehengo bizierari uko egin eta giza izaera zaharra, grina engainagarrien eraginez hondatua, erantzi behar dozuela; bestetik, zeuen gogo-bihotzak barritu eta giza izaera barria, Jainkoaren irudira sortua, jantzi behar dozuela, Jesusen egiaren arabera, biziera zuzena eta santua eroateko.

Jaunak esana.

       

Aleluia

Mt 4, 4b

R/.   Aleluia.

V/.   Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi,
        Jainkoaren ahotik urteten dauan hitz guztitik baino. R/.

 

Ebanjelioa

Nigana datorrena ez da gose izango,
eta Nigan sinisten dauana ez da behin be egarri izango.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik

Jn 6, 24-35

    Aldi haretan, Jesus eta ikasleak han ez egozala ikustean, jentea txalupetara igon eta Kafarnaumera joan zan, Jesusen bila. Itsasoaz beste aldean aurkitu ebenean, esan eutsoen: «Maisu, noiz etorri zara hona?» Jesusek erantzun eutsen: «Bene-benetan dinotsuet: Nire bila zabiltze, ez ezaugarriak ikusi dozuezalako, ogia asetzeraino jan dozuelako baino. Ahalegindu zaiteze, ez galtzen dan janariagaitik, irauten dauanagaitik baino, betiko bizitza emoten dauanagaitik; hori Gizonaren Semeak emongo deutsue, ze, bera egin dau Jainko Aitak bere aginpidearen ordezkari».
    Orduan, itaundu eutsoen: «Zer egin behar dogu, Jainkoak nahi dauana egiteko?» Jesusek erantzun eutsen: «Hauxe da Jainkoak nahi dauana: berak bialdu dauanagan zuek sinistea».
    Itaundu eutsoen, orduan: «Zein ezaugarri egiten dozu, guk ikusi eta Zugan sinisteko? Zer egiten dozu? Gure asabek mana jan eben basamortuan, Liburu Santuak dinoanez: “Zeruko ogia emon eutsen jaten”».
    Jesusek erantzun eutsen: «Bene-benetan dinotsuet: Ez eutsuen Moisesek emon zeruko ogia; nire Aitak emoten deutsue zeruko egiazko ogia; izan be, Jainkoaren ogia zerutik jatsi eta munduari bizia emoten deutsona da».
    Orduan, hareek Jesusi: «Jauna, emoiguzu beti ogi horretatik». Jesusek erantzun eutsen: «Neu naz bizia emoten dauan ogia; Nigana datorrena ez da gose izango, eta Nigan sinisten dauana ez da behin be egarri izango».

Jaunak esana.

UZ-10-B

  URTEAN ZEHARREKO X. DOMEKA B urtean ( F. Marcos ) I. Irakurgaia Alkarren arerio egingo zaituet hi eta emakumea, hire eta haren on...