Urtean Zeharreko XXII. /B

 
Urtean Zeharreko XXII. Domeka
 
B urtean

I. Irakurgaia
            Ez gehitu ezer nik agintzen deutsuedanari.
Bete Jaunaren aginduak.
 
 
Deuteronomioa liburutik
Dt 4, 1-2. 6-8
 
     Honan berba egin eutson Moisesek herriari: «Orain, Israel, entzun irakasten deutsuedazan legeak eta erabagiak, eta bete. Holan, biziko zarie eta Jaunak zeuen asaben Jainkoak emongo deutsuen lurraldean sartuko zarie eta haren jaube egingo. Ez gehitu, ez kendu, nik agintzen deutsuedanetik ezer; bestetara, bete nik emoten deutsuedazan Jaunaren, zeuen Jainkoaren, aginduak.
     Gorde egizuez eta bete, horrek jakintsu eta buruargi egingo zaitue-eta herrien aurrean. Lege honeen barri izatean, esango dabe: "Bai herri jakintsua eta buruargia nazino handi hau!"
     Izan be, ba ete da nazino handirik, bere jainkoak, guk Jauna geure Jainkoa baizen hur dituanik, dei egiten deutsagun bakotxean? Ba ete da nazino handirik, gaur nik adierazoten deutsuedan irakaspen hau baizen lege eta erabagi zuzenak dituanik?»
 
Jaunak esana.
 
Erantzun salmoa
         Sal 15 [14], 2-3a. 3b-4b. 5 (R/. ik. 1a)
 


R/.   Nor bizi, Jauna, zure etxean?
 
V/.   Akatsik barik eta zuzen jokatzen dauana;
bihotzean egiazale izan
eta mihinaz inor zikintzen ez dauana. R/.
 
V/.   Hurkoari gatxik egiten ez deutsona,
auzokoa iraintzen ez dauana.
Jaunak baztertua gitxiesten dauana
eta  jainkozaleak ohoratzen dituana. R/.
 
V/.   Dirua lukurreriaz mailegatzen ez dauana
ezta errubakoaren kaltetan eskupekorik hartzen be.
Holan jokatzen dauana
ez da sekula kili-kolo egongo. R/.
 
 
II. Irakurgaia
Bete egizue mezua.
 
Santiago Apostoluaren epistolatik
St 1, 17-18. 21b-22. 27
 
     Ene senide maiteok: Emoitza on eta dohai bikain guztiak goitik datoz, Aitagandik, aldaketarik eta ilunaldirik ez dauan argien Egileagandik. Berak, halan nahita, bizia emon deusku egiaren mezuaz, sorkari guztien artean lehenengoak izan gaitezan.
     Onartu egizue otzan-otzan zuengan erein dan eta zuek salbatzeko indartsu dan mezua. Bete egizue mezua, eta ez entzun bakarrik, zeuen burua engainatuz.
     Jainko Aitaren aurrean benetan garbi eta akatsik bako erlijinoa hauxe da: umezurtzei eta alargunei euren preminetan laguntzea, eta munduko gaiztakeriagaz nork bere burua ez kutsatzea.
 
Jaunak esana.
 
Aleluia
St 1, 18
 
R/.   Aleluia.
 
V/.   Aitak, halan nahita, bizia emon deusku egiaren mezuaz,
        sorkari guztien artean lehenengoak izan gaitezan. R/.
 
Ebanjelioa
Zuek, Jainkoaren agindua bazterrera itzi
eta giza ohitureari eusten deutsazue.
 
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 7, 1-8. 14-15. 21-23
     Aldi haretan, Fariseuak eta Jerusalemdik etorritako lege-maisu batzuk hurreratu jakozan Jesusi, eta ikasleetariko batzuk esku lohiekin –hau da, eskuen garbiketa egin barik– jaten ebela ikusi eben.  Izan be, fariseuek, eta judeguek, gehienek, ez dabe jaten aurretiaz eskuak arduraz garbitu barik, zaharren ohiturari sendo eutsiz. Azokatik etxeratzean be, ez dabe jaten garbiketa egin barik; eta badabe ohiturazko beste hamaika betebehar: esate baterako, edalontzi, pitxer eta erraden garbiketa.
     Holan bada, fariseuek eta lege-maisuek itaundu eutsoen Jesusi: «Zergaitik ez dabe zure ikasleek zaharren ohiturari dagokionez jokatzen? Zelan jaten dabe esku zikinakaz?» Jesusek erantzun eutsen: «Itxurazaleok halakook! Ederto baten esan eban zuetaz Isaias profetak, honako hau idatzi ebanean:
 
“Herri honek
ezpanez ohoratzen nau,
baina Nigandik urruti dau bihotza;
 alperrik nabe gurtzen,
honeen irakaspena giza agindu hutsa da”.
Zuek, Jainkoaren agindua bazterrera laga
eta giza ohiturari eusten deutsazue».
 
     Jesusek jenteari barriro dei egin eta esan eutson: «Entzun danok eta ulertu ondo. Ez da ezer, kanpotik gizakiaren barrura sartuz, berau zikindu leikenik; barrutik urteten deutsonak, horrek zikintzen dau gizakia».
     Eta gaineratu eban: «Barrutik urteten dauanak, horrrek bai egiten dauala gizakia zikin. Izan be, barrutik, gizakiaren bihotzetik, urteten dabe asmo txarrek, lizunkeriak, lapurretek, hilketek, adulterioek, diru-goseak, gaiztakeriek, azpikeriak, nasaikeriak, bekaizkeriak, irainek, harrokeriak, burubakokeriak. Txarkeria honeek guztiek barrutik urteten dabe, eta honeek lohitzen dabe gizakia».
 
Jaunak esana.
  

 
HITZALDIA
 
Gaurko Liturgiak eskeini deuskuzan irakurgaien arabera, galdera bat bai bajatortala burura: bizi  izan geintekez arau edo lege barik, bai eta geure sinismenean ere? Edo beste era batera esanda: ubidetik kanpo goazanean, galtzeko arriskuan jarten gara, edo hondamendira bidean?
 
Danok dakigu alkarregaz bizi izan gura badogu, bakotxaren neurriak bere mugak izan behar dauzala; nik ez neuke beste inoren eremua zapaldu behar, edo aintzat hartu behar izango neukez haren ondasunak, haren berbea eta haren izen ona ere. Ala ez? Bakotxak aintzat hartua izan daitela gura behar izango geuke, ezta?
 
Askotan aitatzen da gaur egun errespetua: ez dagoala errespeturik, edo gazteek ez dakiela errespetua zer danik ere, eta abar.
 
Baina horregaz batera inork ez dau morroi-mirabe (esklabu) izan gura; danok gura dogu askatasunean bizi izan. Eta nire askatasunak bestearen askatasunari eraso egiten badeutso? Nork jarri mugak?
 
Historian zehar herri bakotxak, herri lez iraun gura izan daualako, herritar guztiei ezarten eutsezan arauak, legeak, mugak… Legepe berekoak herri batekoak ziran; eta Legeak agertzen eban herri baten nortasuna, handitasuna edo jakituria: Legeak ezarten dauzan mugak, edo emoten dauan zabaltasunak dinosku herri umeagoa edo helduagoa dan. Bakotxak dakianean bere izakerea eta jarduerea mugatzen, ez dau behar Legeak mugak jarri deiozanik. Legeak, ba, gizon emakumeak heldutasunera eroan behar izango leukez, eta jarri leikezan mugak gero eta zabalagoak izan behar izango leukee. Ez leuke, ba, Legeak behin betikoa izan behar.
 
Jainkoaren Legea dala dinogunean, zer esan gura ete dogu? Ez, behintzat, nahi-ta-nahi ez eta dagoan eran eta nahinon bete behar danik. Lege horrek haren seme-alaba guztiak aintzat hartzera eta harei laguntzera eroan behar izango nindukela (gindukezala) baino. Absolutua (edo ezinbestekoa) ez da, ba, Legea, Jainkoa bera baino, eta haren agerpen diran bere seme-alaba guztiak. Legea ez da ezarten, ba, beteteko, gizon-emakumeon hartu-emonak bideratzeko eta sustatzeko baino.
 
Halan ulertu ezik, Legea besteak euren menpe jarteko nagusiek egiten daben araudia litzateke, aberatsen edo ahaltsuen onurak ziurtatzeko eta ugaritzeko zeozer.
 
Legearen aurrean, ba, bilatu daigun Jesusen jarrerea: bilatu daigun haren esangurea, eta erakusten dauan helburua, eta horrexi erantzun deiogun askatasunik handienaz eta gogorik onenaz.

 
LAGUNGARRIAK
 
Sarrera-oharra
        Ondo etorri, senideok, 22. domeka honetako Liturgia ospatzera. Gure arteko hartu-emonak eskertzera eta zaintzera eroango gaitu berak. Ea ikasten dogun ez dagozala sakratu diran gauza batzuk, eta beste batzuk sakratu ez diranak, dana dalako Jainkoaren nahieratik sortua, eta, hori dala-eta, danak eskatzen deuskula aintzat hartua izatea eta zaindua izan daitela.
        Jesus Jaunak, Aitagandik hartu dauana ezagutzera emoten deuskula dinoskunak, ea hauxe irakasten deuskun, bai bere berbeaz eta baita bere bizikereaz ere. Goazen!
 
Sarrera-abestia
Igandea da Jaunaren eguna bereziki,
asteko jai-egun dogu, poz zabalera jaiki;
ospatu daigun fedea alkar hartuz estuki,
goza gaitezan festaren oskarbitan biziki.
 
Igandearen airea dana dago argitan,
Jaun berbiztua eskeintzen jaku dohain handitan:
Hitzean arnasa bizi, indar Ogia baitan;
ederki gaitekez senti jai-xarmaren ongitan.
 
Damu-otoitza
        Jainkoak bere errukira deitzen gaitu; zabaldu deioguzan gure bihotzak:
        —Jesus Jauna, Jainkoaren berba bizi-emoilea, erruki, Jauna.
        —Jesus Jauna, Jainkoagandik hartutakotik emoten deuskuzuna, Kristo, erruki.
        —Jesus Jauna, Legea eta arauak geure zerbitzurako ulertzen zenduzana, erruki, Jauna.
 
Dt 4, 1-2. 6-8…
        Jainkoak geure barruan idatzi dau bere Legea, eta hantxe bilatu behar dogu senideei zerbitzu egitean, Jainkoa bera aintzaldu gura badogu.
 
Erantzun-salmoa (Sal 14)
        Jainkoarenean bizi izatea amesten dauanak bide bat baino ez dauka: senideari ondo esan eta maitatu.

        R/. Nor bizi, Jauna, zure etxean

 
 
St 1, 17-18. 21b. 22-27
        Gizakiok gara sorkari guztien artean lehenak, alkar errespetatu, zaindu eta maitatu beharrekoak.
 
Ebanjelioa: Mk 7, 1-8. 14-15
        Aldea dago Legea eta arauak danen gainetik jarri gura dabenen eta danen gainetik Jainkoa eta senidea jarten dabenen artean. Goazen ebanjeliora Jesusen irakatsia hartzera, Aleluia abestuz, zutunik.
 
ESKARIAK (Jainko Herriaren otoitza)
        † Jainkoaren berbeak emon deuskun argitasunetik zuzendu deioguzan gure eskariak uste osoz:
 
        —Eleizearen alde: lagundu deieen gaurko gizon-emakumeei Jainkoaren berban bilatzen behar daben argitasuna eta adorea, eskatzen deutsugu, Jauna.
        —Behartsuek, baztertuek eta ezereztuek euren barruan bilatu daien Jainkoagandiko askatasuna, ingurukoentzat argi izan daitezan, eskatzen deutsugu, Jauna.
        —Umetako eta ardurabako sinismenean dabizenek Jainkoaren berbeaz landu daien sinismen hori, heldutasunean sartu daitezan, eskatzen deutsugu, Jauna.
        —Jainkoaren berbara hurreratzeko aukerea daukagunok geure sakonean bilatu daigun Jainkoaren Legea, haren arabera bizi izateko, eskatzen deutsugu, Jauna.

        † Gizon-emakume guztiok zeure seme-alaba gaituzun Jainkoa: bizi izan gaitezala geure barruan ezarri dozun zeure legearen arabera. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
        —Amen.
 
Jaunartzean
Hemen gaituzu, Jauna, ogiaren eske,
bizi behar honetan ahuldu bait gintezke.
Zure gorputz santua hartu nahi genduke:
zu barik bizitzerik ezingo genduke.
 
Munduak behar badau eguzki-argia,
mendiko abereak, iturri garbia;
besteok nahi badogu barruko bizia
beharrezkoa jaku zeruko ogia.
 
Jauna, zure grazia lagun dakigula,
ogi hau jan dagigun behar dan bezela;
Ez ahaztu txarrerako jarriak gaozela:
arren, zuzen ta leial bizi gaitezela.
 
Azkenean
        Jainkoari eskatu eta harek emon egiten deuskula uste izatearen erreztasunetik urten beharra daukagu, harek geure barruan ezarri dauan legea eta egitasmoa bilatzeko. Honek isiltasuna lantzea eta gauza gatxagoak eskatzen badeuskuz ere. Bestela ohikerien eremuan galduta bizi izango gara, Farisearren antzera.
        Bilatu daigun, ba, behar dogun argitasuna eta adorea Jainkoaren berbara hurreratuz eta alkartean ospatuz.
 
 
 

UZ-10-B

  URTEAN ZEHARREKO X. DOMEKA B urtean ( F. Marcos ) I. Irakurgaia Alkarren arerio egingo zaituet hi eta emakumea, hire eta haren on...