Urtean Zeharreko XXVIII. Domekea /B

 

B urtean


I. IRAKURGAIA 
 Jakituriaren aldean aberastasuna ezereztzat jo neban.
Jakituria liburutik 

Jkt 7, 7-11

    Otoitz egin neban, eta zuhurtasuna emon eustan Jainkoak,
dei egin neutsan, eta jakituriaren espiritua heldu jatan; 

errege-aulkia eta aginte-makila baino nahiago izan neban;

haren aldean aberastasuna ezereztzat jo neban;

harribitxirik preziatuenagaz be ez neban parekatu,

urre guztia, haren aldean, hondar-apur bat besterik ez,

eta zidarrak, haren aurrean, lokatza dirudi.


Osasuna eta edertasuna baino maiteago izan neban

eta neure argitzat aukeratu,

haren distira ez da-eta inoiz amatatzen.


Eta jakituriagaz ondasun guztiak batera etorri jatazan,

eta ezin konta ahala aberastasun haren eskutik.


Jaunak esana.



Erantzun salmoa

Sal 90 [89], 12-13. 14-15. 16-17 (R/. ik. 14)


 

R/.    Zeure maitasunaz ase gagizuz, Jauna,

    poztu gaitezan Zugan.


V/.    Irakatsi egiguzu geure egunen kontua eroaten, 

zuhurtasunaren muinaz jaubetu gaitezan.

Bihurtu zakiguz, Jauna! Noiz arte? 

Erruki zaitez zeure zerbitzariez. R/. 


V/.    Asetu gagizuz goizero zeure maitasunaz, 

poztu gaitezan eta zoriontsu izan geure egun guztietan.

Emon zoriona orain arteko atsekabe-egunen ordez, 

ikusi doguzan urte gorrien ordez. R/.


V/.    Ikusi begie zure zerbitzariek zure egintza, 

eta hareen seme-alabek zure dirdaia.

Betor gugana Jaunaren, gure Jainkoaren, gozotasuna 

eta sendotu begi harek gure eskuen lana; 

sendotu dagiala, bai, gure lana. R/.




II. IRAKURGAIA

Barruko pentsamentuak eta asmoak aztertzen ditu

Jainkoaren hitzak.


Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 4, 12-13


    Bizia da Jainkoaren hitza, bizia eta eraginkorra, aho biko ezpata baino 

sarkorragoa; arimaren eta espirituaren sakoneraino sartzen da, pertsonaren 

zokorik ezkutueneraino, eta barruko pentsamentuak eta asmoak aztertzen 

ditu. Ez da harentzat munduan ezer ikusezinik; dana dago biluzik eta 

agirian, kontuak emon beharko deutsaguzan haren begien aurrean.


Jaunak esana.


Aleluia

Mt 5, 3


R/.    Aleluia.


V/.    Zorionekoak gogoz behartsu diranak,

    eurena dabe-eta Jainkoaren erreinua. R/.


EBANJELIOA


    Ebanjelio hau era laburrean ik. honen ondoren.


Saldu daukazun guztia, eta jarraitu Niri.


✠  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 10, 17-30

    Aldi haretan, Jesus abiatzera joiala, gizon bat etorri jakon lasterka eta, 

aurrean belaunikaturik, itaundu eutson: «Maisu ona, zer egin behar dot 

betiko bizitza ondaretzat jasotzeko?»

    Jesusek erantzun eutson: «Zergaitik dinostazu ona? Inor ez da ona, 

Jainkoa besterik. Badakizuz aginduak: ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, 

ez egin guzurrezko testigantzarik, ez egin kalterik, hartu aintzat aita-amak». 

Harek, orduan: «Maisu, gazte-gaztetarik bete izan dot hori guztia».

    Jesus begira jarri jakon maitasunez, eta esan: «Gauza bat besterik ez jatzu 

falta: zoaz, saldu daukazun guztia eta emon behartsuei, eta altxorra izango 

dozu zeruan; gero, zatoz eta jarraitu Neuri». Berba honeek entzutean, ilun 

jarri zan gizona eta atsekabez joan, ondasun handien jabe zan-eta. 

    Orduan, Jesusek, ingurura begiratuz, esan eutsen ikasleei: «Bai nekez 

sartuko dirala aberatsak Jainkoaren erreinuan!» Harrituta laga zituan ikasleak 

esaldi honek. Baina Jesusek barriro be: «Ene semeok eneok, gatxa da benetan 

Jainkoaren erreinuan sartzea! Orratzaren begitik ganbelua igarotzea errezago, 

aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino».

    Ikasleek, gero eta harrituago, alkarri inotsen: «Nor salbatu leiteke, orduan?» 

Jesusek begira-begira jarri eta esan eutsen: «Gizakiarentzat ezinezko da, baina 

Jainkoarentzat ez, ze, dana egin leike Jainkoak».

    Pedrok esan eutson Jesusi: «Hara, guk dan-dana itzi dogu, Zeuri jarraitzeko». 

    Jesusek erantzun: «Benetan dinotsuet: Nigaitik eta Barri Onagatik etxea, 

senideak, ama, aita, seme-alabak eta lurrak izten dituanak, orain, mundu 

honetan, ehun halako hartuko dau: etxe, senide, ama, seme-alaba eta lur, 

erasoaldiakaz batera; eta gero, datorren munduan, betiko bizitza.


Jaunak esana.



    Ebanjelioa era laburrean.


Saldu daukazun guztia, eta jarraitu Niri.


✠  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 10, 17-27

    Aldi haretan, Jesus abiatzera joiala, gizon bat etorri jakon lasterka eta, 

aurrean belaunikaturik, itaundu eutson: «Maisu ona, zer egin behar dot betiko 

bizitza ondaretzat jasotzeko?»

    Jesusek erantzun eutson: «Zergaitik dinostazu ona? Inor ez da ona, Jainkoa 

besterik. Badakizuz aginduak: ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin 

guzurrezko testigantzarik, ez egin kalterik, hartu aintzat aita-amak». Harek, 

orduan: «Maisu, gazte-gaztetarik bete izan dot hori guztia».

    Jesus begira jarri jakon maitasunez, eta esan: «Gauza bat besterik ez jatzu 

falta: zoaz, saldu daukazun guztia eta emon behartsuei, eta altxorra izango dozu 

zeruan; gero, zatoz eta jarraitu Neuri». Berba honeek entzutean, ilun jarri zan 

gizona eta atsekabez joan, ondasun handien jabe zan-eta. 

    Orduan, Jesusek, ingurura begiratuz, esan eutsen ikasleei: «Bai nekez sartuko 

dirala aberatsak Jainkoaren erreinuan!» Harrituta laga zituan ikasleak esaldi 

honek. Baina Jesusek barriro be: «Ene semeok eneok, gatxa da benetan 

Jainkoaren erreinuan sartzea! Orratzaren begitik ganbelua igarotzea errezago, 

aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino».

    Ikasleek, gero eta harrituago, alkarri inotsen: «Nor salbatu leiteke, orduan?» 

Jesusek begira-begira jarri eta esan eutsen: «Gizakiarentzat ezinezko da, baina 

Jainkoarentzat ez, ze, dana egin leike Jainkoak».


Jaunak esana.



URTEAN ZEHARREKO XXVIII. DOMEKEA /B

HOMILIA

     Senideok: Jesusek, krisian sartu danetik, bere ikasleei eta jenteari irakasten dihardu… Argi laga deutse Jerusalemera abiatzen dala eta han nagusiek heriotzara gaitzetsiko dabela. Hori dala-eta, bere jarraian joan gura dauanari, bere buruari uko egin eta kurutzea hartzea besterik ez dagokiola esan deutse.

     Ikusi dogu zer jazo dan: jarraitzaile askok lepo emon deutsoe; ikasleek eurek ere ez deutsoe ulertzen, eta holango asmoak haren burutik kentzea ere bilatu dabe. Eta zein gogor erantzun deutsen Jesusek!

     Irakatsietan urrats bat gehiago emongo dogu gaurkoan. Jainkoaren jakituria beste ezer baino ederragotzat jo dogu, eta haren berbea, bazter guztiak arakatzen dauzan ezpata zorrotz dala esan dogu. Hauxe da Jesusengan aurkitzen doguna. baina zergaitik ez dogu ulertzen, edo desbideratu gura dogu bere eginkizunetik? Ez eta da geure burua zaindu gura dogulako?

     Gure errakuntzarik handiena, gure hutsik handiena ez da hauxe besterik: geure burua zaindu gura izatea. Jarrera horretatik ezin dogu ulertu Jesus, bere burua, besteok bizi izan gaitezan, heriotzara emoten daualako. Geurekeria (edo egoismoa) gainditzeko gauza bagina… Geure buruaz baino gehiago besteez arduratuko bagina, geure biziaren kaltetan izan arren… Orduan bai ulertuko geukela Jesusek dinoskuna, eta pozik ere hartuko geukela kurutzea, geure bizia besteen alde emoteraino hari jarraituz. Baina… Jainkoari zi ntzotasunez eta erradikaltasun osoz erantzuteko Jesusek egin eban hautaketea daukagu egin barik. Geurea litzateke ebanjelioko gazteak egiten deutson galderea: Zer dagokit egitea salbazinoa eskuratzeko?

     Esan daigun: aberatsa da gaztea, bai ondasunez eta baita sinistez eta bizitz arduraz ere. Baina ha ta guztiz ere ez dauka ziurtasun osoa. Eta hori Jesusengan aurkituko dauala uste dau. Zelango porrota! Jesusen erantzunak lur jota lagaten dau. Gazteak zeozer gehiago gura eban; Jesusek ez deutso holangorik eskeintzen ez eskatzen: bizi izateko "beste" era bat baino.

     Ez da, ba, senideok, gauza asko eta onak egin beharra eta txarkeria saihestea zerua saritzat hartzeko. Jesusek Jainkoaren esku izten dau hori, eta haren maitasunari erantzutea bilatzen dau eta irakasten bere inguruan. Hori ulertzen ez dogun artean, jai daukagu. Bide okerretan ibiliko gara Jesus ezagutu guran, haren egitasmoa bete guran…, alperrik.

     Judeguek Jainkoaren aginduko lehen hirurak eukezan beste edozeren gainetik. Jesusek beste aginduak aitatzen deutsoz gazteari, Jainkoaren nahia egiteko bide bakar lez senidea aintzat hartzea dala argi itziz. Ondasunak ere Jainkoaren bedeinkapen lez ulertzen ziran. Jesusek ostera, oker bidera eroan geinkezala irakasten dau eta, ulertuko ez badeutsoe ere, ondasunetatik aldendu egin behar dala irakatsiko dau. Zelan ulertu holango Jesus?

     Sarri aitatzen daguz behartsuak, pobrezia eta parkamena eta maitasuna… Baina Jesusen arauetan sartzen ez bagara, geure jakintzaz eta usteetan ulertu gura badogu, beti ibiliko gara oker bideetan, ondo goazela uste izanik.

     Egin deiogun, ba, uko geure buruari; jarri daigun gure bizitzearen erdian senidea, behartsua, lehentasun lehenengo lez, eta izan daigun gogoan Jainkoa gurtzeko era bakarra horixe dala: senidea aintzat hartzea, bizia haren alde emotea.

 

HOMILIA (UZ-28-C_24)

 

Senideok: Ikasle aldietako neure bizikizun bategaz naiatortzue, gaur irakurgaiak neuretzen lagundu deustalako, zeuei ere lagundu leikizuela uste izanik. Hona hemen:

Ikasleen artean hiru-lau eratako ikasleak egozan:

a) Batzuk, oso azkarrak, gauzak laster baten ikasten ebezanak, eta, ikasturtea erraz aprobatzen ebenez, denpora luzeagoak emoten ebezan jolasten.

b) Bigarren batzuk, oso azkarrak izan arren eta ikasturtea errez gainditzeko gauza izan, ikasketei emonak egozan eta gainerako ikasketa edo jardukizunik egiten ebezan.

Lehenengoek jolasean aurkitzen eben zoriona; bigarren honeek ikasketetan.

c) Baegozan hain azkarrak ez ziranak ere, eta ahaleginak eta bi eginez gainditzen eben ikasturtea. Eta gainditze hori zan euren poza.

d) Azken batzuk ere jarriko neukez. Hagaitik-horregaitik ikasgairen bat aprobatuta emoten baeben, batzuk kolperik ere emoten ez eben artean, beste batzuk makalen ikusten eben ikasgaian eralgiten eben denpora hori.

Zu zelango ikasle zinateke?

Gaurko Lehenengo Irakurgaiak Jainkoa Jakituria lez aurkeztu deusku, eta, eskatzen dauanak, aurrez aurre aurkitzen dauala esan.

Hebertarrei egindako epistoleak, horretan sakonduz, Jainkoaren berbea azaldu deusku barrukoen diran muinetaraino helduz azalean jarten deuskuzala gure barruti guztiak.

Ebanjelioan horren aurreango jarrerak aurkeztu deuskuz: zelango ikasle garan, halango erantzuna bilatuko dogula esanez.

Jesusengana hurreratzen dan gazteak asmo ederrak daukaz; antz emoten deutso Jesusek eta urrats bat gehiago emoteko aukerea aurkezten deutso. Gazteak ez dau horrenbestera heldu nahi. Ikasturtea aprobatuta daukala ikusten dau, eta nahikoa dau. Baina buru-makur doa. Azken saria bilatzen dau, baina Jesusek ez dau bere erantzunaz asetzen, eta, aurkezten deutsonak daukazan ondasunak albo batera botatea eskatzen deutso…

Ikasleek ere geroko saria amesten dabe; eta euren ikasketa-ahaleginak aurkezten deutsoez Jesusi. Honeek ere, Jesusegaz ibili arren ez dabe ikasi Jesusen maisutzatik.

Jesusentzat, arazoa ez da geroko saria. Hori Jainkoaren gauzea da, eta bera baino ez da ona.

Arazoa Jainkoaren ontasunean bizi izatea da. Horrexek egiten dau Jesus zoriontsu; eta horrexek daroa Jainkoaren aurpegia erakustera. Jesusentzat, ikastea bera dala —esan geike—zorion-bide.

Geroko sariaren zain gagoz? Ala Jainkoaren ontasuna ezagutu gura dogu eta horren barri emoten bizi izan zoriontsu?

Badaukagu urratsik emon beharrik!

 

 

URTEAN ZEHARREKO XXVIII. DOMEKEA /B

LAGUNGARRIAK

Sarrera-oharra

     Ondo etorri, senideok, urtean zeharreko 28. domeka honetako liturgia ospatzera. Irakatsi guran daukagu Jesus, eta Jainkoak bere Jakituriatik emon gura deusku. baina haren hitzari (aho biko ezpata zorrotz dan hitzari) barruraino sartzen lagaten ez badeutsagu, erdi bi egin eta argitan jarten ez bagaitu, geure ilunpeetan jarraituko dogu eta ez dogula ulertzen esango deutsagu. Prestatu gaitezan, ba, Jainkoaren berbea beharrezko dogun jakituria iturri lez  entzuteko. Biztu dakigula haren arabera bizi izateko gogoa.

Abadearen agurra

     † Jainkoaren jakituriazko berbea dogun Jauna izan bedi zuekin.

     —Eta zure espirituarekin.

Sarrera-abestia

ZU GABE, JESUS, NORA joango gara gu?
Zuk betiko bizitzako hitzak, Jauna, dituzu.

1 Zu gure maisu zaitugu, zu gure gidari
zure hitza guretzat indar eta argi.

2 Maitasunezkoa dogu, Jauna, zure hitza
Zu zaitugu egia, bidea, bizia!

 Damu otoitza

     Jainkoaren hitzaz barik beste jakituria batzuez argitu gura izaten dogu, inguruak horixe eskatzen deuskula-eta. Jo daigun Jainkoaren errukira:

     —Jesus Jauna, Jainkoaren berba salbagarria, erruki, Jauna.

     —Jesus Jauna, gure bizitza argitu daikezun bakarra, Kristo, erruki.

     —Jesus Jauna, ondasun bakarra Aitaren nahia zenduana, erruki, Jauna.

 Jk 7, 7-11

     Zerk eragozten ete deusku Jainkoaren jakituriaren arabera bizi izatea? Ez ete da hautaketa sendoa egin ez dogulako?

 Erantzun salmoa

     Jainkoari eskatzen deutsagun argitasuna eta jakituria, haren arabera bizi izateko izan daitela, eta ez alperreko gauza lez eukiteko.

 

Heb 4, 12-13

     Badakigu zergaitik deutsagun bildur Jainkoaren berbeari: gure ilunpeak argitara ataraten dauzalako.

 Mk 10, 17-30

     Gauza gehiago egitea dagokigu, ala bizikeraz aldatzea, gure usteak albo batera laga eta Jesusi entzutea? Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.

 ESKARIAK

     † Bere jakituriaz jantzi gura gaituan Jainkoari zuzendu deioguzan gure eskariak:

     —Eleizearen alde: Jainkoaren berbea baino beste jakituriarik ez beste ondasunik bilatu ez daian, egin daigun otoitz (Jainko Jauna, zeugan dogu uste ona).

     —Aberastasunean bizi garan herrialdeok gogoan hartu daiguzan herrialde pobreak, hareen kanpo zorra ezabatu eta hareen garapena sustatu daigun, egin daigun otoitz.

     —Aurrean erabiliak, edo baztertuak edo ezerezeratuak dira gizon-emakume eta umeen alde:  zeozer garala uste dogunon adimenean  aldarri bizi izan daitezan, egin daigun otoitz.

     —Otoitzerako alkartu garanok Jainkoaren berbea gogo biziz hartu daigun eskuan, otoitzera eroan gaizan eta bizitza haren arabera eratzera, egin daigun otoitz.    

     † Gure barrua ezagutzen dozun Jainkoa: bildur barik hurreratu gaitezala zugana, eta zure jakituriaz zuzendu daigula gure bizikerea. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

     —Amen.

 Jaunartzean

Maisu ogi bizi, gure lagun,
Jesus gure bihotz barruan,
berarekin guk egin dezagun,
orain otoitz eta gero lan.

 1 Gure Maisu on eta argia, zu zaitugu gure egia;
zure hitzez ta zurekin, Jesus, egin dugu oparia.

2 Zure gorputza eta odola: janari ta edaria;
zu zaitugu, Jesus, gure lagun, adore eta bizia

  Azkenean

     Ebanjelioko gazteak gehiago gura izan eban, aberastasunak ez eutsalako ziurtasun osoa emoten. Baina Jesusek bide bat erakusten deutso: uste ona ondasunetan eta egin leikezan gauzetan barik beragan jarriz berari jarraitzea.

     Jainkoa gurtzeko era bakarra horixe dogu: senidea aintzat hartzea, eta gure bizia haren alde emotea. Ulertzen da, ezta? Baina… gure buruari uko egin behar bide horretan abiatzeko!

 Kantua

JESUS MUNDUKO ARGIA
Jesus zinezko egia. Jesus betiko bizia.

1 Jesus Jainko gizona Zuri gure bizia
hartu gure Jaun ona gu garean guztia.

 2 Gure bihotz barruan biztu zure argia
gaitezen gu munduan argi Jainkoz betia.

 



 





UZ-10-B

  URTEAN ZEHARREKO X. DOMEKA B urtean ( F. Marcos ) I. Irakurgaia Alkarren arerio egingo zaituet hi eta emakumea, hire eta haren on...