Urtean Zeharreko XXVI. Domeka /B

Urtean Zeharreko XXVI. Domeka

(Fray MARCOS)

B urtean

I. Irakurgaia

  Nigaitik bekaizti?
Nahiago neuke herri osoa profeta balitz.

Zenbakiak liburutik

Zen 11, 25-29

    Egun hareetan, Jauna lainoan jatsi eta Moisesegaz berba egin eban; gero, Moisesek eban espiritutik hartu eta hirurogeita hamar herri-arduradunei isuri eutsen. Espiritua hareengan kokatu orduko, profeta lez hasi ziran berbetan; baina ez eben jarraitu. Gizaseme bi, bata Eldad eta bestea Medad eritxenak, hirurogeta hamarren taldekoak izan arren, ez ziran alkarketa-txabolara joan, kanpalekuan gelditu ziran. Baina kokatu zan espiritua hareengan be eta profeta lez berbetan hasi ziran.

    Orduan, mutiko batek Moisesengana arineketan joan eta esan eutson: 

«Eldadek eta Medadek profeta lez berbetan dihardue kanpalekuan». Nunen seme Josuek, gaztetatik Moisesen laguntzaile zanak, esan eban: «Moises, ene jauna, galarazo egiezu». Baina Moisesek erantzun eutson: «Nigaitik bekaizti? Nahiago neuke herri osoa profeta balitz eta Jaunak bere espiritua danei emongo baleutse!»

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 19 [18], 8 eta 10. 12-13. 14 (R/. 9a)


R/.    Jaunaren arauak zuzenak dira,
        bihotzaren pozgarri.


V/.    Jaunaren legea bikain, barrua arnasbarritzen dau;

Jaunaren agindua fidagarri, heldubakoa zuhur egiten dau.

Jaunaganako begirunea garbi, iraunkor betiko,

Jaunaren erabagiak egiazko, dan-danak bidezko. R/.

 

V/.    Zure morroi honek hareetan dau argia, 

hareek gordetzean sari handia.

Nork ezagutu bere hutsegiteak? 

Garbitu nagizu ezkutuko erruetatik. R/.

 

V/.    Gorde nagizu guztiz harrokeriatik,

ez dakidala nagusitu; 

holan, akats barik izango naz, pekatu larritik libre. R/.

 

II. Irakurgaia

Zuen ondasunak ustelduta dagoz.

Santiago Apostoluaren epistolatik

St 5, 1-6

    Entzun orain, zuek, aberatsok! Egizue negar eta aiene, gainera datorkizuezan zoritxarrakaitik. Ustelak jota dagoz zuen aberastasunak, eta sitsak janda zuen jantziak. Ugerrak jota dagoz zuen urre-zidarrak, eta uger hori izango dozue testigu zeuen kontra, eta suak lez jango dau zuen haragia. Auzi aurreko azkenak diran egun honeetan pilatu dozue aberastasuna.

    Zuen soloetan uzta batu eben langileei ordaindu ez zeuntsien soldatak deadarka dihardu, eta igitarien deadarra Jaun ahalguztidunaren belarrietara heldu da. Majo bizi izan zarie zuek hemen lurrean eta atseginetara emonak; holan, abereak lez gizendu zarie hilketa-egunerako. Errubakoa kondenatu  dozue eta hil, eta inork ezin izan deutsue aurre egin.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Ik. Jn 17, 17b. a

R/.    Aleluia.

V/.    Zure hitza da egia, Jauna;

    sagaratu gagizuz egiaren bidez. R/.

 

Ebanjelioa

Gure aurka ez dagoana gure alde dago.
Zeure eskuak galbidean jartzen bazaitu, ebagi
.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 9, 38-43. 45. 47-48

    Aldi haretan, Joanek esan eutson Jesusi: «Maisu, gizon bat ikusi dogu zure izenean deabruak botatzen, eta galarazo egin gura izan deutsagu, ez da gure taldekoa-eta».

    Baina Jesusek erantzun: «Ez galarazo, ze, ez da inor, nire izenean mirari bat egin eta gero Nitaz txarto berba eginez jardungo dauanik. Ze, gure aurka ez dagoana gure alde dago». 

    Jesusek esan eutsen ikasleei: «Mesiasen jarraitzaile zarielako, baso bete ur bada be emoten deutsuena, benetan dinotsuet, ez da saririk barik geldituko.

    Nigan sinisten daben txiki honeetakoren baten sinismena okerbidean jartzen dauanak, hoba leuke errotarria samatik lotu eta itsasora botako balebe. 

    Zure eskuak galbidean jartzen bazaitu, ebagi egizu; hoba dozu eskubakar betiko bizitzan sartu, esku biak dozuzala infernura, amatatu ezineko surtara, joan baino. 

    Zure oinak galbidean jartzen bazaitu, ebagi; hoba dozu hankabakar betiko bizitzan sartu, oin biak dozuzala infernura jaurtia izan baino. 

    Hoba dozu begibakar Jainkoaren erreinuan sartu, begi biak dozuzala infernura jaurtia izan baino; han ez da hiltzen barruko harra, ezta sua be amatatzen.

Jaunak esana.

HOMILIA

Senideok: aintzat hartzen dogun zeozer dogu sinismena? Lantzen dogun zeozer da? Alkarbanatzen doguna? Eta alkarregaz ospatzeko gauza garana? Izango ginateke gauza gure siniskerea zalantzan jarteko. Onartuko geuke beste norbaitek gure siniskerea zalantzatan jartea?... Zenbat galdera, ezta?

Ba, zelan edo halan, danak atara geikez gaurko irakurgaietatik.

Askorentzat sinismena zelan-halango ziurtasuna emoten dauan zeozer da. Ziurtasuna geroko ez eze, oraingoxe ere bai.

Hori dala-eta, besteek egiten edo esaten dabenari begira ibilten dira eta hareen bizikerea arakatzen. Besteek ere sinismena eurek bizi daben lez bizi izan daiela bilatzen dabe. Eta, holan ez bada, ohartarazi egingo deutse…

Beste askok eta askok, horraitino, ezelango zalantza barik bizi izango dabe euren sinismena, eta konturatu ere ez dira egingo zertan diharduen, beti halan egin dabela-eta.

Gure sinismena aintzat hartu gura badogu, goazen argitasun eske gaurko irakurgaietara, senideok.

Lehenengoan Espirituari ateak jarteko edo mugak ipinteko ez garala nor, aurkitu dogu: harek nahinon jarduteko ahalmena dau. Ez dau harek geure menpe egon behar, geuk bere esanetara baino.

Horrek taldeak emon leigun ziurkeriatik urten beharra agintzen deusku. Azalekoa da taldeak emon leigun ziurtasuna.

Ezin uste izan neike eleizan nagoala-eta, bateatua nazala-eta, mezatara natorrela-eta, Jaunartzen dodala-eta… Jainkoaren gogokoa nazanik, beste barik.

Geure ondo esaten, ondo egitean eta gizatasun neurria emotean agertuko dogu Jainkoaren Espirituak diharduala gugan.

Harek alkarte egitera eroango gaitu; banakuntzak egitea galazoko; eta besteei min emon leien edozer saihestera.

Aldi aproposak jatorkuz eleiz alkartekide garanoi: Eleiza sinodalak urratsak emongo ditu: geuk ere emon daiguzan haregaz batera. Eleizbarrutiak 75. urteurrena ospatuko dau: poztu gaitezan eta esku hartu daigun ekintzetan.

Gure Eleizeak kristinau helduak behar gaitu: eratu daiguzan sinismena lantzeko taldeak. Deituta zagoze: hasi izenak emoten, argitasun larregirik eskatu barik; lan egiteko eta zerbitzuan jarteko prest.

 

 

 

URTEAN ZEHARREKO XXVI. DOMEKEA  /B

HOMILIA

     Senideok: hain burugogorrak gara? Hain itxiak edo zarratuak gara, geurea baino ez ikusteko edo ulertzeko?

     Geure  buruaz ez dogu holangorik autortu gura izango. Baina zer agertzen jaku domekotako ebanjelioan? Ba, hauxe berau, senideok: Jesusen ikasleek, haren ondoan egunero dagozanek, haren hizkuntza eta kultura bera darabilenek, ez dabezala ulertzen Jesusen berbak. Ez dabez ulertzen, ala ez dabez ulertu gura?

     Ba dirudi, Jesusen ikasle eta jarraitzaile badira, holangorik ez leikiela jazo behar, ezta? Baina bai; jazoten jake! Jesusen ikasle eta jarraitzaile dira; Jesusek bere ingurura batzen dauz, besteengandik aldenduta, hurtasunez eta argi berba eginez, ulertu daien. Baina… Burua beste zeozertara edo nonora egokituta badago, Jesusen zera ez dago ulertzerik, norbere uste guztiak bazterrera edo pikutara bota beharra dagoalako. Eta hori egin ezkero, ziurtasunik ezean gelditzen da bat, zeri eutsi ez daukala.

     Bai, ba! Jesusek berak izan gura dau gure euskarri, eta euskarri bakarra. Lartxo, gehiegitxo, ez ete da? Hori uste badogu, eta beste euskarri guztiak baztertzeko asmorik ere ez badaukagu, ezin izango dogu Jesusen proposamena ulertu…, onartu. Baina ez ulergatxa dalako, ez; onartezina egiten jakulako baino; gure babes eta ziurtasunak baztertu gura ez doguzalako baino.

     Jesus, bere eskeintzan, goitik beherakoa agertzen jaku, erradikala: begiak, eskuak, dana-dalakoak harengandik aldentzera bagaroaz, ba, gugandik urrun bota behar dogu aldentzen gaituan hori. Egiten dogu hori, senideok?

     Talde bateko izateak emoten deusku ziurtasuna; gure sinismena Eleizan bizi izateak, eta Sakramentuak hartuta egoteak, eta betekizun guztiak beteten doguzala uste izateak. Eta uste horrek, gure ziurtasunik behar ez dabenak baztertzera edo gaitzestera garoaz. Eta Jesusek hori berori ez egiteak min handiagoa emoten deusku.

     Baina Jesus Espirituaren askatasunean bizi da; Aitagan dau bere euskarria, ez betekizunetan, eraikuntzetan edo bere usteetan. Eta ez deutso bildurrik berari buruz besteek uste izan edo esan leikeanari; edo hori dala-ta, heriotzara joan behar izateari (hauxe da-eta gure jokabidea: nik lez uste ez dauana, edo ni lez bizi ez dana, kendu daidan paretik!).

     Jesusek, ostera, Espirituak eraginda, bere taldean ez dagozanak ere, gizakiaren gizatasuna lantzen badihardue, aintzat hartuko dauz, hareengan ere Espirituaren eragina sumauko dau.

     Askoren ustez, Caritas, Eleizearen beso luzatua izan arren, eta behartsuen inguruan egoteko dauan erea izan arren, beste gauza bat balitz lez hartzen dabe, eta ondo buztartu beharrekoa litzatekela. Ezaugarri baten dinoskue gaur bat dirala, eta Senitartea edo Komunitatea eraikitzen diharduela.

     Gaur etorkinak dakarguz gogora eta babestuak (edo errefuxiatuak), mundu mailako euren aldeko jardunaldian. Ba, gitxiendik, hauxe egin geike eleiztar lez: Caritasen bidez, eremu horretan geuk ere jardun, eta, gure senide lez, Eukaristiaren mahaira erakarri. Ez daigun euren aldeko otoitza ahaztu.

     Hauxe da Jesusek agintzen deuskuna, betekizun eta ohitura eta uste guztien gainetik: behartsuaren ondoan egoten jakin daigula, ingurukoen lotsa eta bildur barik, senidetasun horretan agertzen dalako Jainkoak deuskun maitasuna.

 

 

LAGUNGARRIAK

 PPTX-E  /  PPTX-C

Sarrera agurra

    Ondo etorri, senideok, urtean zeharreko 26. domeka honetako eleizkizunera. Gaurkoan ere Jesusek bere irakaspenak emon gura izango deuskuz, eta ikasleen jokabidean ikusiko dogu zein lotuak gagozan erakunde edo betekizun batzui, eurotan dogulako gure ustea jarrita eta ez Jesusengan. Ea hortik urten eta Jesusengana abiatzeko gogoa bizten jakun Eukaristia honetan.

Abestia

 ZU GABE, JESUS, NORA joango gara gu?
Zuk betiko bizitzako hitzak, Jauna, dituzu.

1 Zu gure maisu zaitugu, zu gure gidari
zure hitza guretzat indar eta argi.

2 Maitasunezkoa dogu, Jauna, zure hitza
Zu zaitugu egia, bidea, bizia!

Agurra

     † Jesus Jauna maisu eta lagun dogu. Haren grazia eta bakea zuekin.

     —Eta zure espirituarekin.

Damu-otoitza

     Jesus Jauna minduta dauka gure itxikeriak, eta harek Espirituaren eraginera zabaldu gura gaitu. Abiatu gaitezan haren errukira:

     —Jesus Jauna, gizon-emakumeon ona aintzat hartzen dozuna, erruki, Jauna.

     —Jesus Jauna, erakunde eta betekizunak baino harago begiratzen dozuna, Kristo, erruki.

     —Jesus Jauna, Espirituaren askatasunean gura gaituzuna, erruki, Jauna.

Znb 11, 25-29

     Heldutasuna behar da besteen ontasuna aintzat hartzeko, eta beste era batera uste dauana edo beste era batera bizi dana errespetatzeko; eta hori Jainkoaren Espirituaren eragin lez onartzeko…

Erantzun salmoa

     Esan daigun, salmoaren eskutik, gure uste ona Jainkoagan daukagula jarrita, eta ez erakunde edo betekizunetan.

 St 5, 1-6

     Ez gagoz ohituta holango doinu gogorrik entzuten eleizkizunetan; baina bai: Santiagok gogor-be-gogor hartzen dauz aberatsak ondasunen menpe dagozalako.

Mk 9, 38-443. 45-47ss

     Bere irakatsi eta asmoetatik ikasleak zein urrun dagozan ikusiz, Jesusek erradikaltasunera egingo deutse dei. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.

Eskariak

     † Gure usteetatik urten eta konfiantzea Jainkoagan jarri guran egiten doguz eskariok:

     —Eleizearen alde: Ebanjelioa eskuan dala hurreratu daiten behartsuengana eta erabili daizan bere ondasunak, egin daigun otoitz. (Jauna, zeugan dogu uste ona).

     —Agintari eta ahaltsuen alde: bihozbarritzeko asmoa biztu dakien, gizarte zuzenago baten alde jokatzeko, egin daigun otoitz. (Jauna, zeugan dogu uste ona).

     —Behartsuen alde: Eukaristia ospatzera hurreratu daitezan eta han onartuak eta aintzat hartuak izan daitezan, egin daigun otoitz. (Jauna, zeugan dogu uste ona).

     —Otoitzera joten dogunon bihotzean etorkinek eta errefuxiatuek leku berezia izan daien, egin daigun otoitz. (Jauna, zeugan dogu uste ona).

     † Aita on eta zuzena: emoiguzu zeure Semearen erradikaltasuna onartzeko ausardia eta halan bizi izateko adorea. Jesu Kristo berberaren bitartez.

     —Amen.

Jaunartzean

Maisu ogi bizi, gure lagun,
Jesus gure bihotz barruan,
berarekin guk egin dezagun,
orain otoitz eta gero lan.

1 Gure Maisu on eta argia, zu zaitugu gure egia;
zure hitzez ta zurekin, Jesus, egin dugu oparia.

2 Zure gorputza eta odola: janari ta edaria;
zu zaitugu, Jesus, gure lagun, adore eta bizia

 

Azkenean

     Argi geratu jaku eleizkizunetan esku hartu ezarren jkokatu daitekela zuzentasunez eta mundu gizakoiago baten aldeko lanean, eta Jesusen gogoko izan. Eta baita, eleizkizunetan esku hartzeak eta sakramentuetara hurreratzeak ez deuskula guk uste dogun ziurtasuna edo babesa emoten. Bilatu daigun, ba, Jesusen berbea ulertzea eta haren arabera bizi izatea. Horrexek bai beteko gaitula!

 

 

 

UZ-10-B

  URTEAN ZEHARREKO X. DOMEKA B urtean ( F. Marcos ) I. Irakurgaia Alkarren arerio egingo zaituet hi eta emakumea, hire eta haren on...