Urtean Zeharreko XXIV. Domekea /B

Urtean Zeharreko XXIV. Domeka

 (Fray MARCOS)

B urtean


I. Irakurgaia

Lepoa eskeini neutsen jotzen ninduenei 

Isaias Profetaren liburutik

Is 50, 5-9a

Jainko Jaunak belarria edegi deust,

eta nik ez deutsat aurka egin, ez atzera jo.

Lepoa eskeini neutsen jotzen ninduenei,

matrailea, bizarretik tiraka ebilkidazanei.

Ez neutsen aurpegia alboratu irainei eta txistuei.


Jauna dot laguntzaile;

horregaitik, ez naz kikildu;

horregaitik gogortu dot aurpegia, hatxa lez,

badakidalako ez nazana lotsagarri geratuko.


Ondoan dot defendatzailea: nork eroan ni auzitara?

Aurkeztu gaitezan alkarregaz!

Nork dau nigaz auzirik? Datorrela!

Hara, Jainko Jauna dot laguntzaile: nork kondenatuko nau?


Jaunak esana.



Erantzun salmoa

Sal 116 [115], 1-2. 3-4. 5-6. 8-9 (R/. 9)



R/.
    Ibiliko naz Jaunaren aurrean,

    bizidunen lurraldean.

   

Edota: Aleluia.


V/.    Maite dot Jauna, 

entzun dau-eta nire erregu-oihua,

makurtu dau-eta nigana belarria, 

dei egin deutsadan egunean. R/.


V/.    Heriotza-lokarriek inguratu ninduen,

Herio-lezako sareak harrapatu; 

estu eta larri nintzan. 

Baina dei egin neutsan Jaunaren izenari: 

«Arren, Jauna, atara nagizu onik». R/.


V/.    Errukiorra eta zintzoa da Jauna, 

onbera gure Jainkoa.

Jaunak zaintzen ditu apalak;

lur jota nengoan, eta salbatu nau. R/.


V/.    Bai, libratu deust bizia heriotzatik, 

begiak malkotik, oinak jaustetik. 

Jaunaren aurrean ibiliko naz 

bizidunen lurraldean. R/.


II. Irakurgaia

Fedea, bera bakarrik, egintzarik barik, hilda dago.


Santiago Apostoluaren epistolatik

St 2, 14-18

   

    Ene senideok: Zertako dau batek «nik badot fedea» esatea, egintzetan
ez badau azaltzen? Holako fedeak salbatu ete leike?

    Anaiaren nahiz arrebaren batek zer jantzirik edota eguneroko janik ez
badau, eta zuetako batek esaten badeutso: «Zoaz bakean, berotu zaitez eta
asetu», baina behar dauan laguntza emoten ez, zertako balio dau horrek?
Halantxe fedea be: bera bakarrik, egintzarik barik, hilda dago.

    Norbaitek esan leike: «Zuk fedea dozu; nik, barriz, egintzak». Bada, nik
esaten deutsut: Erakutsi egidazu egintzarik bako zeure fedea, eta nik
egintzen bidez erakutsiko deutsut neure fedea.  


Jaunak esana.


   

Aleluia

Ga 6, 14


R/.    Aleluia.


V/.    Jainkoak libratu nagiala harrotzetik, 

    gure Jaunaren kurutzean izan ezik, 

    kurutze horri esker, 

    mundua hilda dago-eta niretzat eta ni munduarentzat.  R/.


Ebanjelioa

Zu Mesias zara.

Gizonaren Semeak asko sufridu behar dau.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 8, 27-35

    Aldi haretan, Feliperen Zesarea inguruko auzoetara abiatu zan Jesus
bere ikasleekin. Bidean itaun hau egin eutsen ikasleei: «Ni nor nazala dino
jenteak?» Hareek erantzun eutsoen: «Batzuk Joan Bateatzailea zarala;
beste batzuk Elias; besteek profetaren bat». Jesusek barriro itaundu eutsen:
«Eta zuek, nor nazala dinozue?»  Pedrok erantzun: «Zu Mesias zara».

    Inori ez esateko agindu eutsen Jesusek zorrotz. Orduan, irakasten hasi
jaken Gizonaren Semeak asko sufridu beharra ebala; zahar, abadeburu eta
lege-maisuek txartzat joko ebela eta hil; eta hiru egunen buruan biztuko
zala. Argi eta garbi egiten eutsen berba honetaz.

    Orduan, Pedro, Jesus aparte hartuta, gogor egiten hasi jakon. Baina
Jesusek, bihurtu eta ikasleei begira, gogor eraso eutson Pedrori, esanez:
«Alde nire ondotik, Satanas! Zure asmoak ez dira Jainkoarenak,
gizakiarenak baino».

    Jesusek jenteari eta ikasleei dei egin eta esan eutsen: «Nire ondoren
etorri gura dauanak egin beio uko bere buruari, hartu begi bere kurutzea eta
jarraitu beist. Izan be, bere bizia gorde gura dauanak galdu egingo dau;
bere bizia Nigaitik eta Barri Onagaitik galtzen dauanak, ostera, gorde
egingo dau.


Jaunak esana.

 

 

URTEAN ZEHARREKO 24. DOMEKEA /B

 HITZALDIA

 

        Senideok: gaurko ebanjelioan Jesusek Pedrori emoten deutson erantzunak neure buruari galdera hauxe egitera naroa: ondo ulertzen dot sinismena? Edo beste hauxe ere bai: Jesusek gura dauan lango jarraitzailea naz?

        Gaurko Liturgiaren arabera, garrantzi handikoa da gure sinismena zelangoa dan jakitea, Jesusen jarraitzaile zintzoak gura badogu izan, behintzat. Jesusen jarraitzaile zintzoa izan gura dauanak, ba, beharrezkoa dau bere buruari galdera hau egitea: Zer/Nor da Jesus niretzat? Eta Jesus niretzat dan hori, Berak niretzat izan gura dauana da?

        Gaurko irakurgaien arabera, sinismena ez da norberak uste dauan zeozer. Ezin neike neuk esan sinistuna nazan ala ez. Sinistunaren barri bere egintzek emoten dabe. Holan, sinistunak Jainkoagan aurkitzen dau oinarri ziurra eta haren berbea entzuteko egarri da, eta honen arabera bizi izatea bilatzen dau, ez inguruari egokituta bizi izatea.

        Santiagoren hitzetan, sinismenak nahi ta ez daroa sinistuna bere sinismena egintzetan gauzatzera. Sinismena ez da uste hutsa, egintzetan gauzatzen dan Jainkoaren dohaia baino: eguneroko bizitzan, eta egintza bidez, agertuazoten dau, ba, sinistunak Jainkoak deutson maitasuna. Behartsuen ondoan egoten daki, irainei ez deutse erantzuten, parkatu egiten dau, eta Jainkoaren errukiaren, parkamenaren eta maitasunaren lekuko da, behartsuei lehentasuna emonez.

        Sinismena ez da, ba, neuk uste izan neiken egintzetan gelditzen: mezea entzun, otoitz egin, Jainkoari besteen alde eskari batzuk egin, pobreentzat limosna emon… Hori guztihori ondo egon arren, Jesusen inguruan egondakoek zera ikusi eta aurkitu eben: hori guztihori baino gehiago zala Jesusek eurengandik itxaroten ebana, eta Jesusek berak bere bizitzan gauzatzen ebana Aitaren esanetara egotea (hari entzun egin behar deutso, ba); Aitaren egintzat gauzatzea (behartsuei lehentasuna emotea, parkamenaren eta maitasunaren lekuko izatea); eta eginkizun honetan laguntza ez dan edozer bazterreratzea, batez ere eginkizun horretatik desbideratzea gura dauana bada (izan gogoan ebanjelioan Jesusek Pedrori emoten deutson erantzuna).

        Sinismena ez da, ba, geroa ziurtatzeko era bat, egunerokoa bizi izateko dohaia baino. Arau batzuk betetea edo lege batzuk ez apurtzea baino gehiago da, ba: Jainko Aita-Amaren antzeko seme-alaba izatea, eta hau eguneroko bizitzan eta hartu-emonetan gauzatzea.

        Nigan hauxe eragiten dauana dot Jesus.

 

 

LAGUNGARRIAK

 PPSX-E  —   PPSX-C

 

Sarrera-oharra

        Ondo etorri, senideok, Urtean Zeharreko 24. domeka honetako Liturgia ospatzera.

        Erantzun errezik ez daukan galdera bat egingo jaku: Zer edo Nor da Jesus niretzat? Eta gaur iragarriko jakun Jainkoaren berbeak erantzun baliokoa gauzatzen lagunduko deusku, Jesusen jarraitzaile zintzoak izatea bilatzen badogu, behintzat.

 Sarrera abestia

          Abesti honek Jesusenganako autortza egiten lagunduko deusku. Gure bizitza Jesusengan oinarritua dagoala esaten dogu.

 ZU GABE, JESUS, NORA joango gara gu?
Zuk betiko bizitzako hitzak, Jauna, dituzu.

 1 Zu gure maisu zaitugu, zu gure gidari
zure hitza guretzat indar eta argi.

 2 Maitasunezkoa dogu, Jauna, zure hitza
Zu zaitugu egia, bidea, bizia!

 

Damu-otoitza

        Jesusen jarraitzaile zintzoak izateko asmotan joten dogu Jainkoaren errukira:

        —Jesus Jauna, Jainkoaren izantasuna agertzen deuskuzuna, erruki, Jauna.

        —Jesus Jauna, gure usteetatik atara gura gaituzuna, Kristo, erruki.

        —Jesus Jauna, zeure ikasle izatera deitzen gaituzuna, erruki, Jauna.

 

Is 50, 5-9a

        Zelango sendotasuna erakusten dauan, Jainkoaren entzule izanik, bizitza eta eginkizuna harengan oinarritzen dauzanak! Hau da bilatzen doguna?

 

Erantzun salmoa

        Sinistunak badau Jainkoaren egintzen barri, eta horixe da esker onez iragarten dauana.

St 2, 14-18

        Sinismenari buruzko erratuak eta usteak zuzentzera jatorkuz Santiagoren berbok.

 

Mk 8, 27-35

        Zelangoak gura gaitu Jesusek? Galdera honexek eroan gaizala gaurko ebanjelioa entzutera. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.

 

ESKARIAK

        † Jainkoaren seme-alaba izan gura dogulako zuzentzen deutsoguz eskariok gure Aita-Ama dogun Jainkoari:

         —Eleizearen alde: iragarri deion gaurko gizakiari Jesusek bere egintzetan gauzatzen dauan Jainkoaren aurpegia, egin daigun otoitz.

Jauna: zeugan dogu uste ona!

         —Behartsuen alde: lehentasuna izan daien Jesusen jarraitzaile izan gura dogunon egunerokoan, egin daigun otoitz.

        —Astinduak izan diralako-edo, gogorkeriara edo besteak aurreran erabiltera joten dabenek Jesus Jaunagaz egin daien topo, eta honen antzeko izatea bilatu daien, egin daigun otoitz.

        —Gu guztion alde: ustezko sinismen bizikerea itzi, eta Jesusen bila benetan jardun daigun, Jainkoaren hitzean eta eguneroko ekintzetan, egin daigun otoitz.

        † Jainko ona: egin deuskuzun sinismen-erregalu hau egunerokoan jakin daigula eskertzen eta agertzen. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

        —Amen.

 

Jaunartzean

 Hemen gaituzu, Jauna, ogiaren eske,
bizi behar honetan ahuldu bait gintezke.
Zure gorputz santua hartu nahi genduke:
zu barik bizitzerik ezingo genduke.

Munduak behar badau eguzki-argia,
mendiko abereak, iturri garbia;
besteok nahi badogu barruko bizia
beharrezkoa jaku zeruko ogia.

Jauna, zure grazia lagun dakigula,
ogi hau jan dagigun behar dan bezela;
Ez ahaztu txarrerako jarriak gaozela:
arren, zuzen ta leial bizi gaitezela.

 

Amaieran

        Jesus nor eta zer dodan jakin gura badot ebanjeliora eta Jainko esperientziara jo behar izango dot, eta, egunerokoan, lotsa eta bildur barik gauzatzen dodala ikusiko dot. Otoitzak lagundu deidala.

 

JESUS MUNDUKO ARGIA
Jesus zinezko egia. Jesus betiko bizia.

 1 Jesus Jainko gizona Zuri gure bizia
hartu gure Jaun ona gu garean guztia.

 2 Gure bihotz barruan biztu zure argia
gaitezen gu munduan argi Jainkoz betia.

 

UZ-10-B

  URTEAN ZEHARREKO X. DOMEKA B urtean ( F. Marcos ) I. Irakurgaia Alkarren arerio egingo zaituet hi eta emakumea, hire eta haren on...