0908_Maria Birjinaren Jaiotza

(Fray MARCOS)

 

MARIA BIRJINA DOHATSUAREN JAIOTZA

   

Jaia

 

Sarrera-ant.

 

Pozez ospatu daigun Maria Birjina dohatsuaren Jaiotza,

beragandik jaio zan-eta zuzentasun-eguzkia,

Kristo gure Jainkoa.

 

 

Aintza zeruetan esango da.

 

Otoitza

Emoiguzu, Jauna, zeure zerbitzarioi

zerutar graziaren dohaia;

egizu, Maria Birjina dohatsuak semea izatea

salbazinoaren hasiera izan genduan lez,

bakea sendotzeko bide izan daigula

Mariaren Jaiotzaren ospakizuna.

Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez,

Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean

Jainko eta errege bizi da-eta gizaldi eta gizaldietan.

 

Oparigaien

gainekoa

Zure Seme bakarraren gizatasunak lagundu deigula, Jauna,

Birjinagandik jaiotzean

Amaren osotasuna gitxitu ez, ezpada ze sagaratu ebanak,

geure pekatu-kutsu guztitik libratu gagizan

eta gure oparigai hau zure gogoko egin dagian.

Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

Edo:

 

Maria Birjina dohatsuaren Jaiotza pozik ospatzean,

geure emoitzak dakartsuguz, Jauna, eta apalik eskatzen,

lagundu deigula Birjina beragandik jaioaz

gizon egin zan zure Semeak.

Errege bizi da-eta gizaldi eta gizaldietan.

 

 

Prefazioa: Maria Birjina dohatsuaren I.a, Jaiotza ospatzen dogun, 520.

or., nahiz II-V.a, 522-525. or.

 

 

Jaunartze-ant.

Begira, Birjinak Semea izango dau; honek salbatuko dau bere herria

pekatuetatik.     Is 7, 14; Mt 1, 2

 

Jaunartze

ondorengoa

Poztu bedi, Jauna,

jaunartze honen bidez indartu dozun zeure Eleizea;

emoiozu poz betea

Maria Birjina dohatsuaren jaiotegun honetan,

salbazinoaren itxaropena eta egunsentia ekarri eutson-eta

jaiotza horrek munduari.

Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

Bedeinkazino nagusia erabili leiteke, 652. or., 21. zk.



 

Irailaren 8an

Maria Birjina dohatsuaren Jaiotza

Jaia

 

I. Irakurgaia

(1. aukera)

 

Amak umea izan dagian arte.

 

Mikeasen Profezia liburutik

    Mi 5, 1-4a

 

Honan berba egiten dau Jaunak:

Zu, Efratako Betleem, Judako leinuetan txikiena,

zugandik urtengo dau Israelen buruzagiak.

Aspaldikoa da honen sortzea,

betiereko egunetakoa.

Horregaitik, itzi egingo dau Jaunak herria,

amak umea izan dagian arte.

Orduan, atzerrian bizirik gelditutako senideak

Israelgoengana bihurtuko dira.

Sendo eutsiko deutso

eta artzain bizkorra izango da Jaunaren indarrez,

Jaunaren bere Jainkoaren izen handiaz.

 

Nasai biziko dira herritarrak;

handi agertuko da-eta ha lurraren mugetaraino,

eta bakea ekarriko dau.

 

Jaunak esana.

   

 

I. Irakurgaia

(1. aukera)

 

Aurrez ezagutu ebazanak aukeratu be egin ebazan Jainkoak.

 

San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako epistolatik

Erm 8, 28-30

 

    Senideok: Badakigu bera maite dabenen onerako bideratzen dituala Jainkoak gauza guztiak, bere aurre-erabagiaz deitu dituanen onerako hain zuzen be.

    Aurrez ezagutu ebazanak aukeratu be egin ebazan, bere Semearen irudiko izan eitezan eta, holan, Semea senide askoren artean lehen-seme izan zedin. Aurrez aukeratu ebazanak deitu be egin ebazan; deituak, barriz, zuzentzat hartu, eta zuzentzat hartuak aintzaz bete.

 

Jaunak esana.


Erantzun-salmoa

Sal 13 [12], 6ab. 6cd (R/. Is 61, 10)

 

 

R/.    Pozaren pozez nago Jaunagaz.

 

V/.    Nik zure maitasunean dot konfiantza; 

poztu dadila nire bihotza zure garaipenaz. R/.

 

V/.    Orduan kantuz ekingo deutsat Jaunari, 

egin deustan onagaitik. R/.

 

           

Aleluia

 

R/.    Aleluia.

 

V/.    Zorionekoa zu, Maria Birjina dohatsua,

    eta benetan aintzagarria,

    zugandik sortu zan-eta zuzentasun-eguzkia,

    Kristo gure Jainkoa! R/.


Ebanjelioa

 

    Ebanjelio hau era laburrean ik. honen ondoren.

 

Espiritu Santuagandik dator honengan sortua.

 Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 1, 1-16. 18-23

    Abrahamen eta Daviden ondorengo dan Jesu Kristoren jatorri-liburua.

Abrahamek Isaak sortu eban, Isaakek Jakob, Jakobek Juda eta haren anaiak; Judak Tamarrengandik Fares eta Zara sortu zituan, Faresek Esrom, Esromek Aram, Aramek Aminadab, Aminadabek Naason, Naasonek Salmon; Salmonek Rahabengandik Booz sortu eban, Boozek Rutengandik Obed, Obedek Jese, Jesek David erregea. 

    Davidek Uriasen emazte izanagandik Salomon sortu eban, Salomonek Roboam, Roboamek Abia, Abiak Asaf, Asafek Josafat, Josafatek Joram, Joramek Ozias, Oziasek Joatam, Joatamek Akaz, Akazek Ezekias,  Ezekiasek Manases, Manasesek Amon, Amonek Josias; Josiasek Babiloniako erbestealdian Jekonias eta honen senideak sortu zituan.

    Eta Babiloniako erbestealdi ostean, Jekoniasek Salatiel sortu eban, Salatielek Zorobabel, Zorobabelek Abiud, Abiudek Eliakim, Eliakimek Azor, Azorrek Sadok, Sadokek Akim, Akimek Eliud, Eliudek Eleazar, Eleazarrek Matan, Matanek Jakob; Jakobek, barriz, Jose sortu eban, Mariaren senarra, eta Mariagandik jaio zan Jesus, Kristo deritxona.

    Jesu Kristoren sortzea holan gertatu zan: Maria, Jesusen ama, Joserekin ezkontzeko berba emonda egoan eta, alkarregaz bizi izan baino lehenago, seindun gertatu zan Espiritu Santuaren egitez. Josek, Mariaren senarrak, gizon zintzoa zanez eta ez ebanez bere emaztea salatu gura, ha isilean iztea erabagi eban.

    Baina asmo hori gogoan erabilela, Jaunaren aingerua agertu jakon amesetan eta esan eutson: «Jose, Daviden ondorengo hori, ez bildur izan zeure emazte Maria etxean hartzeko, honengan sortua Espiritu Santuagandik dator-eta. Semea izango dau, eta zuk “Jesus” ipiniko deutsazu izena, ze harek salbatuko dau bere herria pekatuetatik».

    Hau guztiau Jaunak profetaren ahoz esandakoa bete zedin gertatu zan:

 

 «Begira, birjinak sabelean sortu

eta semea izango dau,

eta Emmanuel ipiniko deutsoe izena

(izen honek “Jainkoa gurekin” esan gura dau)».

 

Jaunak esana.


    Ebanjelioa era laburrean.

 

✠  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik

Mt 1, 18-23

    Jesu Kristoren sortzea holan gertatu zan: Maria, Jesusen ama, Joserekin ezkontzeko berba emonda egoan eta, alkarregaz bizi izan baino lehenago, seindun gertatu zan Espiritu Santuaren egitez. Josek, Mariaren senarrak, gizon zintzoa zanez eta ez ebanez bere emaztea salatu gura, ha isilean iztea erabagi eban.

    Baina asmo hori gogoan erabilela, Jaunaren aingerua agertu jakon amesetan eta esan eutson: «Jose, Daviden ondorengo hori, ez bildur izan zeure emazte Maria etxean hartzeko, honengan sortua Espiritu Santuagandik dator-eta. Semea izango dau, eta zuk “Jesus” ipiniko deutsazu izena, ze harek salbatuko dau bere herria pekatuetatik».

    Hau guztiau Jaunak profetaren ahoz esandakoa bete zedin gertatu zan:

 

 «Begira, birjinak sabelean sortu

eta semea izango dau,

eta Emmanuel ipiniko deutsoe izena

(izen honek “Jainkoa gurekin” esan gura dau)».

 

Jaunak esana.




LAGUNGARRIAK


Sarrera-oharra

    Senideok: ondo etorri Maria Birjina dohatsuaren jaiotza ospatzen dogun
egun honetako Eukaristiara. Jainkoari eskerrak emon gura deutsaguz emakume
honen sinismenagaitik, aukeratua izan dalako, bere erraietan Jainko Semeari
haragi emoteko eta gu guztiontzat sinismen-eredu izateko. Lagundu deigula
Liturgia honek Maria bere lekuan jarten eta geuk ere haren antzera Jainkoari
erantzuten.


Sarrera-abestia

Goratu dagigun Ama Maria

birjina_eder-eder zoragarria.

Agur! Agur! Agur, Maria.

Agur! Agur! Sortzez Garbia!


Abadearen agurra

    † Aitaren eta Semearen…

    —Amen.


    † Bere Semearen Ama geure amatzat

      eta haren Espiritua geure laguntzat

      emon euskun Jainkoaren maitasuna

      izan bedi zuekin.

    —Eta zure espirituarekin.


Aintzarako oharra

    Zeruko gure Amaren eguna ospatzeak emoten deuskun poztasunaz eta
Jainkoaganako konfiantzeaz (uste onaz) abestu daigun Jainkoaren aintza:

    † Aintza zeruetan Jaungoikoari.

    —Aintza zuri, Jauna, ta eskerrak zuri.

    …/...


Erm 8, 28-30

    Ondo ulertu daiguzan Paulo apostoluaren berbok: Maria maite izan dauan
lez maite gaitu geu ere Jainkoak, eta ha aukeratu eban lez aukeratzen gaitu.
Baina Mariak emon deutson erantzuna emoten ete deutsagu guk?


Erantzun salmoa   (13 (12) 6ab…)

    Gure poztasunak Jainkoaren maitasunean dauala oinarri iragarten
lagunduko deusku salmo honek. Abestu daigun gogotsu:


R/.    Pozaren pozez nago Jaunagaz.



Ebanjelioa (Mt 1, 18-23)

    Jesus ezagutzen lagunduko deusku ebanjelio-zati honek. Joseri esaten
jakozan berbak hausnartu behar izango doguz horretarako. Egin deiogun
harrerea Aleluia abestuz, zutunik.


ESKARIAK  (Jainkoaren Herriaren Otoitza)

    † Maria, emakume sinistun lez, Jainkoaren esanetara jarten zan. Ez gaizala
asetu Jainkoari osasuna eskatzeak, bilatu daigula baino gure sinismenaren
sendotzea:


    —Eleizearen alde: seme-alaba guztien dinismena landu eta sendotu daian,
egin daigun otoitz (Jauna, zeugan dogu uste ona).

    —Behartsuek sinismenean aurkitu daien euskarria, eta holan bultzatu daien
eurenganako begiramena eta laguntza, egin daigun otoitz.

    —Gurasoen alde: euren eta seme-alaben ona bilatzeak Mariagana eroan
daizan eta haren sinismena gura izatera, egin daigun otoitz.

    —Maria omentzeko alkartu garanok haren sinismena aintzat hartu eta hau
sakontzen eta lantzen ahalegindu gaitezan, egin daigun otoitz.

    † Sinismenaren erregalua egin deuskuzun Jainko Jauna: izan daigula eredu
Maria gure bizitza zeure esanetara jarteko. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

    —Amen.


Azkenean (Salbea abestu aurretik)

    Salbeagaz Maria agurtzeak haren antzera bizi izateko gogoa biztu daiala
gugan, haren erregalu dogun Jesus gure bizitzaren ardatz bihurtuz.

    Gogotsu abestu daigun Salbea.

 

 



UZ-10-B

  URTEAN ZEHARREKO X. DOMEKA B urtean ( F. Marcos ) I. Irakurgaia Alkarren arerio egingo zaituet hi eta emakumea, hire eta haren on...