URTEAN ZEHAR II (B)

 

 

UrteanZeharreko II. Domeka

 

B urtean

 

I. Irakurgaia                                             Esan, Jauna; zure morroi hau entzuten dago.

 

Samuel lehenengo liburutik                                                             1 Sm 3, 3b-10. 19

                  

Egun hareetan, Samuel lotara joan zan, Jainkoaren kutxa egoan Jaunaren santutegian.

     Jaunak dei egin eutson Samueli, eta honek erantzun: «Hemen nozu». Arin-arin Eligana joan eta esan eutson Samuelek: «Hemen nozu, dei egin deustazu-eta». Elik erantzun eutson: «Ez deutsut nik dei egin; bihurtu eta egizu lo». Joan eta lotarako etzun zan.

     Jaunak barriro dei egin eutson Samueli. Hau jagi eta Eligana joan zan, esanez: «Hemen nozu, dei egin deustazu-eta». Elik erantzun eutson: «Ez deutsut nik dei egin, seme; bihurtu eta egizu lo». Samuelek ez eban ordura arte Jauna ezagutzen, Jaunak ez eutson-eta bere hitza inoiz be adierazo.

     Hirugarren aldiz dei egin eutson Jaunak Samueli. Hau jagi eta Eligana joan zan, esanez: «Hemen nozu, dei egin deustazu-eta».

     Igarri eutson Elik Jaunak ziharduala mutikoari deika, eta esan eutson Samueli: «Zoaz lotara eta, norbaitek barriro dei egiten badeutsu, erantzun: "Esan, Jauna; zure morroi hau entzuten dago"». Bihurtu zan Samuel bere tokira eta lotarako etzun zan.

     Jaunak, hurreraturik, dei egin eutson, besteetan lez: «Samuel, Samuel!» Eta Samuelek erantzun: «Esan, zure morroi hau entzuten dago».

     Samuel haziz joian, eta Jauna beragaz eban. Ez zan Jaunaren hitz bakar bat be bete barik gelditu.

 

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa                                   Sal 40 [39], 2 eta 4ab. 7-8a. 8b-10 (R/. ik. 8a eta 9a)

 

R/.   Hemen nozu, Jauna, zure nahia egin dagidan.

 

V/.   Jaunagan neban jarrita itxaropen guztia,

makurtu eta entzun dau nire oihua.

Kantu barria ipini deust ezpanetan,

gorespen-kanta gure Jainkoarentzat. R/.

 

V/.   Zuk ez dozu sakrifiziorik eta eskeintzarik nahi izan,

ez erre-oparirik eta pekatuen parkamen-oparirik eskatu;

baina belarriak edegi deustazuz.

Horregaitik dinot: «Hemen nozu». R/.

 

V/.   Hauxe dago nitaz liburuan idatzita:

egin dagidala zure nahia.

Atsegin dot, ene Jainko,

barru-muinetan dot zure legea.

Iragarri dot batzar nagusian zure justizia,

ez ditut ezpanak itxi, ondo dakizu, Jauna. R/.

 

II. Irakurgaia                                                        Zuen gorputzak Kristoren atal dira.

 

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik        1 Ko 6, 13c-15a. 17-20

 

Senideok: Gorputza ez da haragikeriarako, Jaunarentzat baino, eta Jauna gorputzarentzat. Jainkoak, Jauna biztu ebanak, biztuko gaitu geu be bere ahalmenaz.

     Ez ete dakizue zuen gorputzak Kristoren atal dirana? Jaunagaz alkartzen dana, espiritu bat bera egiten da haregaz.

     Egizue ihes haragikeriatik. Gizon-emakumeek egiten dabezan beste pekatu guztiak gorputzetik kanpora gelditzen dira; baina haragikeriazko pekatua egiten dauanak bere gorputzaren aurka egiten dau pekatu.

     Ez ete dakizue zuen gorputza Jainkoak emon deutsuen eta zuengan bizi dan Espiritu Santuaren tenplu dana? Beraz, ez zarie honezkero zeuonak; karu ordainduz eskuratu zaitue Jainkoak. Goratu egizue, bada, Jainkoa zeuen gorputzaz.

 

Jaunak esana.

              

Aleluia                                                                                                                            Jn 1, 41. 17b

 

R/.   Aleluia.

 

V/.   Mesias aurkitu dogu, hau da, Kristo.

        Grazia eta egia honen bidez etorri dira. R/.

 

Ebanjelioa                                                                             Ikusi eben non bizi zan,

eta beragaz gelditu ziran.

 

 Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik                                      Jn 1, 35-42

 

Aldi haretan, han egoan Joan Bateatzailea bere ikasle bigaz. Jesus bertatik igarotzen ikusirik, esan eutsen: «Horra hor Jainkoaren Bildotsa». Ikasle biek, hori entzunda, Jesusi jarraitu eutsoen. Bihurtu zan Jesus eta, jarraitzen eutsoela ikusirik, esan eutsen: «Zeren bila zabiltze?»

     Hareek erantzun: «Rabbi, non bizi zara?» (Rabbik «Maisu» esan gura dau). Jesusek esan eutsen: «Zatoze eta ikusiko dozue». Joan ziran, ikusi eben non bizi zan, eta beragaz gelditu ziran egun haretan. Arratsaldeko laurak inguru zan.

     Joani entzun eta Jesusi jarraitu eutsoen bietariko bat Andres zan, Simon Pedroren anaia. Andresek bere anaia Simonegaz egin eban topez lehenengo, eta esan eutson: «Mesias aurkitu dogu». (Mesias hitzak «Kristo» esan gura dau, hau da, «Gantzutua»).

     Eta Jesusengana eroan eban. Jesusek, begira-begira jarriz, esan eutson: «Simon zara zu, Joanen semea; aurrerantzean “Kefas” izango da zure izena» (Kefas izenak «Pedro» esan gura dau, hau da, «Hatxa»).

 

Jaunak esana

 


(Lagungarriak)

 

URTEAN ZEHARREKOII. DOMEKEA /B

 

Sarrera oharra

          Senideok: izurrite aldi honek bultzatuta, hainbeste ezbai edo dudaren artean, Nazareteko Jesusen ikasle eta lagun lez alkartu gara. Jainkoari eskerrak emongo deutsaguz bizitzagaitik, bakotxa garanagaitik eta daukagunagaitik, eta baita alkarregaz izan eta egin geikeanagaitik ere. Bai, senideok: Jesusek dei egiten deusku bera ezagutzera eta bere urratsak jarraitzera. Haren irakatsietan geure nortasuna aurkituko dogu, eta ikasiko dogu bizi izaten Jainkoaren seme-alaba lez.

 

Sarrera abestia

          Aita baten semeok,

sinismen bakar

bat dogunok,

anai artean batu garanok,

kantuz gatoz,

kantuz zugana, Jauna.

 

Seme gara, bai, baina

seme izaten ba ete dakigu?

Anai gara, bai, baina

anai izaten ba ete dakigu?

Seme izatera, anai izatera, Jauna,

heldu nahi dogu.

 

Damu otoitza

          Geure buruari begira egotetik urten guran, jo daigun Jainkoaren errukira, alkarren lagun eta zaintzaile egin gaizan:

          —Jesus Jauna, Bateatzaileak iragarria, erruki, Jauna.

          —Jesus Jauna, Jainko Aitaren Semea, Kristo, erruki.

          —Jesus Jauna, maisu eta lagun gura zaituguna, erruki, Jauna.

 

1Sm 3, 3b-10.19

          Ezin entzun geike Jainkoaren deirik edo hotsik, ez antz-emon haren aztarnei, zarataz inguraturik edo geure beti-betikoan jarraituz. Beharrezko doguz laguntza eta isiltasuna. Entzun!

 

Erantzun salmoa

          Agertu daigun otoizgiroan, zelan ulertzen dogun Jainkoa, eta haregazko ze hartu-emon gura dogun, haren esanetara jarriz.

 

R/. HEMEN NOZU, JAUNA, ZURE NAHIA EGITEKO

 



1Ko 6, 13c-15a. 17-20

          Norbere burua ezagutzen lagunduko deusku Paulok idazki honetan. Izan daigun argi zer garan eta norentzat garan.

 

Jn 1, 35-42

          Jesusek bere atzetik daroa jendea. Eta ez bere menpe jarteko, euren buruaren jabe izatera heldu daitezan baino. Eta aurkitzen dauana ez da damutzen. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.

 


 

HERRI OTOITZA

          † Bildur giroan bizi izanez, inoiz baino gehiago behar doguz alkartasuna eta alkar zainketa. Jo daigun Jainko bizi emoileagana gure kezkak aurkeztera, eta eskatu deiogun:

 

—Eleizearen alde: espiritu bizitza landu daian bere seme-alaba guztiengan, Espirituak eraginda alkarren zaintzaile izan daitezan, eskatzen deutsugu, Jauna.

 

 

—Larrialdian edo ezinean edo bazterreratuta edo bildurpean dagozanen alde: laguntza barik geratu ez daitezan, eta alkartasunerako aldarri izan daitezan, eskatzen deutsugu, Jauna.

 

—Izurrite aldi honetan besteen lepotik etekin mamitsuak eskuratzen diharduenek, izan daien errukia eta errukarriei begira jarri daitezan, eskatzen deutsugu, Jauna.

 

—Otoitzerako alkartu garanok Jesus bilatu daigun, haregaz aurkitu gaitezan, eta haren irakatsien barri emoten jakin daigun bizikera barri baten argitasunaz, eskatzen deutsugu, Jauna.

 

          † Nora ezean dabilan zure herri honi, Jauna, emoiozu zure Semearen bilatzaile nekaezina izan daitela. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

          —Amen.

 

 

Jaunartzerako abestia

 

Jauna, ez nekien Zu nor zinen,

ez nor zinen, ez bazinenik;

ni baina zure bila nenbilen,

ez neban inon atsedenik.

 

Bidertzeko itsu haxe nintzen,

zorion-apurren eskale;

nire ondotik igaro zinen,

ogi beroaren emale.

 

 

Azkenerako

          Ez daigun ahaztu: Jainkoak ez dauz gura gure eskeintzariak ez opariak, geu gura gaitu; eta gu, bere Semearen ikasle eta jarraitzaile, senideen zerbitzuan. Bihurtu daigun asmo hau eguneroko otoitz.

 

 

Azken abestia

 

JESUS, MUNDUKO ARGIA.

JESUS, ZINEZKO EGIA.

JESUS, BETIKO BIZIA.

 

Gure bihotz barruan

biztu zure argia,

gaitezan gu munduan

argi Jainkoz betia.

 

 

HOMILIA

 

        Senideok: urtean zeharreko domekak garantzen hasi gara Jaunaren Bateoa ospatzeaz batera. Liturgiaren taupadetan zera esan gura dogu: Jesus aukeratzen dogula eredu eta maisu; haren urratsak jarraitu gura doguzala: haren bizikera berbera bizi izateko gurariz. Eta horretan laguntzen deuskue domeka honetako irakurgaiek, Jainkoaren hitzak.

        Zer da azpimarragarri gaurko irakurgaien arabea? Jarrita daukala Jainkoak gure barruan bere deia; eta hasiera-hasieratik, gainera. Asko dira, ba, barriztu behar doguzan usteak; aldatu behar doguzanak. Euretariko bat, Jainkoak abadetzarako edo erlijioso bizitzarako baino ez dauala deitzen.

        Samuelek (1. irakurgaia) ez eban ezagutzen Jainkoa. Harek deitu leikeanik ere ez daki. Eta 1. irakurgaiak Samuelek haren deia entzuten ebala esan deusku. Laguntza bati esker ezagutuko dau Samuelek Jainkoaren deia dala berak entzuten dauana: Eli abadeari esker, hain zuzen ere.

        Ebanjelioan agertzen diran ikasle ezezagun bi hareik ere, Bateatzaileari esker joango dira Jesusen atzetik. Eta haren galdereari erantzun egin behar izango deutsoe, itaun bategaz baino ez bada ere: non bizi zara?

        Horra orduko, Joan ebanjelariak Jesusi emondako izen batzuen barri emoten deuskuz: Bateatzailearen ahotan Jainkoaren Bildotsa; ikasleen ahotan Maisu; geroago etorriko dira Kristo (Gantzutua), Mesias… edo Jesusek bere buruaz dinoana: Gizonaren Semea. Hau ez da gaur erdiko ahuntzaren eztula. Bere garrantzia honek: zelan ezagutu gura dogu Jesus? Edo zelan ezagutu daigula bera gura dau Jesusek?

        Hona hemen, ba, gaurko mezua: Zelan ezagutu gura dogu Jesus? Zer bilatzen dogu Jesusengan? Beharrezko ikusten dogu Jesus ezagutzea? Ba, hara berak zer dinoskun: Zatoze, eta ikusiko dozue. hau da: geuk joan behar dogu (gutariko bakotxak) Jesusen bizikerea ezagutzera, beragaz gelditzera. Eta Jesus geuretzen badogu, egun barria hasiko da guretzat, aldi barria.

        Horixe esan gura dau egunaren amaieran (arratsaldeko 4retan) izan zala gertakaria dinoskunean. Amaitu da eguna; lehengoa, zaharra… Eta barria hasten da Jesusegaz.

        Hasten dan egun barri hori azaldu beharra dago, zabaldu beharra, ingurukoei jakinazo beharra. Eta Jesus bakotxak ezagutzen dauan lez emongo dau ezagutzera: Mesias, Kristo, Gantzutua…, norbera barritzeko indarra dauala ere somatuz: hemendik aurrera zu Kefas izango zara…

        Jesusen aurreran autortu beharrekoa, ba, senideok, hauxe da: orain arte daukaguzan ustekerietatik urten beharra daukagula Jesus ezagutu gura badogu. Bakotxak egin behar dogula haregazko bizipena, eta jakin behar dogula zer aurkitzen dogun harengan, eta zertan barritzen nauan. Horretarako, geure barruan sartu behar dogu Jainkoaren dei hori entzun ahal izateko. Gero etorriko da harek emon leigun zeregina.

 

UZ-10-B

  URTEAN ZEHARREKO X. DOMEKA B urtean ( F. Marcos ) I. Irakurgaia Alkarren arerio egingo zaituet hi eta emakumea, hire eta haren on...