B urtean
I. Irakurgaia
Jb 7, 1-4. 6-7
Joben liburutik
Amaibakoa egiten jat gaua, jirabiraka egunsentira arte.
Honan berba egin eban Jobek:
«Burruka da gizakiaren bizitza lurrean,
langilearenak lakoak haren egunak.
Esklaboak lez, kerizpea gura dau,
langileak lez, soldata itxaroten;
baina fruturik bako hilabeteak etorri jataz,
gauak aspergarriak izaten dira niretzat.
Oheratu orduko, esaten deutsat neure buruari:
"Noiz jagiko ete naz?"
Amaibakoa egiten jat gaua, jirabiraka egunsentira arte.
Ehuleen anezka-tresna baino lasterrago doaz nire egunak,
amaitu jataz ehuleari haria amaitzean lez.
Gogoan izan, ene Jainko, nire bizitza arnasaldi bat dala,
nire begiek ez dabela barriro zoriona ikusiko».
Jaunak esana.
Erantzun
salmoa
Sal 147 [146], 1-2. 3-4. 5-6 (R/. ik. 3a)
R/. Goratu egizue Jauna,
bihotz-urratuak osatzen dituana.
Edota: Aleluia.
V/. Bai eder gure Jainkoa kantuz ospatzea,
bai gozo ha doinu eztiz gorestea!
Jaunak dau Jerusalem berreraikitzen,
Israelgo erbesteratuak batzen. R/.
V/. Bihotz-hausiak ditu osatzen
eta hareen zauriak lotzen.
Izarren kopurua finkatzen dau
eta bakotxari bere izena emoten. R/.
V/. Handia da gure Jauna, guztiz indartsua,
haren jakituria neurririk bakoa.
Jaunak zutunik eusten deutse umilei,
lurreraino beheratzen ditu gaiztoak. R/.
II. Irakurgaia
Errukarria ni, Barri Ona iragarriko ez baneu!
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik
1 Ko 9, 16-19. 22-23
Senideok: Barri Ona iragartzen dodala-eta, ezin naz harrotu; ezinbestean dagokidan eginbeharra dot-eta hori, eta errukarria ni, Barri Ona iragarriko ez baneu!
Barri Ona neure gogoz iragarriko baneu, mereziduko neuke saria; baina nik nahi izan barik ezarri deusten eginkizuna betetzen badihardut, zein sari zor jat orduan? Hauxe besterik ez: Barri Ona doan iragartzea, Barri Onaren zerbitzutik datorkidazan eskubideez baliatu barik.
Guztiz libre nazan arren, guztien esklabo egin naz, ahalik eta jente gehien Kristorentzat irabazteko. Makalekin makal egin naz, makalak irabazteko. Guztiengana ahalik eta gehien egokitzen ahalegindu naz, zelan edo halan batzuk salbatzeko. Eta dana Barri Onagaitik egiten dot, Barri On horretan neuk be parte izan dagidan.
Jaunak esana.
Aleluia
Mt 8, 17
R/. Aleluia.
V/. Kristok bere gain hartu ebazan gure makaltasunak
eta gure gatxak eroan. R/.
Ebanjelioa
Harek gaixo asko osatu eban, edozein zala be hareen gatxa.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 1, 29-39
Aldi haretan, Jesus sinagogatik urten eta Simonen eta Andresen etxera joan zan zuzenean, Santiagogaz eta Joanegaz. Simonen amaginarreba oheratuta egoan sukarrarekin; behingoan, haretaz berba egin eutsoen Jesusi. Joan jakon Jesus ondora, eskutik hartu eta jagiazo egin eban. Sukarrak alde egin eutson, eta zerbitzen hasi jaken.
Ilunkeran, eguzkia sartu ostean, gaixo eta deabrudun guztiak eroan eutsoezan Jesusi. Herri guztia batu zan atarian. Eta harek gaixo asko osatu eban, euren gatxa edozein izanda be, eta deabru asko bota eban. Deabruei ez eutsen izten berba egiten, ze baekien nor zan.
Goizean goiz, ondino ilun egoala, Jesus herritik urten eta bazter bakarti batera joan zan; han otoitzean ziharduan. Simon eta lagunak Jesusen bila hasi ziran eta, aurkitzean, esan eutsoen: «Jente guztia zure bila dabil».
Harek, baina, erantzun: «Goazen beste nonora, inguruko auzoetara, horreetan be Barri Ona iragartzera, horrexetarako urten dot-eta».
Halan, Galilea guztian zehar ibili zan, hango sinagogetan Barri Ona iragartzen eta deabruak botatzen.
Jaunak esana.
(Lagungarriak)
Sarrera-oharra
Senideok, Jainkoaren erregalu dogu bizitza, eta erregalu hori eskertzea dagokigu, zoriontsu izan gura badogu, behintzat. Hauxe litzateke, ba, gaurko Liturgian geure buruari egin geikeon itauna: zer egin gura dot nik neure bizitzaz?
Edozergaitik ibilten naz kexu? Inguruan dana ikusten dot baltz, eta horren errudunak bilatzen dodaz, danak gaitzesteko? Ala, inguruetara Jainkoaren seme-alaben poza eta Ebanjelioaren argitasuna eroaten ahalegintzen naz?
Ea gaurko Liturgiak adoretzen gaitun, eta sustatzen dauan gugan kristau bokazinoa.
Sarrerako abestia
Igandea da Jaunaren eguna bereziki,
asteko jai-egun dogu, poz zabalera jaiki;
ospatu daigun fedea alkar hartuz estuki,
goza gaitezan festaren oskarbitan biziki.
Igandearen airea dana dago argitan,
Jaun berbiztua eskeintzen jaku dohain handitan:
Hitzean arnasa bizi, indar Ogia baitan;
ederki gaitekez senti jai-xarmaren ongitan.
Damu-otoitza
Bizitzan atsegin bila baino ez banabil, laster azalduko dira protestak eta gogo txarrak, dana ez jatalako errez eta leun egingo. Jo daigun Jainkoaren errukira:
—Jesus Jauna, zure bizitza Jainkoari esker ona agertzea zan, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, zure bizitzearen ardatza otoitza zan, Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, zure bizitzearen helburua erreinua iragartea zan, erruki, Jauna.
Jb 7, 1-4.6ss
Bizitzako nekeak atsekabearen zulora eroan geinkez, dana baltz ikustera. Beste gauza bat somatzen dau Jainkoagana zabaltzen danak. Entzun daiguzan Joben berbak.
Erantzun salmoa
1Ko 9, 16-19.22ss
Kristau izateak Nazareteko Jesusengan uste osoa jartea dakar. Eta hori egiten dauanak ezin dau ebanjelioaren barri emon barik gelditu.
Mk 1, 29-39
Zerk garoaz Jesusengana? Haren ikasle izateak, gatx egiten jakun jokaerara garoaz: zerbitzura. Hauxe dalako Erreinuaren ezaugarria: alkar zerbitzea, maitatzea. Egin deiogun harrerea ebanjelioari Aleluia abestuz, zutunik.
HERRI OTOITZA
† Jainkoa geure probetxurako barik, haren esana bilatzeko eta haren taupadetan ibilteko, bilatuko bagendu, hain gatx egiten jakun alkarri zerbitzea areagotu egingo geuke. Jo daigun otoitzera:
—Eleizearen alde: egon daiten adi behartsuen eta alboratuen aldarrietara, hareen ondoan egoten jakin daian eta eurekaz batera egin daian entzuna izango dan aldarria, eskatzen deutsugu, Jauna.
—Aurkitu dabela Jesus uste dabenen alde, edo haren ikasle eta jarraitzaile badirala: zerbitzu-bideak urratu daiezan euren etxean, edo lanean edo hartu-emonetan, eskatzen deutsugu, Jauna.
—Etsipenak eta gogo barik aurkitu daitekezanen alde: sartu dakien haragian Jainkoaren aukeratuak dirala, maitatuak eta Erreinuko ezaugarriak gauzatzera bialduak, eskatzen deutsugu, Jauna.
— … (eskatzen deutsugu, Jauna.)
—Otoitzerako alkartuta, Jainkoaren berbeak argitzen gaitunok alde batera baztertu daiguzan gure konplexuak, eta ekin deiogun alkar zerbitzeari geure indarren neurriko zeregin guztietan, eskatzen deutsugu, Jauna.
† Jainko Jauna: zeugandik hartua dogun bizitza erregalu hau senideen zerbitzuan emoten garatu daigula. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Senideok: lehenengo irakurgaian agertu jakun Joben nekeari, bigarren irakurgaian ikusi dogun Pauloren ebanjelio-iragarpenak jarraitu deutso; gero, ebanjelioan, Jesusen eguneroko lanagaz jarraitzeko.
Hau aurrean dogula, eta gure egunerokotasuna kontuan izanik, hauxe jatort burura: jendeagan, orokorrean, nekea somatzen da, bildurra, ez-jakina, nora-eza eta ezkutua eta gordea bilatzea. Holango egoeran dagoanak bere kexua jasoko deutso Jainkoari. Baina, Joben sinismenaz? Harek uste osoa Jainkoagan jarrita eukan. Guk bai, gero?
Pauloren ebanjelio-zaletasunari begiratuz, bilatu daigun zeregina ebanjelioak azaltzen deuskun Jesusen egunerokoan. Markos ebanjelariak Jesusen egunak zelangoak ziran emoten deusku ezagutzera domekotako ebanjelio zatietan: Jesus sinagogatik etxera, etxetik kalera, eta beti jendearen beharrizanei erantzuten, aurkezten deusku, Erreinuaren gauzatzea jendearen beharrizanak gainditzea dala ulertzera emonaz.
Ez dozue uste, senideok, gure jokabidea, gu ondo egoteko Jainkoaren laguntza bilatzea izaten dala? Alde makala jendearen gosea eta Pedroren amaxearen (amaginarrebaren) gosearen artean. Jendea itxaroten dago Legeak agintzen dauan epea noiz amaituko, euren beharrizanak Jesusi aurkezteko, eta osakuntza edo behar daben onurea eskuratzeko.
Bestelakoa izan zala, dinosku ebanjelioak, Pedroren amaxearen erantzuna. Ulertu daigun: greziarren artean "zerbitzea" morroi-neskameen gauzea zan, txarto ikusia; ba, Jesusen jarraitzaileek "zerbitzua" Jainkoaren erreinuaren ezaugarri lez izango dabe. Jesusek eskutik oratu eta amaxea jasoten dauanean, bizikera barri batera sartuazoten dauala esan gura deusku. Eta zein da? Zerbitzuaren bizikerea. Lehen kristauen artean, handia, zerbitzen ekiana zan. Gogoratu: zerbitzera etorri naz, ez zerbitzuak hartzera. Badakigu zerbitzen, senideok?
Zer zerbitzu garatzen dogu etxean, batez ere gizonezkook? Eta handik kanpo? Eta eleizan? Hemen gero eta zerbitzari gitxiago agertzen da. Eleiza guztietan! Zer jazo da, senideok? Diruagaz gura dogula dana lortu? inork ez dau galdetzen: eta nik zer egin daiket eleiz alkartearen onerako? Bide horretatik ez deutsagu erantzuten gaurko ebanjelioari.
Izango gara txarrik ez egitekoak, edo formalak, edo mesede egitekoak, edo diru emotekoak… zerbitzura jarriak ez bagara, ez dogu Jesus ondo ulertu. Eta horretarako orduak emon behar doguz otoitzean eta Jainkoaren erreinuaren iragarpena zelan egin bilatu behar dogu, gure indar apalekaz bada ere.