UZ-31-B


URTEAN ZEHARREKO XXXI. DOMEKA

B urtean

(Fray Marcos)

 

I. IRAKURGAIA

Entzun, Israel:
Maitatu egizu Jauna bihotz-bihotzez.

Deuteronomioa liburutik

Dt 6, 2-6

    Aldi haretan, honan berba egin eutson Moisesek Israel herriari: «Begirune izango deutsazu Jaunari, zeure Jainkoari, eta bai zuk eta bai zure ondorengoek nik emoten deutsudazan Jaunaren lege eta agindu guztiak beteko dozuez zeuen bizitza osoan, luzaro bizi zaitezen.
    Entzun egizuz, beraz, Israel, eta ahalegindu betetzen, zoriontsu izan zaitezen eta biziro ugaritu, esnea eta eztia darion lurraldean, Jaunak, zuen asaben Jainkoak, agindu eutsuen lez.
    Entzun, Israel: Jauna gure Jainkoa Jaun bakarra da. Maitatu egizu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz eta indar guztiz. Izan beti gogoan gaur esaten deutsudazan berba honeek».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 18 [17], 2-3b. 3c-4. 47 eta 51ab (R/. 2)


R/.
   Maite zaitut, Jauna, neure indar!

 V/.   Maite zaitut, Jauna, neure indar!
        Jauna da nire hatx, nire gaztelu,
        bera nire askatzaile. R/.

V/.   Nire Jainko, nire harkaitz babesgarri,
        nire babeski eta salbazino-indar,
        nire gordeleku goragarri.
        Dei egin neutsan Jaunari,
        eta salbatu ninduan arerioakandik. R/.

V/.   Gora Jauna! Bedeinkatua nire harkaitza!
        Goratua nire Jainko salbatzailea,
        garaipen handiak emon deutsoz erregeari,
        maitasuna agertu deutso bere igurtzitakoari. R/.

 

II. IRAKURGAIA

Jesusek, beti irauten dauanez,
inoiz amaituko ez dan abadetza dau.

Hebrearrei egindako epistolatik

Heb 7, 23-28

    Senideok: Lehengo ituneko abadeak asko ziran, ezin eben-eta iraun, hil egiten ziralako. Jesusek, ostera, beti irauten dauanez, inoiz amaituko ez dan abadetza dau.
    Jesusek betiko salbatu leikez beraren bidez Jainkoagana hurreratzen diranak, bizirik dago-eta hareen alde beti erregutzeko.
    Benetan, Jesus lako abade nagusia behar genduan guk: santua, errubakoa eta kutsubakoa, pekatariakandik bereizia eta zeruak baino gorago jasoa. Honek ez dau, beste abadeek lez, lehenengo bere pekatuakaitik eta gero herriarenakaitik egunero opariak eskeini beharrik, behin betiko egin eban-eta hori, bere burua opari eskeini ebanean. Legeak, izan be, gizon makalak izentatzen ditu abade nagusi; legea baino geroagokoa dan Jainkoaren zinak, ostera, Semea izentatu dau abade nagusi, betieran bete-beteko dana.

Jaunak esana.

          

Aleluia

Jn 14, 23

R/.      Aleluia.

V/.      Ni maite nauanak gordeko dau nire hitza, dino Jaunak;
    nire Aitak maite izango dau,
    eta Aita eta biok harengana etorriko gara. R/.

 

EBANJELIOA

Maitatu egizu Jauna, zeure Jainkoa.
Maitatu lagun hurkoa.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 12, 28b-34

    Aldi haretan, hurreratu zan Jesusengana lege-maisu bat eta itaundu eutson: «Zein da agindu guztietan nagusiena?»
    Jesusek erantzun: «Hau da nagusiena: “Entzun, Israel: Jauna gure Jainkoa Jaun bakarra da. Maite egizu Jauna zeure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiz”. Bigarrena, barriz, hau da: “Maitatu lagun hurkoa zeure burua lez”. Ez da honeek baino agindu handiagorik».
    Lege-maisuak esan eutson: «Ederto, Maisu; egia dinozu Jainkoa bakarra dala eta ez dala besterik esatean, baita ha bihotz-bihotzez, adimen osoz eta indar guztiz maitatzea, eta lagun hurkoa nork bere burua bezala maitatzea, erre-opari eta sakrifizio guztiak baino hobea dala esatean be».
    Eta Jesusek, zuhur erantzun ebala ikusirik, esan eutson: «Ez zagoz urrun Jainkoaren erreinutik».
    Eta handik aurrera, ez zan inor itaunik egiten ausartzen.

Jaunak esana.

 

HITZALDIA

Gaurko irakurgaien inguruan hausnarketa-otoitza egiterakoan, hauxe etorri jat burura: Zelango aldea dagoan, bere burua salbatzearren, gitxiengo  baten bila dabilanaren, eta Jainkoari dana emon gura deutsonaren artean. Aldea makala!

Jainkoak bere legeetan ibili gaitezala dinosku, zoriontsu izan gura badogu. Jainkoak zoriontsu ikusi gura gaitu, ba, bizitzaldian zehar. Eta ez kezkatuta, bildurrez eta nora-ezean. Eta, horretarako, berari entzuteko dinosku. Eta harengandik entzungo doguna berre BERBEA da, hebertarrek Lege lez gauzatu eben BERBEA: 10 aginduak. Hauxe zan hareentzat Jainkoaren BERBEA.

Guk berba hori Jesu Kristogan autortzen dogu gauzatuta, haragituta. Berba horixe dogula salbagarri, autortzen dogu; bera dogu Abade Nagusia, bere burua behin-betiko opari eskeiniz gure pekatuen ezabatzea iragarri deuskuna.

Jainkoak, maitasuna bera izanik, ez dau gure pekatuen konturik eroaten; ez dago gu noiz galduko zain, gu zelan zoriontsu bihurtu baino. Badaukagu zer aldatu gure buruan! Jainkoa bere alde dauala ikusten dauanak, maitatua dala, salbamena eskura dauala ikusten dauanak Jainkoari guzti hori zelan eskertu bilatzen dau, eta horrek emoten deutson pozean zelan bizi izan; baina bizitza osoan zehar, salbazinoa geroko gauzea dala uste izan barik, hil ondorengo gauzea.

Hau dala-eta, Jesusen aldiko arduratsu eta kezkatuen artean, batzuk izango dira galderak eta kezkak, eta Jesusenak beste batzuk izango dira.

Legelarien ardurea betiko bizitza zoriontsua zelan irabazi izango da. Eta, ahal dala, zer dan eginbeharreko gitxiena jakin gura izango dabe.

Jesusen ustez, ostera, zoriona, salbazinoa, ez da guk eskuratu edo lortu geiken zeozer, ahalak eta bi eginez. Salbazinoa Jainkoaren erregalua da: eta emona daukasku; baina hori ikusi ahal izateko itsuegiak gara, antza.

Jesusek begiqak zabaldu gura deuskuz, baina geure burugogorkeriagaz egiten dau topo. Gu, gitxiengo baten bila gabizen artean (zein da agindurik behinena), harek gehiengo baterako deiez erantzungo deusku: bigarrena hauxe da: maitatu gehidea, edo lagun hurkoa.

Jesusek irakatsi gura deuskuna hauxe da: gizakiok Jainkoa maitatzeko daukagun era bakarra geure ondoan daukaguna maitatzea da; gure maitasuna giza maitasuna dan ezkero, geu lango gizakia maitatuz gauzatzen dogu Jainkoari zor deutsagun maitasuna.

Hau, senideok, ez da gitxiengo gauza bat, behin edo behin egin daitekeana, betiko. Jainkoak deuskun maitasuna une orokoa dan lez, harenaren antzekoa izan behar dau haren seme-alabon maitasunak: une orokoa.

Hori Legea eta arauak betetea baino gehiago da. Honek Jainkoaren entzule zolia izatea eskatzen dau.


 

LAGUNGARRIAK

Sarrera-oharra

        Ondo etorri, senideok, urtean zeharreko 31. domekako Liturgia ospatzera. Bizitzan zehar ibilteko, ezaugarriak eta arauak eta legeak behar izaten doguz, alkar ez zapaltzeko, handiak txikia jan ez daian… Jainkoagazko hartu-emonetarako ere holango zeozer. Baina ez daigun uste izan arauak eta legeak betetea meritu edo irabazbide dogunik. Badagoz gitxiengo bategaz konformatzen diranak. Baina Jesusen irakatsia harago joatea izango da: Jainkoa maitatzea senideak maitatzean gauzatzen dogula. Gatxa, ezta? Ba, hartu daigun indar gaurko liturgian.

Sarrera-abestia

    Zein gozo ta eder dan anaiok alkartu
     eta danok batera Jainkoa goratu.

1 Gora bihotzak eta guztiok egin kantu
Jainkoak bere eskuz salbatuko gaitu.

2 Zabal gogoak Jaunaren hitza entzuteko
bere nahia jakinik zuzen ibilteko.

Damu-otoitza

Jainkoagandiko arauak Jesu Kristogan aurkitzen doguz gauzatuta. Haren errukira zabaldu gaitezan:

        —Jesus Jauna, Jainkoaren BERBEA zarana, erruki, Jauna.
        —Jesus Jauna, Jainkoaren errukia ta maitasuna iragarten deuskuzuzana, Kristo, erruki.
        —Jesus Jauna, Jainkoa maitatzeko bide bakarra zaituguna, erruki, Jauna.

1) Dt 6, 2-6

        Jainkoak gauza asko ta gatxak eskatzen deuskuzala uste izaten dogu; baina, egia esan, gauza bakarra da harek eskatzen dauana: entzun deiogula. Eta zarata asko eta handiegien artean bizi gara, ezta?

Erantzun salmoa  (Sal 18)

        Lagundu deigula salmo honek, otoitz giroan eginez, gure ustea Jainkoagan jarten eta horren gozoan bizi izaten. 

 

2) Heb 7, 23-28

        Jainkoaganako bitartekorik behar badogu, ez dogu Jesu Kristo baino hoberik aurkituko. Baina ez ahaztu: hau senideengan baino ezin aurkitu geike.

3) Mk 12, 28b-34

        Zer bilatzen dogu: Jainkoarentzako gitxiengo bat, ala Jainkoarentzat oso-osoan izatea? Egin deiogun harrerea ebanjelioari Aleluia abestuz, zutunik, eskuzabaltasunean.

ESKARIAK

        † Gitxi erein eta asko batu gura izaten dogu; hartzaileak askoari ere gitxi deritxo; emoileari gitxia bera ere asko deritxo. Ez daigun holan jokatu Jainkoagaz, eskuzabaltasunez baino:

        —Eleizearen alde: bere txikikeriak eta pekatuak gogoan hartuz, txiki, baztertu eta pekatariei atea zabaldu deien, eta onetsi daizan, eskatzen deutsugu, Jauna. (Zeugan dogu uste ona).

        —Behartsuak, alboratuak, etorkinak, espetxeratuak, erbesteratuak eta inorentzat ezer ez diranak Jainkoaren irudi bizi izan dakiguzan, eta Jainkoa eurengan maitatzen ikasi daigun, eskatzen deutsugu, Jauna. (Zeugan dogu uste ona).

        —Herri-agintarien alde: herritarrei legeak beteazo baino gehiago, behartsuaren alde egiten irakatsi deien, eginkizun horretan eurak aurretik doazala, eskatzen deutsugu, Jauna. (Zeugan dogu uste ona).

        —Otoitzerako alkarturik gagozanok, une oro bilatu daigun Jainkoagazko eskuzabaltasuna gure ingurura errukiz eta maitasunez begiratuz, eskatzen deutsugu, Jauna. (Zeugan dogu uste ona).

     † Jainko Jauna: geure zoriona baino gura ez dozuna: uxatu gure bildurrak eta zekenkeriak, eta emoiguzu adi eta zoli entzun deizugula. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

     —Amen.

 

JAUNARTZEAN

1. Ogi hau jaten dauanak izango dau bizia.
  Kaliz hontan aurkitzen da Jainko-odol guztia:

R/.  Hor dogu janaria ta hor gure edaria.

 

2. Jaungoikoak deitzen gaitu: bera dogu janari.
  Beragan dogu aurkitzen osasuna ugari.

R/. Zelan begiratzen deutson Jainkoak gizonari!

 

3. Danok gaur jaten badogu ogi bat mahai batean
  ezin izan gorrotorik gaurtik gure artean.

R/. Alkar maitatu dagigun Jesusen izenean.

AZKENEAN

     Izango ete gara Jainkoaren hitzaren entzuleago? Bilatuko ete dogu gitxiengoak baztertu eta Jainkoagaz eskuzabaltasunez jokatzea? Geuretuko ete dogu Jesusen guraria: Jainkoa geure senideagan aurkitzea? Jabetuko ete gara honexetaz: Jainkoa maitatzeko bide bakarra senidea maitatzea dala? Ea zelan agertzen dogun hau aste honetan zehar.

 

 

 

 

 

UZ-10-B

  URTEAN ZEHARREKO X. DOMEKA B urtean ( F. Marcos ) I. Irakurgaia Alkarren arerio egingo zaituet hi eta emakumea, hire eta haren on...