B urtean
I. Irakurgaia
Heriotza lotsagarrira kondenatuko dogu.
Jakituriaren Liburutik
Jkt 2, 12a. 17-20
Hau inoen gaiztoek
«Jarri deioguzan sareak zintzoari;
ikusi daigun esaten dauana egia dan ala ez,
aztertu daigun zelako amaiera dauan ikusteko.
Benetan Jainkoaren seme bada,
etorriko jako ha zintzoari laguntzera
eta libratuko dau arerioen eskuetatik.
Irainak eta oinazeak jasanazoko deutsaguz,
haren nasaitasuna ezagutu eta eroapena probatzeko.
Heriotza lotsagarrira kondenatuko dogu,
bere esanetan, Jainkoak alde urtengo deutso-eta».
Jaunak esana.
Sal 54 [53], 3-4. 5. 6 eta 8 (R/. 6b)
R/. Jauna da nire biziaren babesle.V/. Ene Jainko, salbatu nagizu zeure izenagaitik,
defendatu nire auzia zeure ahalmenaz.
Entzun, ene Jainko, nire otoitza,
makurtu belarria nire ahoko hitzetara. R/.
V/. Nire aurka jagi dira harroak
eta ni hil nahian dabiltz gogorzaleak,
Jainkoaren ardurarik barik. R/.
V/. Baina nik Jainkoa dot laguntzaile,
Jauna neure biziaren babesle.
Sakrifizioak eskeiniko deutsudaz bihotz-bihotzez,
zure izena goratuko, Jauna, ona zaralako. R/.
St 3, 16–4, 3
Senide maiteok: Bekaizkeria eta norgehiagokeria diran tokian, han dira
nahastea eta era guztietako gaiztakeriak. Goitik datorren jakituria, barriz,
garbia da lehenengo; gainera, baketsua, bihozbera, amore-emoilea,
errukitsua eta frutu onak dakarzana, alderdikeriarik eta itxurazalekeriarik
bakoa. Bakegileek bakean ereiten dabe eta frututzat zuzentasuna batzen.
Nondik sortzen dira zeuen artean dozuezan hasarreak eta burrukak? Ez
ete zuen barruan burrukan dabiltzan grina txarretatik? Zeozer gogo biziz
gura izan eta eskuratu ezin dozuenean, hilketak egiten dozuez; zeozer nahi
izan eta lortu ezin dozuenean, hasarrea sortu eta burruka egiten dozue. Ez
badaukazue, eskatzen ez dozuelako da; eskatu eta hartzen ez badozue,
txarto eskatzen dozuelako da, zeuen grina txarrak asetzeko eskatzen
dozuelako.
Jaunak esana.
R/. Aleluia.
V/. Honetarako dei egin deusku Jainkoak Barri Onaren bidez,
Jesu Kristo gure Jaunaren aintza eskuratzeko. R/.
Lehenengo izan nahi dauana izan bedi danetan azkena.
Aldi haretan, Jesus eta ikasleak menditik alde egin eta Galilean zehar
ebiltzan. Jesusek ez eban hori inork jakiterik gura, ze, ikasleei irakastera
emona egoan. Holan inotsen: «Gizonaren Semea gizakien esku itziko dabe;
hil egingo dabe, baina hil eta hiru egunera biztu egingo da». Hareek,
ostera, ez eben ulertzen zer esan gura eutsen; itauntzeak, barriz, bildurra
emoten eutsen.
Heldu ziran Kafarnaumera eta, etxean egozala, Jesusek itaundu eutsen:
«Zer eztabaida izan dozue bidean?» Baina hareek berbarik ez; ze, euren
artean handiena nor ete zan eztabaidatu eben bidean.
Jesarri zan Jesus eta, Hamabiei dei eginik, esan eutsen: «Lehenengo
izan nahi dauana izan bedi danetan azkena eta danen zerbitzaria».
Gero, umetxu bat hartu, hareen erdian jarri eta, besarkatuz, esan eutsen:
«Holako ume bat nire izenean onartzen dauanak Neu onartzen nau, eta Ni
onartzen nauanak, ez nau Neu onartzen, ezpada ze, bialdu nauana bera
baino».
Jaunak esana.
Senideok: zelango euri-zaparradea izan dogun gaurko :Liturgiak aurkeztu deuskun Jainkoaren berbea. Zabal-zabalik hartu badogu, adi-adi entzun badogu, beratuko ebala, uste dot, gure lur legorra. Goazen, ba, hausnarketatxo bat egitera, Jainkoari zintzotasunez erantzuteko asmoz, eta ez gure usteak gotortzeko asmoz.
Ebanjelioak zera esan deusku: Jesusek bere ikasleei irakasten ekin behar deutsola-ta, beragana deitzen dauzela ikasleak.
Aurreko domekako ebanjelioan ere aurkitu dogu gaurko gaia, Gaurkoan sakondu egiten dau: ez datoz bat Jesusek bereentzat gura dauana eta honeek bilatzen dabena, Horrexegaitik izan behar dabe irakatsiak!
Jesusek argi dauka Jainkoari zintzotasunez erantzuteak ondo-eza ekarriko deutsola, kurutzea dagoala lehenengo lekuan, eta ez aintza edo ingurukoen txaloak eta goralpenak.
Aurre ikuspen lez emon jaku Jakituriaren liburuko irakurgai zatia: zintzoen bizikereak berak ere, beste barik, emoten deutse gaizkileei iguina, eta honeik zintzoei heriotza latza emoteraino helduko dira.
Nahiko ugaria da hau gure artean; behar bada, geureaz ziurregi ez gagozalako-edo: iguingarri egiten jaku besteen ideologia, edo bizikerea, edo sexu-jokerea, edo dana-dalako geureagaz bat ez datorrenean. Errespetua eskatzen da, aniztasuna aldarrikatzen da…, baina aurrean erabilia da emakumea, edo etorkina edo homosexuala, edo, politikaz, beste alderdi edo pentsakera batekoa…
Eta ebanjelioko ikasleek ez dabe inguruagaz egokieran bizi izatea besterik bilatzen. Ez dabe arazorik gura. Baina Jesusek iragarten deutsen jokebide eta bizikereak arazoak ekarriko deutsezela-eta, ez dabe ulertzen, ez dabe onartzen, eta bide horretatik desbideratu daitela gura dabe.
Ez da erreza Jesusen bizikerea norbere bizikera biurtzea, eta gitxiago Jainkoari zintzo erantzutea ez bada bilatzen dana. Esanguratsua da Jesusek hori azaltzeko jarten deutsen (deuskun) adibidea: ume bat jarten dau euren erdian, eta besarkatu egiten dau irakatsia emoten deutsen artean.
Baztertua, aurrean erabilia eta gitxietsia dana besarkatu egiten dau Jesusek, halangoxe bat dala adieraziz. Eta Jainkoaren nahia egiteko era bakarra haxe da azpimarratuz.
Zenbat daukagun ikasteko, senideok! Zenbat uste eta jokabide daukaguzan bazterreratzeko Jesusen irakatsietan sartu ahal izateko! Badinosku Santiagok, ez dakigula eskatzen, eta gure artean zatiketak, alkar onartezinak eta gorrotoak dagozala…, gure arteko hartu-emonak Jesusen ikuskeratik barik, besteen gainetik egon gura izatetik eratu gura doguzalako.
Hartu daigun gogoan: holango bat onartzen dauanak neu onartzen nau, eta ni onartzen nauanak… Geure barruan erabili daigun esaldi hau.
Sarrera-agurra
Ondo etorri, senideok, urtean zeharreko 25. domekako Liturgia honetara. Jesus Jaunaren irakatsietan murgilduko gaitu, eta gure prestutasuna eskatzen deusku: geure uste eta jakintzan jarraitu gura dogu, ala Jesus Jaunak irakatsi gura deuskuna gura dogu entzun eta gure bizikerea berari egokitu? Ondorioak ez dira bardinak izango. Hori badaki Jesusek, eta aurretiaz jakinazoten deusku. Baina ziurtaturik daukagu haren laguntza. Goazen ospatzera.
Abestia
ZU GABE, JESUS, NORA joango gara gu?
Zuk
betiko bizitzako hitzak, Jauna, dituzu.
1
Zu
gure maisu zaitugu, zu gure gidari
zure hitza guretzat indar eta argi.
2
Maitasunezkoa dogu, Jauna, zure hitza
Zu zaitugu egia, bidea, bizia!
Agurra
† Jesus Jauna maisu eta lagun dogu. Haren grazia eta bakea zuekin.
—Eta zure espirituarekin.
Damu-otoitza
Jesus Jauna minduta dauka gure epelkeriak eta aldietara egokituta egoteak. Abiatu gaitezan haren errukira:
—Jesus Jauna, jarraitzaile bulartsuak bilatzen duzuzana, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, irakatsi egiazkoak emoten deuskuzuzana, Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, bertanbehera inoiz lagaten ez gaituzuna, erruki, Jauna.
Jk 2, 12a. 17-20
Inoiz ez da izan erreza zintzotasunean bizi izatea. Horrexegaitik egin behar da aukeraketea eta landu behar da Jainko esperientzia, askotan negar artean izango bada ere.
R/. Jauna da nire biziaren babesle.
St 3, 16—4, 3
Gogorra da Santiagoren berbea entzun beharra izatea, baina bihurtzea bilatzen dauanak ontzat emongo dau.
Mk 9, 30-37
Jesusen asmo eta gurarietatik zein urrun dagozan ikasleen asmoak (eta gureak?)! Zabaldu gaitezan Jesusen esanetara, harrera on eginez. Abestu daigun Aleluia, zutunik.
ESKARIAK
† Jesusek bere ingurura
erakarten gaitu irakatsiak izan gaitezan. Etorri daitezala bat gure eskariak
haren asmoekaz:
—Eleizearen alde:
sinistun katekistak sortu daitezan bere altzoan, Jesusen barri euren bizitzaz
emongo dabenak, egin daigun otoitz.
Jainko
Jauna, zeugan dogu uste ona
—Gurasoen alde, irakastokien alde, irakaslegoaren alde… familiak eta ikastetxeak gizon-emakumeen gogo-bizitza ere landuko daben gure izan daitezan, egin daigun otoitz.
—Behartsu, baztertu eta aurrean erabilien alde: aurkitu daien Eukaristiaren mahai inguruan senidetasunez esaten jaken gunea, egin daigun otoitz.
—Otoitzean dihardugunok
geure usteetan ez gaitezan geratu, Jesusen kezka, asmo eta irakatsiekin bat
eginda, haren jarraitzaile zintzoak
izaten ahalegindu gaitezala baino, egin daigun otoitz.
† Sinismenaren erregalua egin deuskuzun Jainko Aita: geure egintzetan agertu daigula zuganako esker ona. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Jaunartzean
Hemen gaituzu, Jauna, ogiaren eske,
bizi
behar honetan ahuldu bait gintezke.
Zure
gorputz santua hartu nahi genduke:
zu
barik bizitzerik ezingo genduke.
Munduak
behar badau eguzki-argia,
mendiko
abereak, iturri garbia;
besteok
nahi badogu barruko bizia
beharrezkoa
jaku zeruko ogia.
Jauna,
zure grazia lagun dakigula,
ogi
hau jan dagigun behar dan bezela;
Ez
ahaztu txarrerako jarriak gaozela:
arren,
zuzen ta leial bizi gaitezela.
Azkenean
Eroan daigun etxera
Jesusen ikasleen lotsaria: gure asmoak Jesusenekaz bat ez datozela jakitetik
sortzen dan lotsaria. Eta, otoitz
giroan, bilatu daigun haren esanak ikastea eta gure bizikerea euretara egokitzea,
kurutzearen bildurrik barik eta behartsuekin bat eginik.
JESUS MUNDUKO ARGIA
Jesus zinezko egia. Jesus betiko bizia.
1
Jesus
Jainko gizona Zuri gure bizia
hartu gure Jaun ona gu garean guztia.
2
Gure
bihotz barruan biztu zure argia
gaitezen gu munduan argi Jainkoz betia.