JAUNAREN BATEOA

Aukerako irakurgaiak

JAUNAREN BATEOA

B urtean

(Fray Marcos)

I. Irakurgaia

Zatoze uretara, eta biziko zarie.

 

Isaias Profetaren liburutik

Is 55, 1-11

Hauxe dino Jaunak: «Egarri zarien guztiok, zatoze ur bila,
etorri, dirurik ez dozuenok be;
erosi garia eta jan ordaindu barik, erosi ardaoa eta esnea doan.
Zergaitik eralgi dirua, goserik itziko zaitueen janaritan,
eta lansaria, asetuko ez zaitueen gauzatan?

Entzun Niri arretaz, eta ondo jango dozue,
janari gozo mamintsuz elikatuko zarie.

Etorri Nigana eta egon adi,
entzuidazue eta biziko zarie.
Betiko ituna egingo dot zuekin,
Davidi eginiko maitasunezko agintzariari leial eutsiz.
Herrientzako testigu jarri neban David,
nazinoen buruzagi eta agintari.
Ezagutzen ez zenduan herriari egingo deutsazu dei,
eta ezagutzen ez zinduzan herria arineketan etorriko da zugana,
Jaunagaitik, zure Jainkoagaitik,
ospez jantzi zaituan Israelgo Santuagaitik.

Bilatu egizue Jauna, aurkitu daiteken bitartean;
dei egiozue, hur dagoan bitartean.
Itzi begi gaiztoak bere bidea,
gaizkileak bere asmo txarrak;
bihurtu bedi Jaunagana, errukiz hartuko dau-eta,
gure Jainkoagana, guztiz parkabera da-eta.
Nire asmoak ez dira zuenak lakoak,
ezta zuen jokabidea be nirea lakoa, dino Jaunak.
Zelan zerua lurraren gainetik garai,
halan nire jokabidea zuen jokabidearen gainetik,
nire asmoak zuen asmoen gainetik.

Euria eta edurra zerutik jaisten dira
eta ez dira barriro hara bihurtzen,
lurra ase, ernaldu eta erne barik,
ereiteko hazia eta jateko ogia emon dagizan;
halan egingo dau nire ahotik urtendako hitzak be:
ez da Nigana hutsik bihurtuko,
Neuk nahi dodana egingo dau ostera
eta beteko Nik ezarritako helburua».

Jaunak esana.

 


Erantzun salmoa

Is 12, 2. 3 eta 4bcd. 5-6 (R/. 3)

R/.   Atarako dozue ura pozik
        salbazinoaren iturrietatik.

V/.   Jainkoa dot salbatzaile!

Badot uste on eta ez naz bildur,

Jauna dot-eta indar eta kemen,

bera neure salbazino. R/.

V/.   Atarako dozue ura pozik

salbazinoaren iturrietatik.

«Eskerrak Jaunari, dei egin haren izenari,

iragarri haren egintzak herriei,

agertuarazo zein bikaina dan haren izena. R/.

V/.   Kanta Jaunari, bikain jokatu dau-eta,

jakin begie honen barri mundu osoan.

Egin poz-irrintzi eta oihu, Siongo bizilagunok,

handikiro dihardu-eta zuen alde Israelgo Santuak». R/.

 

II. Irakurgaia

Espiritua, ura eta odola.

San Joan Apostoluaren lehenengo epistolatik                                                                      

1 Jn 5, 1-9

      Seme-alaba maiteok: Jesus Mesias dala sinisten daben guztiak Jainkoagandik jaio dira, eta bizia emoten dauan Jainkoa maite dauanak harengandik jaioa be maite dau. Beraz, Jainkoa maite badogu eta haren aginduak betetzen badoguz, badakigu Jainkoaren seme-alabak maite doguzana. Izan be, Jainkoa maitatzea haren aginduak betetzea da. Eta haren aginduak ez dira astunak, Jainkoagandik jaio diran guztiek garaitu egiten dabe-eta mundua. Eta hau da munduaren gain garaipena emoten deuskuna: geure sinismena.

      Zein da mundua garaitzen dauana, Jesus Jainkoaren Semea dala sinisten dauana baino? Hau da bateoko uraz eta heriotzako odolaz etorri zana, Jesu Kristo; ez uraz bakarrik, uraz eta odolaz baino. Eta Espiritua da honetaz autormen egiten dauana, Espiritua egia da-eta. Honan, bada, hiru dira autormen egiten dabenak: Espiritua, ura eta odola, eta hirurak bat datoz.
      Gizakien autormena ontzat emoten badogu, balio handiagokoa da Jainkoaren autormena, eta Jainkoak bere Semeaz egiten dau autormen.

Jaunak esana.

 

Aleluia

Ik. Jn 1, 29

R/.   Aleluia.

V/.   Ikusi eban Joan Bateatzaileak
        Jesus beragana etortzen eta esan eban:
        «Hona hemen Jainkoaren Bildotsa,
        hona munduko pekatua kentzen dauana». R/.

 

Ebanjelioa

Zeu zara nire Semea, nire maitea;
Zeu zaitut atsegin.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 1, 7-11

      Aldi haretan, honan iragartzen eban Joan Bateatzaileak: «Nire ondoren dator ni baino ahaltsuagoa dana, eta ni ez naz inor makurtu eta haren oinetakoen lokarriak askatzeko be. Nik urez bateatu zaituet; harek, barriz, Espiritu Santuaz bateatuko zaitue».
      Egun hareetan, Galileako Nazaretetik etorri zan Jesus, eta Joanek Jordanen bateatu eban. Eta behingoan, uretatik urteterakoan, zerua urratzen ikusi eban Jesusek, eta Espiritu Santua uso-irudian bere gainera jaisten.
    Eta ahots hau etorri zan zerutik: «Zeu zara nire Semea, nire maitea; Zeu zaitut atsegin».

Jaunak esana.

 

 

UZ-10-B

  URTEAN ZEHARREKO X. DOMEKA B urtean ( F. Marcos ) I. Irakurgaia Alkarren arerio egingo zaituet hi eta emakumea, hire eta haren on...