URTEAN ZEHARREKO VI. DOMEKA /B

Urtean Zeharreko VI. Domeka

 

B urtean

 

I. Irakurgaia

Bakarrik biziko da legenarduna,

kanpalekutik aparte.

 

Lebitarrena liburutik

Lb 13, 1-2. 44-46

      Honan berba egin eutsen Jaunak Moisesi eta Aaroni: «Norbaiti narruazalean handituak, zornadurak edota orbanak urteten badeutsa, legenarena lako zauria sortuz, Aaron abadeagana nahiz haren ondorengoetako abade batengana eroango dabe. Legenarduna da; kutsaturik dago, eta halan autortuko dau abadeak buruan, dauan gatxagaitik.

     Legenak jota dagoanak jantziak urratuak eroango ditu, ulea harro eta aurpegia erdi estalduta, eta "kutsatua, kutsatua!" oihu egingo dau. Gatxak alde egin arte, kutsatua izango da eta bakarrik biziko, kanpalekutik aparte».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 32 [31], 1-2. 5. 11 (R/. 7)

R/.   Zeu zaitut babesleku,
        askapen-kantuz inguratzen nozu.

 


V/.   Zorionekoa hobena kendu

eta pekatua parkatu deutsoena.

Zorionekoa Jaunak errurik leporatzen ez deutsana,

barruan maltzurkeriarik ez dauana. R/.

V/.   Orduan, autortu neutsun neure pekatua,

neure errua ez neutsun ezkutatu.

Esan neban: «Autortuko deutsat Jaunari neure hobena»,

eta Zuk parkatu zeunstan neure pekatuaren errua. R/.

V/.   Poztu eta alaitu Jaunagan, zintzook,

egin pozez oihu, bihotz zuzeneko guztiok. R/.

 

II. Irakurgaia                                                                                                      

Izan zaiteze nire antzeko,

ni Kristoren antzeko nazan lez.

 

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik                      

1 Ko 10, 31–11, 1

     Senideok: Nahiz jan, nahiz edan, nahiz beste edozer egiten dozuela, egizue dana Jainkoaren aintzarako. Ez izan jausbide, ez judeguentzat, ez jentilentzat, ez Jainkoaren eleiz alkartearentzat be. Ni be guztiei gauza guztietan atsegin emoten ahalegintzen naz, eta ez dot bilatzen neure ona, besteena baino, guztiak salbatu daitezan.

     Izan zaiteze nire antzeko, ni Kristoren antzeko nazan lez.

Jaunak esana.

              

Aleluia                                                                                                                    

Lk 7, 16

R/.   Aleluia 

V/.   Profeta handia sortu da gure artean,

        eta Jainkoa bere herria salbatzera etorri da. R/.

 

Ebanjelioa                                                                                                           

Alde egin eutson legenak, eta garbi gelditu zan.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik                                            

Mk 1, 40-45

     Aldi haretan, legenardun bat etorri jakon erreguka Jesusi eta, belaunikaturik, esan eutson: «Nahi badozu, garbitu naikezu». Jesusek, errukiturik, eskua luzatu eta ikutu egin eban, esanez: «Gura dot, izan zaitez garbi». Orduan bertan alde egin eutson legenak, eta garbi gelditu zan.

     Jesusek bialdu egin eban, zorrotz aginduz: «Kontuz gero! Ez esan inori ezer. Baina zoaz, agertu abade nagusiagana eta, ezaugarri izan dagien, eskeini garbikuntzaren ordainez Moisesek agindutakoa».

     Ha, ostera, urten ebaneko, gertatua iragartzen eta zabaltzen hasi zan oihuka, eta harrezkero ezin zan Jesus inongo herritan agirian sartu, eta kanpoan gelditzen zan, leku bakartietan. Halan be, edonondik etorkion jentea.

Jaunak esana.

 

 

(LAGUNGARRIAK)

 

URTEAN ZEHARREKO VI. DOMEKEA  /B 

Sarrera-oharra

        Senideok: gutariko bakotxa hainbeste taldetako kide da (eleiz alkartekoa, familia batekoa, herrikoa, gizartekoa…), eta horrek bere garrantzia dauka. Bakotxa norbera da, zer esanik ere ez. Baina, banaz ni inor besteak barik?

        Gaurko liturgian taldearen garrantziaz jabetuko gara, eta bestea zenbateraino  zaindu behar dogun norbere burua zaindu gura badogu ikusiko dogu. Ez da erreza honetan orekea aurkitzea, gure egunotan norkeria dalako jaun. Urten daigun, ba, geure jarreretatik Jaunaren hitzean eta haren mahaian adore hartzera.

 

Sarrera abestia

        Igandea da Jaunaren eguna bereziki

 

Damu-otoitza

        Alkarrentzako egin gaituan Jainkoaren aurrean agertu daigun, damutasunez, gure norkeria.

        —Jesus Jauna, oso-osoan besteentzat izan zinana: erruki, Jauna.
        —Jesus Jauna, zuri jarraitzeko norbere buruari uko egitea eskatzen deuskuzuna, Kristo, erruki.
        —Jesus Jauna, guganako maitasuna bizitza emotean erakutsi zeuskuna, erruki, Jauna.

 

Lv 13, 1-2. 45ss

        Taldearen osasuna zaintzeak gaixo bat bereiztea eskatu daike, honek taldea kutsatu ez daian. Eta horren barri emon beharra. Neure izantasuna eta nortasun errespetagarria daukat, baina, zer naz besteak barik?

 

Erantzun salmoa

        Salmo honetan, bere ustea Jainkoagan jarrita dauan baten otoitzagaz egingo dogu bat, gure babesa Jainkoa dogula autortuz eta ospatuz.

 

 

1 Ko 10, 31—11, 1

        Begira zelango aholkua emongo deuskun apostoluak, alkarrentzako garala gogoratuz, eta gure ondo izatea besteak ere ondo egotean oinarritzen dala.

 

Mk 1, 40-45

        Gure gizarteak norbere ondo izatea eta atsegina bilatzen irakasten deusku. Baina, egon naiteke bni ondo besteen lepotik, edo besteak txarto badagoz? Egin deiogun harrerea ebanjelioari Aleluia abestuz, zutunik.

 

HERRI-OTOITZA (Eskariak)

        † Alkar zaintzeak, sarritan norbere burua ukatzea eskatzen dauala, baina horrek Jainkoaren aintza agertzen dauala jakinez joten dogu otoitzera, gure uste osoa Jainkoagan jarriz:

         —Eleizearen alde: bere iragana eta garbitasuna zaintzen eta lortzen baino ahalegin handiagoa egin daian bere seme-alabak alkarrenganatzen eta alkarregaz arduratzeko gauzatzen, eskatzen deutsugu, Jauna.

        —Euren eskubideak eta nortasuna bera ere zapalduta dauken pobre, bazterreratu eta ezereztuen alde: itxaropena izan daien, eta itxaropen hori gauzatua ikusi daien, eskatzen deutsugu, Jauna.

        —Gizarte honetako ahaltsuen eta agintarien alde: sustatu daien herriarengan alkarrenganako begiramena eta alkar zaintza, gizarteko lorpen lez, eskatzen deutsugu, Jauna.

        — …/.. eskatzen deutsugu, Jauna.

        —Otoitzerako alkartu garanok bilatu daigun senidearen ondo izatea, horretantxe aurkituz bakotxak bere zoriona eta Jainkoaren aintza, eskatzen deutsugu, Jauna.

        † Jainko ona: zure Semeak irakatsi euskuna norbere burua ukatzea, gure eguneroko bizitzan gauzatzea bilatu daigula gure zorion-bide lez. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

        —Amen.

 

Jaunartzean

MAITASUNA BAKEAREKIN BATERA

Eskeintzeko nator esku emotera.

1 Alkarturik gaudenean Jaunaren aurrean

bardin izan behar dogu kalean.

2 Anaitasun jatorrean esku emotean

bihotza senti behar da bakean.

 

HITZALDIA

         Senideok: lorpen edo aurrerabide handia izan da pertsona bakotxaren balioaz jabetzea. Gutariko bakotxa talde bateko edo gizarte bateko izan arren, bakotxak bere nortasuna dogu, geure onura izatea ere badogu, eta hori errespetatzea, aintzat hartzea eskatzen dogu. ondo dago hori. Baina noraino heldu gara? Non gagoz gaur? Behar bada, bakotxak bereari baino ez begiratzeraino, eta besteak kontuan ez hartzeraino edo besteak baztertzeraino…

        Sarritan entzun doguz, edo entzuten, holango iragarkiak: Zeuk ebazten dozu, Zeurea da aukerea, Bezeroak dau arrazoia, eta abar. Horren aurrean, zer eskatzen jaku gaur egun? Alkar zaindu daigula, norbere burua zaintzeko horixe dalako bide bakarra. Eta hor, batez ere, nagusiak… eta gaisoak edo ezgaituak-eta gogotan hartzeko. Hau da: ez gabilz ondo bakotxaren onurea eta gizartearena alkarren aurka badagoz. Ez gabilz ondo hauxe ulertzen ez badogu: ni ondo egoteko, nire ingurukoek ere ondo egon behar dabe.

        Hau onartzen badogu, gure pentsamoldea eta jokabidea indartuta ikusiko doguz eta gu adoretuta, gaur proposatu jakun Jainkoaren hitzean; eta gure gogoa janarituta aurkituko dogu.

        Oraindino bakotxaren nortasuna taldearen nortasunean urtuta egoan, bakotxa ez zan ezer taldetik kanpo Moisesen aldietan. Garrantzia taldeak eukan, eta haren osasuna zan zaindu beharrekoa, bakotxaren osasunaren gainetik. Eta baten gaisotasunak taldearen osasuna arriskuan jarten baeban, bakan ha bazterreratu beharra egoan.

        Ulertu ete geike bakotxak ezin geikela talde arriskuan jarri? Zein gatx egiten jakun! Baina nire eskubideak zapaltzen dauz arau horrek —esaten da. Eta eskubide hori aldi baterako ez alboratzearren, taldearen osasun eskubidea arriskuan jarten da.

        Hau osasun mailan, eta gagozan egoeran, argi baino argiago danez, aztertu ete geikez gure beste jokabide batzuk? Zelan jarri geikez arriskuan, bizi dogun egoera honetan, taldearen edo besteen eskubideak, osasuna, nortasuna…?

        Ba, danok ezagutzen dogu, senideok, norbere eskubideari edo jarrereari amore emoten deutsonik, bestearen onerako. Alkar maite dabenen artean izaten da hau nabarmena. Eta baita, danok ezagutzen doguz beste edozeinen gainetik bere nortasuna, eskubideak, pentsakerea, jarrerak edo dana-dalakoa jarri gura dabenak: "neu lehenengo…, eta gero ere bai" da horren araua.

        Bigarren irakurgaian Pauloren jokabidea ikusi dogu: besteenera egiten da, horixe dalako Jaunaren jokabideak eskatzen deutsona.

        Eta ebanjelioan argi geratu jaku zenbat galtzen dauan legenardun osatuaren jokabideaz. Jesusek ere ezkutuan ibili behar dau, eta urietan ezin sartu daiteke.

        Bai, senideok: gutariko bakotxak bere handitasuna dauka, eta hori zaindu eta errespetatu egin behar da…, baina besteen handitasuna arriskuan jarri barik.

        Izan daigun gogoan Jesusen irakatsia: ni ondo egoteak bestea zaintzea eskatzen dau.

 


UZ-10-B

  URTEAN ZEHARREKO X. DOMEKA B urtean ( F. Marcos ) I. Irakurgaia Alkarren arerio egingo zaituet hi eta emakumea, hire eta haren on...