B urtean
I. Irakurgaia
Itsuak eta herrenak ekarriko ditut.
Jeremias Profetaren liburutik
Jr 31, 7-9
Honan dino Jaunak:
«Egin oihu pozaren pozez Jakoben herriagaitik,
egin irrintzi herrien buru danagaitik.
Egin oihu, goratu Jauna, esanez:
"Salbatu dau Jaunak bere herria,
Israelen bizirik geldituak".
Begira, iparraldetik ekarriko ditut,
lurreko azken mugetatik batuko.
Jentetza izugarria bihurtuko da:
horreen artean itsuak eta herrenak,
umedunak eta umea izan barriak batera.
Negar eta otoitz artean ekarriko ditut.
Ondo ureztaturiko ibarretan zehar eroango ditut,
estropezurik egingo ez daben bide zelaian zehar,
Aita izango naz Israelentzat,
nire lehen-seme izango da bera».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa
Sal 126 [125], 1-2b. 2c-3. 4-5. 6 (R/. ik. 3)
R/. Gugaz handikiro jokatu dau Jaunak;
hau da poza daukaguna!
V/. Jaunak Sionen zoria aldatu ebanean,
amesetan lez gengozan.
Barrez bete jakun orduan ahoa,
poz-oihuz mihina. R/.
V/. Jentil-herrietan be esan eben:
«Handikiro jokatu dau Jaunak hareen alde».
Handikiro jokatu dau Jaunak gure alde,
eta pozarren gagoz! R/.
V/. Aldatu, Jauna, gure zoria,
euri-jasek basamortua lez.
Malkoz erein ebenek
pozez batzen dabe. R/.
V/. Negarrez joan ziran,
hazi-zorroa eroanez;
poz-oihuka datoz,
gari-azaoak ekarriz. R/.
II. Irakurgaia
Abade zara Zu,
Hebrearrei egindako epistolatik
Heb 5, 1-6
Abade nagusia gizonen artetik hartua eta Jainkoaren aurrean gizon-
-emakumeen ordezkari izateko jarria izaten da, pekatuakaitik emoitzak
eta opariak eskeintzeko.
Badaki ezjakinez eta okerbideratuez errukitzen, bera be giza
makaltasunaz inguratuta dagoan ezkero. Horregaitik, bere pekatuakaitik
be opariak eskeini behar ditu, herriaren pekatuakaitik lez. Eta ezin dau
inork abade nagusitzaren ohorea beretzat hartu, Jainkoak deiturik ez
bada, Aaronek lez.
Holan, Kristok be ez eutson berak emon bere buruari abade
nagusitzaren ospea, Jainkoak baino, honan berba egin eutson-eta:
«Nire Seme zara Zu,
Neuk zaitut gaur sortu».
Beste salmo baten be hau esaten deutso:
«Abade zara Zu, Melkisedek lez, betiko».
Jaunak esana.
Aleluia
Ik. 2 Tm 1, 10
R/. Aleluia.
V/. Kristo Jesus gure salbatzaileak heriotza ezereztu dau
eta bizia argitu Barri Onaren bidez. R/.
Ebanjelioa
Ikusi dagidala, Maisu!
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik
Mk 10, 46-52
Aldi haretan, Jesus ikasleekin eta jentetza handiagaz Jerikotik
urtetean, Bartimeo itsua, Timeoren semea, eskean egoan bide-
-ertzean jarrita. Jesus Nazaretarra zala jakitean, deadarka hasi zan:
«Daviden Seme, Jesus, erruki zakidaz!» Askok gogor egiten eutson
isildu eragiteko; baina harek indartsuago egiten eban oihu: «Daviden
Seme, erruki zakidaz!»
Jesusek gelditu eta itsuari dei egiteko agindu eban. Deitu eutsoen,
esanez: «Izan bihotz! Jagi, deika dabilkik». Bere soingainekoa jaurtiz,
salto baten zutundu eta Jesusengana joan zan. Jesusek itaundu eutson:
«Zer nahi dozu Nik zuri egitea?» Itsuak erantzun: «Ikusi dagidala,
Maisu!» Jesusek esan eutson: «Zoaz, zeure sinismenak osatu zaitu».
Une haretan bertan berreskuratu eban ikusmena, eta Jesusen ondoren
joian bidean.
Jaunak esana.
HOMILIA
UZ-30-B (24)
Senideok: osatu gura dauan gaixo batek zer egin behar dauala uste dozue? Osatu daiteke bere gaixotasuna autortzen ez dakiana? Gaixorik egonda, bere burua osasuntsu ikusten dauana, benetan dago osasuntsu?
Zelan ikusten dogu geure burua, senideok? Zelan ikusten dogu gure eleiz alkartea? Zelan gure ingurua, gizartea, mundu osoa? Ez dogu esango gaixorik gagozanik, edo dagozanik, baina bai esan geikela gaixotasun batzuk daroaguzala tatarrez… Ausartuko ete gara geure gaixotasuna autortzen? Ea gaurko ebanjelioak lagundu leigun…
Bartimeo itsua bide bazterrean eskale dago. Negargarria da haren egoerea: Jainkoak zigortua izan dala uste dabe ingurukoek (eta berak ere), eta bazterreratuta dauke. Jesusen inguruan doazenek ere, itsua laguntza eske oihuka hasten danean, isilduazo egiten dabe.
Jesusek entzun egiten dau behartsuaren oihua eta bere ondora egiten deutso dei. Eta gaixoari bere gaixotasuna autortzeko aukerea emoten deutso. Haren bazterkuntzatik atara egiten dau. Haren egoerea ez da Jainkoaren zigorra, makaltasunaren ondorioa baino. Jesusek Jainkoaren irudi barria dakar. Jenteak ez dau ulertzen, eta ez dau onartuko, haren inguruan dabilan arren… eta euren itsukerian jarraituko dabe Jesusen inguruan.
Jesusek ez dau osatuko Bartimeo: bere sinismenak osatu dauala esango deutso. Onartzekoa da hau? Eta Bartimeo Jesusen jarraitzaile egiten da.
Hona gure gaixotasunak, senideok, gure itsukeriak:
—Gure siniskeratik urteteko zaharregiak garala uste dogu… geure itsukerian jarraitu gura dogu;
—Orain arte hain txarto joan ez bajaku (horretantxe jarraitzen dogu-eta), zergaitik behar dogu aldatu?
—Eta jazoera negargarrien errua Jainkoari leporatzen deutsagu, holan gu aske geratzen gara euki geiken errutik…, eta onak garala uste, besteen alde otoitz egiten dogulako.
—Ez dogu aintzat hartzen Jesusen epaia: zeure sinismenak salbau zaitu.
Baina, hara:
Hondatuta dagoan herriari, Jeremiasek, herriari Jainkoaren haren gaingo ondasunak gogoratuko deutsoz; onartzen dauanarentzat pozbide izango dira.
Hebertarrei egindako epistolan agertzen danean jarraituko dogu oraindino: Jainkoari parkamen eskatu behar jakola; parkatu deigun, opariak eskeini behar jakozala… Ez gara Jesusengana bihurtzen eta onartzen Jainkoak ez daukala ezer parkatu beharrik, ez ezer emon beharrik, dana daukalako emonda hasieratik eta parkatuta. Sinismenaren beharrean gagoz! Hauxe da gure itsukeria. Eta ez dogu autortzen.
Zelan osatu geinkez, ba, Jesusek, gure itsukeria aurtortzen ez badakigu? Sentitzen dogu Jesus gure paretik pasatzen dala hitzaldi batera, erretiro batera, hausnarketa talde bat egitera… dei egiten jakunean? Ez, senideok. Eta entzuten dauana isilduazo egiten dogu; geure itsukerian lasai gagozalako; harago joateak bildurtu egiten gaitulako; Jesusi jarraitzeak, hasi aurretik nekatzen gaitulako.
Ez ete dogu guzti hau hausnartu behar eta autortu, Jesusek osatu gaizan? Hau da: zeure sinismenak osatu zaitu esan deigun?
Horrek hainbeste gauza aldatzera, barritzera, eroango gaitu. Egin daigun salto, soingainekoa urrun jaurtita.
URTEAN ZEHARREKO XXX. DOMEKEA /B
HITZALDIA
Senideok: Urtean Zeharreko XXX. domeka honetan (B eredua), Urriko
azken aurreko domekea dalako, DOMUND eguna ospatzen dogu Eleiza
osoan, Eleizearen misiolari sena gogoratzen dogu: Eleizea edo misiolaria
da, edo ez da Eleiza.
Lehen irakurgaian ikusi dogunetik, Jainkoak herrialde guztiak erakarriko
ditu Sion mendira, Jerusalemera, bere herrira, eta bakean eta ugaritasunean
bizi izango dira. Hori Jainkoaren guraria. Baina zer jazoten da?
Hebertarrei egindako idazkian, gure begiak benetako abadea dan Jesu
Kristogan jartera egiten jaku dei: harek bere burua eskeintzen dau opari,
behin betiko. Baina zein da gure jokabidea?
Guzti hori argitzeko eta sinistun erantzuna prestatzeko, goazen ebanjeliora
guri esatekorik asko dauka-eta.
Jerusalemera bidean doa Jesus; azken txanpan dago; ezin izango dau gauza
askorik egin ez irakatsi. Bihotza zarratuta daukela esan gura dau. Ez ete dau
zirrikiturik ere aurkituko bere ikasle eta jarraitzaileen artean?
Adi! Behartsu baten oihuei, Jesusen jarraitzaileek (nork, eta Jesusen
jarraitzaileek!) isiltzeko aginduaz erantzuten deutse. baina behartsua ezin da
isildu; bere egoereak eragiten deutso ozenago oihu egitea. Eta Jesusek,
Dabiden Seme izen okerra hartzen badau ere, ez dau isilduazoko; ez dau
ardura; gauzak eginda dagoz. Eta "deitu eiozue" aginduko dau.
Zenbat herrialde dagozan gurean ate-joka! Eta guk ez dogu hareen oihurik
entzun gura; eta hareek gero eta ozenago egiten dabe oihu. Eta guk arrazoizko
bideen bila dihardugu aterik ez zabaltzeko.
Jesusen inguruan goazela uste izanik, geure erosotasuna, ondo bizi izatea,
ondasunen jabe izatea, e.a. ez doguz galdu gura; eta ate-joka dagozenei ez-
-ikusia egiten deutsegu.
Beste alde batetik, gure siniskerea gaurkotzea eskatzen deuskun Eleizeari
ere ez-entzun egiten deutsagu, beti egin dogulako hauxe, eta besterik ez
dakigula, eta barririk ikasteko zaharregiak garala erantzunez. Ikusten dogun
arren, zelango beharrizanean gagozan Eleiza lez eta hemengo eleiz alkarte lez.
Ba, begira ze irudi eta ezaugarri eder izango dogun Bartimeo itsua. Jesusek
dei egiten deutsola jakitean, soingaineko bota egiten dau: haxe da bere
babesgarria, bere ziurtasuna. Ez dau ardura! Uste osoa Jesusengan dau
jarrita. Eta itsu-mustuka barik, jauzi batez jarten da Jesusen aurrean.
Bazterrean egon da; baztertua izan da; baina Jesusen deia entzun dau
eta dana aldatu da. Besteek ulertu ez dabena, hainbeste denporan Jesusen
inguruan ibili arren, nor lehena edo nagusia pentsatzen egozan ikasleek
eurek ere ulertu ez ebena, Bartimeo itsuagan ikusten dogu (hau paradoxa!)
ahal dan gauzea dala.
Senideok: uste osoa Jesusengan jarrita, gure babesak eta ondasunak eta
enparauak alde batera lagako bagenduz, gure bizikerea barritu egingo
litzateke. Jesusen ondoa egotea barik, hari jarraitzea bilatuko geuke, eta
gure arteko senidetasuna areagotzen ahaleginduko ginateke, eta etorkinei
ere ez geuskie oztoporik jarriko, eta ateak zabalduko geuskiez.
URTEAN ZEHARREKO XXX. DOMEKEA /B
LAGUNGARRIAK
Sarrera-oharra
Ondo etorri, senideok, Urtean Zeharreko XXX. domeka honetako liturgia
ospatzera.
Domeka hau Urriko azken domekea danez, DOMUND eguna dogu: gure
Eleizea misiolaria dala gogoratzen deuskuna eta ospatzen doguna. Hau da:
gure Eleizea edo misiolaria da edo ez da Eleiza.
Gaurko Liturgiak gure egoereari begirada bat botaten lagunduko deusku,
bakotxaren siniskerea aztertzen, eta Jesusen ondoan egotea baino hari
jarraitzea nahiago izatea.
Prestutasunez eta uste onez sartu gaitezan, ba, abesti artean.
Abestia
Jesusen Eleiza misiolaria gara
berak bidalia herri denetara,
justiziz ta bakez sendo jokatzera,
gizarte berria gaur eraikitzera (bir).
Agurra
† Jainkoaren erreinua iragarteari ekinez, bere bizitza geure alde emon
eban Jauna izan bedi zuekin.
—Eta zure espirituarekin.
Damu-otoitza
Misiolari izatean besteengana zabaltzea dago. Ez dozue uste gure
herrialdeak, euren ondasunak galtzearen bildurrez, beste herrialdeei
zarratuta bizi dirala. Jo daigun Jainkoaren errukira.
—Jesus Jauna, pobrezian bizi izan zinana, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, ondasunen arriskutik urteteko dinoskuzuna, Kristo,
erruki.
—Jesus Jauna, begiak zabaltzen eta ikusiazoten deuskuzuna, erruki,
Jauna.
1) Jr 31, 7-9
Jainkoak, profetearen ahoz, bere herri minberatuari itxaropen mezua
zuzentzen deutso. Arretaz entzun daigun, geu ere itxaropen-herri bihurtu
gaitezan beste herrialde batzuentzat.
Erantzun salmoa
Autortu daigun Jainkoaren aurrean ugaltasunean bizi izatearen zoria
dogula, eta biztu dakigula ondasunak herrialde pobretuekaz alkarbanatzeko
gogoa.
2) Heb 5, 1-6
Jainkoaren aurrean beste gizon-emakumeen alde erregutzen dauana da
abadea, hareenganako errukia iragarriz. Nork beteten ete dau Jesusek
baino hobeto eginkizun hori? Honek bere burua eskeintzen dau eta
Jainkoaren errukiaz jokatzen.
3) Ebanjelioa: Mk 10, 46b-52
Markos ebanjelariak Bartimeo itsua jarten deusku eredu gure egotetik
urten eta Jesusen jarraitzaile bihurtu gaitezan. Egin deiogun harrerea
Aleluia abestuz, zutunik.
ESKARIAK (Herrri-otoitza)
† Ondasunak bere seme-alaba guztientzat isuri dauzan Jainkoari
zuzendu deioguzan eskariak, beste herrialde guztiak baino egoera
aberatsagoan dihardugula jakinik:
—Eleizearen alde: Jainkoaren erreinua iragartean, behartsuen ondoan
egoten eta hareen alde jarduten ikasi daian, egin daigun otoitz (Jauna,
zeugan dogu uste ona).
—Herrialde pobretuen alde: euren aldarriaz eta gurean ate-joteaz itxartu
gaiezan, eta ondasunen alkarbanatzera eroan gaiezan, egin daigun otoitz
(Jauna, zeugan dogu uste ona).
—Gehiegikeriak sufritzen dabezanen alde; baztertuak eta aurrean
erabiliak diranen alde, eta baina ikusi gura ez dabenen alde ere: ondotik
igaroten dan Jesusi ozenki dei egin deioen, egin daigun otoitz (Jauna,
zeugan dogu uste
ona).
—Otoitzerako alkartu garanok gure misiolari-sena biztu daigun, eta
Jesusen gaurko jarraitzaile izateko asmoa sutu dakigu, egin daigun otoitz
(Jauna, zeugan dogu uste ona).
† Danok zeure seme-alaba lez maite gaituzun Jainkoa: emoiguzu guri,
mundu aberatsean bizi garanoi, Jesusen jarraitzaile lez, gure ondasunak
behartsuekin partekatzeko gogoa eta ahalmena. Jesu Kristo gure
Jaunaren bitartez.
—Amen.
Jaunartzean
Jende asko negarrez: horrek nauka minez.
—Etxe gabe, goseak hilten, pozik gabe bizia galtzen.
—Bizia maite baina ezin, jakitea baina norekin.
—Jainko seme-alabak dira ta gu anaiak ote gara?
Azkenean
Gure Eleizea, edo misiolaria da edo ez da Eleiza, entzun dogu. Baina
hau bizitzara eroaten jakin behar dogu. Gure eguneroko egintzek emongo
dabe honen barri: otoitzak, Jainkoaren berbara hurreratzeak, esku zabaltasunak
eta herrialde pobretuei errukiz begiratzeak. Horretarako bedeinkatzen gaitu
Jainkoak.