UZ11B

(F. Marcos)

URTEAN ZEHAR XI. DOMEKA

B urtean

I. Irakurgaia

Zuhaitz txikia goratu egiten dot Nik.

Ezekielen Profezia liburutik

Ez 17, 22-24

    Honan berba egiten dau Jainko Jaunak:
«Zedro garaiaren adaburutik hartuko dot Neuk be,
kimu bat hartuko dot haren adar-puntatik,
eta mendi garai eta bikain baten landatuko.
Israelgo mendi garaian landatuko dot;
adarrak zabalduko ditu eta frutua emongo,
zedro bikain bihurtuko.
Mota guztietako hegaztiak biziko dira bertan
eta habia egingo haren kerizpean.

Basoko zuhaitz guztiek jakingo dabe
Nik, Jaunak, zuhaitz garaia beheratu
eta txikia goratu egiten dodala,
zuhaitz hezea igartu eta igarra heze-barritu.
Nik, Jaunak, esandakoa bete egingo dot».

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa

Sal 92 [91], 2-3. 13-14. 15-16 (R/. ik. 2a)


R/.  
Bai ederra, Jauna, Zu gorestea!

V/.   Bai ederra, Jauna, Zu gorestea
eta zure izena, Goi-goiko, kantuz ospatzea,
goizean zure maitasuna iragartzea
eta gauean zure leialtasuna! R/.

V/.   Zintzoa palmondoa lez garatuko da,
Libanoko zedroa lez haziko;
Jaunaren etxean landatua,
gure Jainkoaren atarietan garatuko da. R/.

V/.   Zaharturik be emongo dau frutua,
mardul eta heze iraungo dau,
Jauna zuzena dala iragartzeko,
nire harria, gaiztakeriarik ez dauana. R/.

 

II. Irakurgaia

Gorputzean nahiz gorputzetik kanpo,
Jaunari atsegingarri izaten ahalegintzen gara.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren epistolatik

2 Ko 5, 6-10

    Senideok: Uste onez beteak gagoz beti, jakinik, gorputz honetan bizi garan bitartean, Jaunagandik erbesteratuak gagozala. Sinismenaren argiak gidatzen gaitu, eta ez ikusten dogunak. Uste onez gagoz, bai, baina nahiago geunke gorputz honetatik erbesteratuak izan, Jaunagaz bizitzera joateko.
    Edozelan be, gorputzean nahiz gorputzetik kanpo, Jaunari atsegingarri izaten ahalegintzen gara; guztiok Kristoren auzitegian agertu behar dogu-eta, nork bere ordaina hartzeko, gorputzean bizi zala egindako onaren ala txarraren arabera.

Jaunak esana.

 

Aleluia      

R/.   Aleluia.

V/.   Hazia Jainkoaren hitza da;
        ereilea, barriz, Kristo;
        honi entzuten deutsanak betiko bizia izango dau.  R/.

 

Ebanjelioa

Hazi guztietan txikiena da
eta barazki guztiak baino handiagoa egiten da.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 4, 26-34

    Aldi haretan, Jesusek esan eutson jenteari: «Jainkoaren erreinua gizonak lurrean hazia ereitean gertatzen danaren antzekoa da; ha lo nahiz iratzarririk egon, gau eta egun, hazia erne eta garatu egiten da, harek zelan ez dakiala. Lurrak berez emoten dau frutua: lehenengo landarea, gero galburua eta, azkenik, burua bete garau. Eta garia heltzean, igitaiaz ekiten jako, uztaroa da-eta».
    Beste hau be esan eutsen: «Zeren antzeko dala esango geunke Jainkoaren erreinua? Zein parabolaren bidez adierazo geinke? Mostaza-haziaren antzekoa da: lurrean ereitean, hazi guztietan txikiena da; erein eta gero, ostera, gora egiten dau eta beste ortuari guztiak baino handiago egiten da; eta hain handiak dira botatzen dituan adarrak ze, txoriek habia egiten dabe haren gerizpean».
    Holako parabola askoren bidez iragartzen eutsen Jesusek mezua, hareek ulertzeko eran. Ez eutsen ezer irakasten parabola bidez izan ezik; baina bere ikasleei, bakarrean, guztiaren esangurea adierazten eutsen.

Jaunak esana.

UZ-10-B

  URTEAN ZEHARREKO X. DOMEKA B urtean ( F. Marcos ) I. Irakurgaia Alkarren arerio egingo zaituet hi eta emakumea, hire eta haren on...