I. Irakurgaia Profeta sortuazoko dot herritarren artetik;
neure hitzak ezarriko deutsadaz ahoan.
Deuteronomioa liburutik Dt 18, 15-20
Honan berba egin eutson Moisesek herriari: «Jaunak, zuen Jainkoak, ni lako profeta sortuko dau zuen artetik, herritarren artetik. Entzun berari! Horixe da, Horeb mendian baturik zengozela, Jaunari zeuen Jainkoari eskatu zeuntsoena: "Ez dogu Jaunaren geure Jainkoaren ahotsa barriro entzun nahi, ezta sute handi hori barriro ikusi nahi be, hil egingo gara-eta bestela".
Orduan, Jaunak esan eustan: "Ondo deritxot herriak esandakoari. Zu lako profeta sortuazoko dot herritarren artetik; neure hitzak ezarriko deutsadaz ahoan eta Nik agindutakoa esango deutse. Profeteak nire izenean adierazoko dituan hitzak onartuko ez dituanari, Neuk eskatuko deutsadaz kontuak. Baina Nik agindu bako hitza nire izenean adierazotera ausartzen dan profeta edota jainko arrotzen izenean hitz egiten dauana hil egingo dabe"».
Jaunak esana.
Erantzun salmoa Sal 95 [94], 1-2. 6-7c. 7d-9 (R/. ik. 8)
V/. Entzungo ahal dozue gaur Jaunaren ahotsa!:
«Ez gogortu zeuen bihotza».
V/. Zatoze, egin deiogun poz-oihu Jaunari,
poz-irrintzi, salbatzen gaituan harkaitzari.
Aurkeztu gakiozan eskerrak emonez,
egin deiogun jai txaloka eta kantari. R/.
V/. Zatoze, gurtu dagigun ahuspezturik,
belaunikatu gaitezan egin gaituan Jaunaren aurrean.
Bera da-eta gure Jainkoa,
eta gu harek larraturiko herria,
haren zainpeko artaldea. R/.
V/. Entzungo ahal dozue gaur haren ahotsa!:
«Ez gogortu bihotza Meriban lez,
Masako egunean basamortuan lez,
tentatu egin ninduen-eta zuen gurasoek,
probatu, Nik eginak ikusi arren». R/.
II. Irakurgaia Emakume ezkonbakoa Jaunaren gauzez kezkatzen da,
eta berari emona bizi da.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik 1 Ko 7, 32-35
Senideok: Zuek kezkarik barik bizitzea nahi neuke. Gizaseme ezkonbakoa Jaunaren gauzez kezkatzen da, Jaunari zelan atsegin emongo; ezkondua, barriz, munduko gauzez kezkatzen da, emazteari zelan atsegin emongo, eta bere barruan zatituta dago. Emakume ezkonbakoa eta neskatilea Jaunaren gauzez kezkatzen dira, eta gorputz eta arima berari emonak bizi dira; ezkondua, barriz, munduko gauzez kezkatzen da, senarrari zelan atsegin emongo.
Hau zeuen onerako dinotsuet, ez zuei tranpa jartzeko. Hauxe nahi dot: modu egokienean bizi zaitezela, eragozpenik barik Jaunari lotuta.
Jaunak esana.
Aleluia Mt 4, 16
R/. Aleluia.
V/. Ilunpean bizi zan herriak
argi handia ikusi eban;
heriotz-kerizpean bizi ziranei
distira egin eutsen argiak. R/.
Ebanjelioa Nagusitasunez irakasten eutsen.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik Mk 1, 21b-28
Kafarnaumen, zapatuan sinagogan sarturik, irakasten hasi zan Jesus. Jente guztia harriturik egoan haren irakaspenaz, ze nagusitasunez irakasten eutsen, eta ez lege-maisuen moduan.
Bazan, hatan be, sinagoga haretan espiritu gaiztoaren menpe egoan gizon bat, eta oihuka esan eban: «Zer daukak gurekin, Jesus Nazaretarra? Gu hondatzera hator ala? Bajakiat nor hazen: Jainkoaren Santua».
Jesusek gogor eraso eutson: «Isildu hadi eta urten gizon horrengandik!» Espiritu gaiztoak astinaldi gogorra emon eutson eta, garrasi handia eginez, urten egin eban gizonagandik.
Ikaraturik gelditu ziran danak, alkarri itaunka: «Zer dogu hau? Irakaspen barria, eta zelako nagusitasunez emona gainera! Espiritu gaiztoei be agintzen deutse, eta obedidu egiten deutsoe!»
Laster zabaldu zan Jesusen entzutea Galilea aldeko bazter guztietara.
Jaunak esana.
URTEAN
ZEHARREKO IV. DOMEKEA /B
Sarrera-oharra
Senideok: eleizara gatozanoi, ohikeriaz egiten dogula aurpegiratzen deuskue sarritan, eta geure inguruetan ere ez gara ezeren eredu edo lagungarri. Horren gainetik hainbeste gauza on eta eder egin arren. Akats horrek kezkatu egin behar gaitu.
Ea gaurko Liturgiak bere barritasunean hartzen gaituan: uste eta ohikeria askogaz apurtzen, edo bizikerea eta pentsakerea barritzen lagunduko deusku, Jesusen jarrerak eta emoten jakuzan aholkuak geuretzen badoguz, behintzat. Jainkoaren seme-alaben poztasuna kantuz azaltzetik hasi gaitezan.
Sarrerako abestia
Igandea da Jaunaren eguna bereziki,
asteko jai-egun dogu, poz zabalera jaiki.
Ospatu daigun fedea alkar hartuz estuki,
goza gaitezan festaren oskarbitan biziki.
Igandearen airea dana dago argitan,
Jaun berbiztua eskeintzen jaku dohain handitan:
Hitzean arnasa bizi, indar ogia baitan.
Ederki gaitekez senti jai-xarmaren ongitan.
Damu-otoitza
Jainkoagaz hartu-emon zuzenak, bitartekaririk bakoak, bilatzen dogunok badaukagu haren errukira jo beharrik, bere seme-alabok profeta gura gaitulako, bere izenean iragarpena egingo dabenak.
—Jesus Jauna: Jainkoaren agerpen zarana, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna: Jainkoaren berba haragi bihurtua, Kristo, erruki.
—Jesus Jauna: Jainkoaren seme-alaba egiten gaituzuna, erruki, Jauna.
Dt 18, 15-20
Jainkoaren bila gabiz? Ez gaitu gure bizikereak lotsatzen? Zergaitik deutsegu gorroto haren izenean jatorkuzanei? Jainkoak bitartekariez egingo deusku berba, profeten bidez. Ez daiguzan gaitzetsi, hareen bitartez Jainkoaren berbea entzun baino.
Erantzun salmoa
Entzungo al dozue gaur Jaunaren ahotsa:
«Ez gogortu zuen bihotza».
1Ko 7, 32-35
Kontuz, apostoluaren berbokaz! Hareik entzutean, geure burua babestera joten dogu-ta. Argi dago ostera apostoluaren guraria: Egiten dogun edozertan, Jainkoaren zerbitzuan jardun daigula. Entzun!
Mk 1, 21b-28
Zer dagokigu: jakitea?, kunplitzea?, ala bizikera barri baten jardutea? Jakin…, deabruek ere badakie! Kunplitu… Legelariek ere kunplitzen dabe! Ea Jesusek ze barritasun dakarskun. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.
Jainko Herriaren otoitza
† Gure zoriona gura dauan Jainkoari zuzenduko gaiakoz otoitz eta eskari apalez:
—Eleizearen alde: ministeritzan diharduenek Jainkoaren hitza zabaldu daien ahoz eta bizikeraz, eskatzen deutsugu, Jauna. (ZEUGAN DOGU USTE ONA).
—Jainkoagazko hartu-emon zuzenak baino bilatzen ez dabezanen alde: onartu daien Jainkoak bitartekarien (profeten) bidez agertzen dauala bere guraria, eskatzen deutsugu, Jauna. (ZEUGAN DOGU USTE ONA).
—Jainkoaren izenean senidea bazterreratu edo esplotatu edo gaitzetsi egiten dabenen alde: Jainkoa zerbitzeko bide bakarra senidea maitatzea dala aurkitu daien, eta haren zerbitzuan jartea, eskatzen deutsugu, Jauna. (ZEUGAN DOGU USTE ONA).
—Afari-mahai inguruan alkartu garanok ulertu daigun bizikera barri baten bizi izatea zer dan, gure ohikerietatik eta betekizunetatik harago joanez, eskatzen deutsugu, Jauna. (ZEUGAN DOGU USTE ONA).
— (…/..)
† Zure maitasunean gaituzun Jainko maitalea: uxatu gure bildurrak, eta emoiguzu adore zure erreinuko lanean jarduteko. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Jaunartzerako abestia
1. Ogi hau jaten dauanak izango dau bizia.
Kaliz hontan aurkitzen da Jainko-odol guztia:
R/. Hor dogu janaria ta hor gure edaria.
2. Jaungoikoak deitzen gaitu: bera dogu janari.
Beragan dogu aurkitzen osasuna ugari.
R/. Zelan begiratzen deutson Jainkoak gizonari!
3. Danok gaur jaten badogu ogi bat mahai batean
ezin izan gorrotorik gaurtik gure artean.
R/. Alkar maitatu dagigun Jesusen izenean.
Oharrak
Amaieran
Kanta Jaunari kantu barri,
kanta guztiok herriz-herri,
kanta Jaunaren izenari,
mundu guztia poz-kantari.
Gora Jainkoa zeruetan,
goratu danok eleizetan,
goratu baita aingeruek
eta goratu lurrekoek.
Senideok, ebanjelioan agertzen jakun sinagogako giroan sartu gaitezan gaurko hausnarketa egiteko. Jesusek irakasten dihardu. Jendea adi-adi dago eta harrituta: haren berbea ez da "beti" entzuten dabena. Gaixo bat, deabruduna, hantxe da, eta deadarka salatzen dau Jesus…
Ordukoek, gaisotasuna Jainkoaren zigorra zala uste eben. Eta gaisoak baztertuta egozan, mespretxatuak ziran.
Lehenengo irakurgaian entzun badogu Jainkoak berak sustatuko dauzala herriaren altzoan profetak, bere izenean egingo deutsoenak berba herriari, ikusi daigun Jesusen jokaerea profeta jokaerea dan, Jainkoaren gurarizkoa.
Jesusen jokamoldea ez zan sinagogakoek itxaroten ebena. Horrexegaitik egozan harrituta. Deabruak, bere aldetik, baekian Jesus nor zan (eta halan agertzen dau Jesusen gainetik jarteko-edo), baina ez eban onartzen haren jarduna: eta Sinagogan egoan! Ez gaitu horrek harritzen?
Jesusek gizakiaren ona, haren osasuna eta bizi izan eitela bilatzen ebala erakusten dau; eta ez edozelango bizi izatea, bizi izate askea, Jainkoaren seme-alabei dagokiena baino.
Eta honelaxe dihardu: Deabruari gizon harengandik urten eiala aginduz. Adi, senideok: salatu behar dana, gaizkia da, txarkeria; baztertu beharrekoa gaisotasuna da; baina gaizkilea edo txarto dabilana salbatu egin behar dira eta gaisoa osatu; euren egoeratik askatu egin behar dira. Baina, adi, senideok: «El que la hace la paga» esaten dogunok. Ez da gaitzetsi behar txarto egiten dauana, gaizkilea; txarkeriara zerk daroan bilatu baino, egoera haretatik askatzeko.
Hauxe da Jesusek irakasten deuskuna. Hauxe da ikasi behar doguna. Hau geuretzea litzateke bizikera barri baten jardutea… Zergaitik mespretxatzen doguz kartzelaratuak, edo hiltzaileak, edo etorkinak besteko barik, edo —geure ustez— pertsona txarrak diranak? Ez ete dogu Jesusengandik ikasi behar? Holangoak ere Jainkoaren seme-alaba dira; eta gaiztakeriaren menpe badagoz, menpekeria horretatik askatuak izatea behar dabe, ezta? Zergaitik egiten jaku hain gatx jokabide hori? Ez ete da, gero, geuk ere sarritan txarkeriaz jokatzen dogulako? Eta hori aurpegiratu deiguen ez dogu onartzen, aurpegiratzen deuskuna Jainkoaren profeta izan arren?
Sinagogara betikoa egitera abiatu ziran hareik barritasun bategaz aurkitu ziran: Jesusen ez-ohiko jokabideagaz, deabruak uxatzeko gauza zanagaz. Zer barritasun aurkitu ete dogu gaurko liturgian? Zer barritasun bizi izango ete dogu aste honetan zehar. Sortu ete jaku Jesusengan barritasuna aurkitzeko egarririk?
Izan daitela gure jokabidea, senideok, txarkeria gaitzestea; baina gaizkilea —Jainkoaren seme-alaben duintasundun lez— errespetatzea eta, ahal dala, salbatzea.