Urtean Zeharreko XXIII. Domeka /B

Urtean Zeharreko XXIII. Domeka


B urtean

Fray MARCOS

 

I. Irakurgaia

    Gorren belarriak zabalduko dira

eta mutuaren mihinak oihu egingo dau pozez.



Isaias Profetaren liburutik

Is 35, 4-7a


    Esan bihotz-bildurtiei:

«Eutsi gogor! Ez bildurrik izan! Horra zuen Jainkoa!

Ha bera dator zuek salbatzera

eta merezia daben zigorra arerioei emotera».


Orduan, itsuen begiak edegiko dira

eta gorren belarriak zabalduko;

herrenak basahuntzak lez salto egingo dau

eta mutuaren mihinak oihu egingo pozez.

Urak sortuko dira basamortuan eta errekak eremuan;

lur lehorra urtegi bihurtuko da eta lur agorra iturri.


Jaunak esana.


Erantzun salmoa

Sal 146 [145], 6c-7. 8-9a. 9b-10 (R/. ik. 1b)



R/.    Goratu egizu Jauna, nire barrua.


    Edota: Aleluia.


V/.    Betiko eusten deutso Jaunak bere leialtasunari. 

Zapalduen eskubideak defendatzen ditu, 

gose diranei ogia emoten.

Jaunak askatzen ditu presoak. R/.


V/.    Jaunak zabaltzen ditu itsuen begiak,

Jaunak jasotzen konkortuak, 

Jaunak maitatzen zintzoak,

Jaunak ditu etorkinak zaintzen. R/.


V/.    Umezurtzei eta alargunei zutunik deutse eusten, 

baina gaiztoen nagusitza iraultzen. 

Jauna errege da betieran, 

zure Jainkoa, Sion, errege gizaldien gizaldietan! R/



II. Irakurgaia

Ez ete ditu aukeratu Jainkoak pobre diranak,

erreinua ondaretzat jasotzeko?



Santiago Apostoluaren epistolatik

St 2, 1-5


    Ene senideok: Ezin alkartuak dira Jesu Kristo gure Jaun aintzatsuagan

dozuen sinismena eta pertsonen artean bereizketa egitea.

    Emon daigun zuen batzarrean gizon bi sartzen dirala, bata aberatsa,

urrezko eraztunez eta dotore jantzita, eta bestea pobrea, zarpail jantzita; eta

dotore jantzitakoari sekulako begiramenez esaten deutsazuela: «Jesarri zu

hemen, ohorezko tokian»; pobreari, barriz: «Hago hi hor zutunik»  edota

«jarri adi lurrean, nire oinazpikoaren ondoan». Holan jokatuz, ez ete

zabiltze zeuen artean bereizketa egiten, eta ez ete dozue eretxi okerrez

epaitzen?

    Entzun, ene senide maiteok: Ez ete ditu aukeratu Jainkoak munduaren

begietan pobre diranak, sinismenez aberats izateko eta bera maite dabenei

agindutako erreinua ondaretzat jasotzeko?


Jaunak esana.



Aleluia

Ik. Mt 4, 23


R/.    Aleluia.


V/.    Erreinuari buruzko Barri Ona  iragartzen eban Jesusek,

    eta herrian gatx guztiak osatzen ebazan. R/.


Ebanjelioa

Gorrei entzun ahal izatea emon deutse

eta mutuei berba egitea.



Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik

Mk 7, 31-37

    Aldi haretan, itzi eban Jesusek Tiro aldea eta, Sidonen zehar, Galileako

itsasora bihurtu zan barriro, Dekapolisko lurraldean zehar.

    Gizon gor eta totela eroan eutsoen, eta eskua gainean ezartzeko eskatu.

Jesusek, jenteagandik aparte hartuta, atzamarrak belarrietan sartu eutsozan

eta txistuaz mihina ikutu. Gero, zerurantz begiratuz, arnasa sakon hartu eta

esan eutson: «Effeta», hau da, «Edegi». Eta une berean, belarriak edegi

jakozan, mihina askatu eta garbi berba egiten hasi zan. 

    Gertatua inori ez esateko agindu eutsen Jesusek; baina zenbat eta

aginduago, orduan eta gehiago zabaltzen eben.

    Guztiz harrituta, hauxe inoen: «Ondo egin dau dana: gorrei entzun ahal

izatea emon deutse eta mutuei berba egitea».


Jaunak esana.


HITZALDIA


Zertara eroan gura gaitue, senideok, gaurko irakurgaiek, Jainkoaren gaurko
berbeak? Ez deiogula ezeri bildurrik izan, Jainkoa geure alde dagoalako, entzun
dogu. Baina badakigu (2. irakurgaiak argitu deuskun lez) zeintzuk izaten diran
gure jokabideak, sarritan Jainkoaren Legea aitatu arren. Eta hau ebanjelioak
jarri deusku musturren aurrean.


Bai, senideok: Jainkoaren Legea, norbere jarduerea, pentsakerea eta ahalbidea
indartzeko, eta besteei burutik behera ezarteko erabili daiteke. Jesusen aldiko
erlijioak osasun akatsen bat agerian ebenak bazterreratu egiten ebezan;
holangoak ez ziran onartuak eleizkizunetan, alkarteetan, Jainkoaren gurtzan eta
goralpenetan. Hareen berezko zoritxarra handiagotua ikusten zan  Jainkoaren
Legearen aginduz. Ezin eban hori onartu eta jasan Jesusek. Zer egiten dau?


Gor-mutua aurkezten deutsoe Jesusi. Honek jendeagandik banandu egiten dau,
ezkutura daroa… Jendeak azaleegitik jokatzen dau eta epaitzen; Jesus hondora
doa, sakonera, eta hantxe egiten dau lan.


Gor-mutuagaz egingo dauana Jainkoaren beraren  egitea balitz lez aurkezten
deusku ebanjelariak, hori ulertzeko ezaugarri batzuk emonez: gaisoa ikutu
egiten dau, Legeak galazota daukan arren. Atzamarra sartzen deutso belarrietan
(Jainkoaren atzamarra dakarsku honek gogora); berba bakar bat esango dau:
Effetà! Sorkuntzan Jainkoak berba batez sortuazoten dauz sorkariak. Jesusek,
Jainkoak diharduan lez dihardu. Jainkoaren agerpen irudi dogula dinosku
ebanjelariak. Baina haren aldikoek ez ebela Jesusengan holango ezer ikusi…
Zeharo harrituta hauxe inoen: "Dana egin dau ondo: gorrei entzunazo…"; eta
isilean eukiteko agindu arren, aginduago eta gehiago zabaltzen eben euren
ustea, ez Jesusek irakatsia.


Jesusen egintzak eta jardunak ez dabe hareen bihotza ikutu. Hareek eurenean
jarraituko dabe: gaisoak baztertzen;  eta Legearen (Jainkoaren) izenean. Jesus,
ostera, gaisoengana hurreratu egingo da, hareik osatzeko, besteekaz batera
Jainkoa goretsi ahal izan daien. Argi euki daien Jainkoa behartsuekaz dagoala.


Baina holangorik ez dogu entzun gura, antza, Jainkoaren Legea geure erara
ulertu gura dogu, antza. Eta behartsuak baztertzen jarraituko dogu.



LAGUNGARRIAK


Sarrera-oharra

    Senideok: Jainkoaren berbeak eta Jesusen jardunak gure bihotza ikutu egin
gura dabe. Eta ezin izango dabe lortu geuretik urteteko asmorik ez badaukagu.

    Jainkoaren Legearen izenean bazterkuntzak egin daitekez. Jesusen
jardunak horren barri emongo deusku, eta bere entzule eta ikasle izatera egingo
deusku dei. Ondo etorri eleizkizun honetara.


Sarrera-abestia

GOAZEN GUZTIOK BATERA Jaunarekin egotera.

Goazen guztiok batera Jaunarekin egotera.


1 Pozik alkartu gaitezen Aita dogu-ta laguntzen.

2 Seme-alaba bezela zaindu gagizuz Zuk, Jauna.

3 Entzun daizala Jaun onak gure poz eta negarrak.


Damu-otoitza

    Jainkoa ondo-ondoan dogu beti, batez ere behartu agertzen garanean. Hartu
daigun babes haren errukian:

    —Jesus Jauna, behartsuenganako Jainkoaren lanetan diharduzuna, erruki,
Jauna

    —Jesus Jauna, Jainkoaren sorkuntza lanetan diharduzuna, Kristo, erruki.

    —Jesus Jauna, Erreinuaren iragarle gura gaituzuna,  erruki, Jauna.


Is 35, 4-7a

    Benetan apala eta behartsua izan behar da Jainkoa ondoan eta babesle
sentitzeko. Bagara apalak?


Erantzun salmoa  Sal 145

    Esker oneko danak abesten dau gogo onez Jainkoaren hurtasuna eta
laguntza: behartsuak ez dauz bertan behera izten.

St 2, 1-5

    Berezkoa, aberatsari, ondo jantziari…, berba ona luzatzea dogu; eta
pobrea, arlotea, iraintzea. Holan izan behar ete dau Jainkoaren seme-alaben
artean?


Ebanjelioa  (Mk 7, 31-37)

    Gauza bat dauka argi Jesusek: Aitaren irudiko izan behar dauala, eta haren
jokabidetik ez dau ezerk ez inork aldenduazoko. Egin deiogun harrerea Aleluia
abestuz, zutunik.


ESKARIAK

    Jainkoa behartsuekin dagoala esaten dogun arren, eta hareik dituala maiteen,
guk beste era batera ulertzen dogu maitatua izatea. Beharrezko dogu otoitzera
jotea:


    —Eleizearen alde: bere apaltasunean eta behartsuenganako jarreran agertu
ahal izan daian Jainkoaren maitasuna, eskatzen deutsugu, Jauna.

    —Gure arteko behartsuen alde, bizitza hobe baten bila, edo zapalkuntza eta
heriotzeari ihesi gure artera datozanen alde: gugan abegi ona aurkitu daien, eta
aintzat hartuak izan daitezan, eskatzen deutsugu, Jauna.

    —Herri-agintariek eta ahaltsu eta ahalmendunek gizarte zuzenagoaren alde
egin daien, behartsuei eta baztertuei ere leku eginez, eskatzen deutsugu, Jauna.

    —Jainkoari eskari otoitzak zuzentzeko gauza garanok, begiak, entzumena
eta mihina ere zabalik euki daiguzan, behartsuen oihuak entzuteko eta hareen
alde aldarrikatzeko, eskatzen deutsugu, Jauna.


    Jainko ona: zure bihotzean behartsuek dabe lehentasuna. Geure jokabidean
erakutsi daigula behartsuak aintzat hartuz eta gure artean harei leku eginez. Jesu
Kristo gure Jaunaren bitartez.

    —Amen.


Jaunartzean

Hemen gaituzu, Jauna, ogiaren eske,

bizi behar honetan ahuldu bait gintezke.

Zure gorputz santua hartu nahi genduke:

zu barik bizitzerik ezingo genduke.


Munduak behar badau eguzki-argia,

mendiko abereak, iturri garbia;

besteok nahi badogu barruko bizia

beharrezkoa jaku zeruko ogia.


Jauna, zure grazia lagun dakigula,

ogi hau jan dagigun behar dan bezela;

Ez ahaztu txarrerako jarriak gaozela:

arren, zuzen ta leial bizi gaitezela.


UZ-10-B

  URTEAN ZEHARREKO X. DOMEKA B urtean ( F. Marcos ) I. Irakurgaia Alkarren arerio egingo zaituet hi eta emakumea, hire eta haren on...