Azaroaren 1ean
Jai nagusia
(Fray Marcos)
I. Irakurgaia
Gizatalde handi
bat ikusi neban, inork kontaezin ahalakoa;
nazino, arraza,
herri eta hizkuntza guztietako jentea egoan.
Apokalipsia liburutik
Ap 7, 2-4. 9-14
Nik, Joanek, beste aingeru bat ikusi neban ekialdetik igoten, Jainko biziaren zigilua ebala, eta ozen egin eutsen deadar lurra eta itsasoa hondatzeko ahalmena emon jaken lau aingeruei, esanez: «Ez hondatu lurra, ez itsasoa, ezta zuhaitzak be, harik eta gure Jainkoaren zerbitzariak bekokian zigiluz markatu arte».
Zigiluz markatuak zenbat ziran entzun neban: ehun eta berrogeta lau mila, israeldar leinu guztietatik hartutakoak.
Ondoren gizatalde handi bat ikusi neban, inork kontaezin ahalakoa; nazino, arraza, herri eta hizkuntza guztietako jentea egoan, tronuaren eta Bildotsaren aurrean zutunik, soineko zuriz jantzita eta palma-adarrak eskuetan. Eta ahots handiz egiten eben deadar:
«Tronuan jesarrita dagoan gure Jainkoari
eta Bildotsari zor deutsegu salbazinoa».
Tronuaren, zaharren eta lau izaki bizidunen inguruan zutunik egozan aingeru guztiak ahuspeztu egin ziran tronuaren aurrean eta Jainkoa gurtu eben, esanez:
«Amen. Bedeinkazinoa, aintza, jakituria,
esker ona, ohorea, ahalmena eta indarra
gure Jainkoari gizaldien gizaldietan. Amen».
Orduan, zaharretako batek berba egin eustan, esanez: «Soineko zuriz jantzita dagozan horreek, zeintzuk dira eta nondik datoz?» Nik erantzun neutsan: «Ene Jauna, zeuk jakingo dozu». Harek esan eustan: «Larrialdi handitik datozenak dira horreek; euren soinekoak Bildotsaren odolean garbitu dabez eta zuritu».
Jaunak esana.
Erantzun-salmoa
Sal 24 [23], 1-2. 3-4b. 5-6 (R/. ik. 6)
R/. Hau da, Jauna,
zure aurpegi bila dabiltzanen taldea.
V/. Jaunarena da
lurra, eta lurra betetzen dauana,
mundua eta bertan bizi diranak,
harek ezarri dau-eta itsasoen gainean,
harek finkatu lur azpiko ibaien gainean. R/.
V/. Jaunaren mendira
nork igongo?
Haren toki santuan nor egongo?
Eskuak erru barik eta bihotza garbi
dituana,
sasijainkoetara jotzen ez dauana. R/.
V/. Holakoa
bedeinkatuko dau Jaunak,
justizia egingo deutso Jainko
salbatzaileak.
Hau da haren bila ahalegintzen dan
gizaldia,
Jakoben Jainkoaren aurpegi bila dabilena. R/.
II. Irakurgaia
Dan lakoa ikusiko dogu Jainkoa.
San Joan Apostoluaren lehenengo epistolatik
1 Jn 3, 1-3
Senide maiteok: Begira zenbaterainoko
maitasuna agertu deuskun Aitak, Jainkoaren seme-alaba izena daroagu-eta, baita
izana be. Hona zergaitik munduak ez gaituan ezagutzen: Aita be ezagutu ez
ebalako.
Ene maiteok, orain Jainkoaren seme-alaba
gara; gero izango garana oraindino ez da agertu. Badakigu, Kristo agertuko
danean, haren antzeko izango garala, dan lakoa ikusiko dogu-eta.
Harengan itxaropen hau daben danek garbitu
egiten dabe euren burua, ha garbia dan lez.
Jaunak esana.
Aleluia
Mt 11, 28
R/. Aleluia.
V/. Zatoze Nigana
nekatu eta zamatu guztiok,
eta Neuk arinduko zaituet, dino Jaunak. R/.
Ebanjelioa
Poztu zaiteze eta alaitu,
handia izango da-eta zuen saria zeruetan.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 5, 1-12a
Aldi haretan, jentetza ikusirik, Jesusek mendira igon eban. Jesarri eta ikasleak inguratu jakozan. Orduan, honan hasi jaken irakasten:
«Zorionekoak gogoz behartsu diranak,
ze
eurena da Jainkoaren erreinua.
Zorionekoak
negarrez dagozanak,
ze
eurak ditu Jainkoak kontsolatuko.
Zorionekoak
apalak,
ze
eurek izango dabe agindutako lurra ondare.
Zorionekoak
zuzentasunaren gose eta egarri diranak,
ze
eurak ditu Jainkoak aseko.
Zorionekoak
errukitsuak,
ze
eurak ditu Jainkoak erruki izango.
Zorionekoak
bihotz-garbi diranak,
ze
eurek ikusiko dabe Jainkoa.
Zorionekoak
bakegileak,
ze
Jainkoaren seme-alaba izango dira.
Zorionekoak
zuzentasunagaitik erasoa jasaten dabenak,
ze
eurena dabe Jainkoaren erreinua.
Zorionekoak zuek, Nigaitik madarikatuko zaitueenean, erasoka eta guzurrez txarto-esaka erabiliko zaitueenean. Poztu zaiteze eta alaitu, ze handia izango da zuen saria zeruetan.
Jaunak esana.
Senideok: Santu guztien Jai nagusia ospatzean poza baino ez geuke somatu behar gure barruan. baina, holan da? Egun honetan, herri kulturan, familietako hilak gogoratzen dira gehienbat, eta horrek ez deusku poztasunik eragiten, eta bai gogoramen ilunak, edo bildurrak, edo kezkak…, eta alperrik esango da Santu guztien hurrengo eguna dala hildakoak gogoratzeko, egoera bardinean egongo ginatekelako: bakotxa bereak gogoratzen, hareen alde otoitz egiten, hareentzat zoriona eskatzen, eta abar.
Ebanjeliora jo eta Jesusen irakatsietan murgilduko bagina , hareik hausnartu eta otoitz-gai bihurtuko bagenduz, gure egunerokoa beste era batekoa izango litzateke, bildurrik bakoa, lasaia, uste ona Jainkoagan dauana, eta hildakoen bildurrez-edo barik, hareik izan doguzana eskertzen eta hareik Jainkoaren zorionean ikusten.
Zorionekoak gogoz behartsu diranak, edo negar egiten dabenak, edo apalak… —entzun dogu. Eta sarriegitan uste izan dogu gero bueltea izango daualako… Holan bada, zelan izan daitekez zoriontsu pobrezia sufritzen, edo negarretan, edo besteen irri eta zapalkuntza sufritzen dabezan bitartean? Ondo ulertu dogu Jesusen irakatsia?
Zorionekoak dira pobreak, aberats edo zapaltzaile izatea baino hobe dalako pobre izatea eta pobrezia aukeratzea, Jesusek egin eban lez; ez pobrezia bera ona dalako eta zoriona emoten daualako. Horrela balitz, Jesusek ez leukean pobrezia ezabatu nahi izango. Jesusen ustez, hobe da norberak negar egitea, ez beste inor negar eragitea; edo bestea gosez iztea baino hobe norbera gosez egotea…
Baina honek gure ulerkerea, ohiturak eta burua ere aldatzea eskatzen deusku, eta horretarako zaharrak garala, edo beranduegi dala, edo orain artekoa dana guzurra izan ete da, ba? galdetuz, atxakiak jarten jarduten dogu.
Jesusek, baina, gauzak argi eukazan: Jainkoagan uste on osoa eukan, eta, haregazko hartu-emonetan, haren maitasuna somatzen eban, eta haretara erakarri nahi ebazan bere ikasleak eta entzuten eutsoen guztiak. Alperrik! Hareek nahiago eben lehenagotik euken Jainko-irudiagaz gelditu, lehengo ohituretan, Legea beteteak emoten eutsela saria uste izatean… Geu re horrexetan ez ete gagoz?
Baina —barriro esanda— Jesusen irakatsiak geuretuko bagenduz! Haren antzera geuk ere bizitzan zehar eta egunerokoan somatuko geure Jainkoak maitatuak garala; ez gaitula ez zigortzen, ez saritzen, bere maitasunean babesten eta biziazoten baino; eta, sortuak izan bagara, Jainkoak bere maitasunerako sortu gaitula, eta hantxe ikusiko eta somatuko geukez gure senide hilak; ez, horraitino, euren merituekaitik, Jainkoaren errukiagaitik baino.
Gure sinismena, Jesusen irakatsiak eta bizitza norberetzea, ez da, ba, geroko: egun baten Jainkoak gure sinismena eta egindako gauza onak saritu deiguzan, haren maitasunaren gozoan egunero bizi izateko baino, eta haren poza eta zoriona zabaltzeko.
Jainkoak ez dau gure ezer saritu edo gaitzetsi behar. Geu gara harek gugan ezarri dauan bere hazia edo bizia aurkitu behar dogunak; eta, zenbat eta gehiago horretan sakontzen dogun, hainbat eta zoriontasun usain handiagoa zabalduko dogu.
baina barruregi sartuta daukagu onak saritzen eta txarrak gaitzesten dauan Jainkoa, eta ezinezko egiten jaku Jesusek iragarten deuskuna geuretzea. Horregaitik jarraituko dogu geure bildurretan, kezketan, tristuretan eta ganora bako ekintzetan.
Agertu daigun Jesus ezagutzeko eta haren berbea eta irakatsia geure egunerokoan haragitzeko gogoa, eta emon deiogun horri behar dauan beste denpora….
Azaroaren 1ean
Jai nagusia
Sarrera-oharra
Ondo etorri, senideok, santu guztien ohorea ospatzera eta, ohore horretan hildako gure senideak gogoratuz, horren poza somatzera.
Bai, senideok: santu guztiak gogoratuz, Jainkoak gugan ezarritako bizitza eta maitasun bakarra ospatzen dogu, eta ez euretariko bakotxaren merituak edo handi-edertasunak. Jainkoa bera goraltzen eta aintzaltzen eta eskertzen dogu, gaur egun garana aurretikoei zor deutsegulako eta eskertzen deutsegulako. Otoitzaldi honek Jainkoak gugan erein dauan hazia zaindu, landu eta garatu gura izatera eroan gaizala, ba.
Sarrera-abestia
NOR DIRA ETA NONDIK DATOZ
ZURIZ JANTZIRIK DITUGUNOK?
Gose zirenok ez dira inoiz gosetuko
egarri izanok ez dute izango egarririk;
ur biziz ditu Jainko Bildotsak ase-bete
Kristogan hilik, Kristogan daude berpizturik.
Jantzi ederrez, palma adarrez datozenok
egonak dira oinaze-neke saminetan;
soin ta soineko xahutu dituzte ta apaindu
Jainko-Bildotsak isuri odol oparotan.
Agurra
Jainkoak bere maitasunerako sortu gaitula, eta gure aurretikoak maitasun horren betean dirala, iragarten deusku bere Semearen bitartez. Haren grazia eta bakea zuekin.
—Eta zure espirituarekin.
Damu-otoitza
Jo daigun Jainkoaren bihotz errukitsura horrek gure bihotz bihurritik aldenduazo gaizan, Jesusen zoriontasunak ulertzeko, geuretzeko eta egunerokoan haragitzeko:
—Jesus Jauna, pobrezia ezabatzeko ahaleginetan. pobre bizi izan eta pobreekaz bat egin zinana, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, kaltea eragitea baino kaltea sufritzea nahiago izan zenduana, Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, Jainkoaren zorionera eta ez itxurazko zorionera garoazuzana, erruki, Jauna.
1) Ap 7, 2-4. 9-14
Irudimenetan darabilanaren barri emoten deusku Joanek; antxinako hizkerea da darabilana. Gauza sakonak esateko beste erarik ez dauka. Gozatu daigun entzutean, eta Jainkoak beretzat sortuazo gaitula jakitean.
Erantzun-salmoa
Salmo honetan agertuko dogunak merituak egitearen beharrizanera ez gaizala eroan, Jainkoaren handitasuna goraltzera eta haren guganako maitasunaz gozatzera baino.
2) 1 Jn 3, 1-3
Hona Jesusek bere ikasleei itzi eutsen herentzia. Ez jaken egin errez hori lortzea; baina, lortu ondoren, ezin eban haren barri emon barik gelditu. Somatu daigun geure burua Jainkoak maitatuak, eta zabaldu daigun horren usain gozoa.
3) Mt 5, 1-12a
Jesusentzat, kaltegilea izatea baino hobe da kaltea sufritzea. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.
ESKARIAK
† Zorionerako sortuazo gaituan Jainkoari, santu guztien poza ospatzean, aurkeztu deioguzan gure kezkak eta beharrizanak:
—Eleizearen alde: bildurrak uxatu daizan bere seme-alaba guztiengandik, Jainko maitalea eta zorionean gura gaituana iragarriz, eskatzen deutsugu, Jauna.
—Pobrezian, negarretan, lepokadak hartzen eta edozein jasapenetan aurkitzen diranek besteon laguntza hartu daien, kalte eragitea baino kaltea sufritzea hobe dala ulertzen dogulako, eskatzen deutsugu, Jauna.
—Jainkoagandiko mesedeak eskuratzeko ahaleginetan diharduenen alde: doakoak dirala ulertu daien, uste osoa Jainkoagan jarriz, eskatzen deutsugu, Jauna.
—Otoitzerako alkartu garanok geure benetako izana bilatzen ahalegindu gaitezan, hantxe dastatuz Jainkoak deuskun maitasuna, gero horren barri zabalduz ingurura, eskatzen deutsugu, Jauna.
† Zeure maitasunaz atsegin hartzeko sortuazo gaituzun Jainko maitalea: uxatu gure irudimenetik sasi jainko-irudiak gure uste on osoa zeugan jarri ahal izan daigun. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Jaunartzean
HAU DA POZA, HAU POZ HANDIA
EDERRA DA-TA
ZUEN SARIA.
Dohatsu bihotzean pobreak:
eurena da-ta zeruetako erreinua.
Dohatsu otzan eta eztiak:
agindutako lurraz dira-ta jabetuko. R./
Dohatsu negarretan diranak:
gozotasuna izango dabe Jaunagandik.
Dohatsu zuzen-gose diranak:
horreen goseak bere asea izango dau. R./
Alaitu eta poztu zaitezte:
ederra da-ta zuen saria zeruetan. R/.
Azkenean
Ospatu dogun santu guztien ohore horretan somatu doguz hildako gure senideak ere, eta jabetu gara Jainkoak deuskun maitasunaz. Ez gaitezala ahalegindu, ba, Jainkoagandiko dohaiak lortzeko —doakoak dira-eta—, Jainkoak guri deuskun maitasuna gure ingurukoei jakinazoten baino, kalte eragile baino hobe dogula kaltea sufritzea bizi izanez. Haragitu daiguzan ebanjelioko zoriontasunak.
Abestia
Kanta Jaunari kantu barri,
kanta guztiok herriz-herri,
kanta Jaunaren izenari,
mundu guztia poz-kantari.
Gora Jainkoa zeruetan,
goratu danok eleizetan,
goratu baita aingeruek
eta goratu lurrekoek.