Urtean Zeharreko XXXII. Domekea /B


URTEAN ZEHARREKO XXXII. DOMEKA

B urtean

 (Fray MARCOS)

I. IRAKURGAIA                                                                                                  

Emakume alargunak egin eban bere urunetik sutopiltxu bat
eta Eliasi eroan eutson.

Erregeak lehenengo liburutik 

                                                                             

1 Erg 17, 10-16

    Egun hareetan, jagi zan Elias profeta eta Sareptara joan zan. Uriko ateetara heldu zanean, emakume alargun bat ikusi eban zotzak batzen. Eliasek deitu eta esan eutson: «Ekarri egidazu ontzian ur-apur bat edateko». Bila joiala, Eliasek atzetik oihu egin eta esan eutson: «Ekarri egidazu, arren, ogi-zati bat be».

    Emakumeak erantzun eutson: «Ala Jauna, zure Jainkoa! Ez dot bape ogirik; eskutada bat urun besterik ez dot katiluan, eta orio-apur bat pitxerrean; zotzak batzen nenbilen, neure semearentzat eta biontzat opil bat egin, jan eta gero hil gaitezan».

    Eliasek esan eutson: «Ez bildurrik izan. Zoaz eta egin esan dozuna; baina egidazu lehenengo niri sutopiltxu bat eta ekarri egidazu. Gero, egingo dozu semearentzat eta zeuretzat. Hau dino-eta Jaunak, Israelen Jainkoak: "Urun-katilua ez da amaituko, ezta orio ontzia agortuko be, Jaunak lurrera euria bialduko dauan egunera arte"».

    Joan zan, bada, emakumea eta egin eban Eliasek esana, eta luzaroan jan eben Eliasek eta ama-semeek. Urun-katilua ez zan amaitu, ezta orio ontzia agortu be, Jaunak Eliasen ahoz esan eban lez.

Jaunak esana.

 

Erantzun salmoa                                                                                                    

Sal 146 [145], 6c-7. 8-9a. 9b-10 (R/. ik. 1b)


R/.   Goratu egizu Jauna, nire barrua.

        Edo: Aleluia.

 V/.   Betiko eusten deutso Jaunak bere leialtasunari.
        Zapalduen eskubideak defendatzen ditu,
        gose diranei ogia emoten.
        Jaunak askatzen ditu presoak. R/.

V/.   Jaunak zabaltzen ditu itsuen begiak,
        Jaunak jasotzen konkortuak,
        Jaunak maitatzen zintzoak,
        Jaunak ditu etorkinak zaintzen. R/.

V/.   Umezurtzei eta alargunei zutunik deutse eusten,
        baina gaiztoen nagusitza iraultzen.
        Jauna errege da betieran,
        zure Jainkoa, Sion, errege gizaldien gizaldietan! R/.

 

II. IRAKURGAIA                                                                                               

Kristo, behin bakarrik izan zan opari eskeinia
guztien pekatuak kentzeko.

 Hebrearrei egindako epistolatik                                                                           

Heb 9, 24-28

    Senideok: Kristo ez zan sartu giza eskuz egindako santutegian –egiazkoaren irudi besterik ez zan santutegian–, zeruan bertan baino, orain Jainkoaren aurrean gure alde agertzeko; eta ez zan sartu bere burua behin eta barriro opari eskeintzeko, abade nagusia berea ez dauan odolagaz santutegian urtero sartzen dan lez; osterantzean, hil be askotan hil behar izango eban, munduaren hasieratik. Baina ez, Kristo behin bakarrik agertu da orain, azkenak diran sasoi honeetan, bere buruaren opariaz pekatua ezerezteko.

    Eta gizon-emakumeek behin bakarrik hil behar dabela eta gero auzia izango dala erabagita dagoan lez, halantxe Kristo be: behin bakarrik izan zan opari eskeinia guztien pekatuak kentzeko, eta gero bigarrenez agertuko da, pekatuagaz zerikusirik barik, beraren zain dagozanak salbatzera.

Jaunak esana.

 

 Aleluia                                                                                                                 

Mt 5, 3

R/.   Aleluia.

V/.   Zorionekoak gogoz behartsu diranak,
        eurena dabe-eta Jainkoaren erreinua. R/.

 

EBANJELIOA

        Ebanjelio hau era laburrean ik. honen ondoren.

Alargun behartsu honek
beste guztiek baino gehiago bota dau.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik                                        

Mk 12, 38-44

    Aldi haretan, Jesusek, bere irakatsaldian, esan eutson jenteari: «Zabiltze kontuz lege-maisuakaz! Gogoko dabe harro-harro jantzita ibiltzea eta plazetan jentearen agurrak hartzea; gogoko ditue sinagogetan lehenengo aulkiak eta jai-jatorduetan mahaiburuak. Eta, azkenbako otoitzen atxakiaz, alargunen ondasunak irensten ditue. Holakoek epairik zorrotzena izango dabe».

    Jesus tenpluko dirutegiaren aurrean jarrita egoan, jenteak kutxetara dirua zelan botatzen eban begira. Aberats askok ugari emoten eban. Etorri zan emakume alargun txiro bat be, eta txanpon bi bota zituan, huskeria bat. Jesusek, ikasleei dei egin eta esan eutsen: «Benetan dinotsuet: Alargun behartsu honek beste guztiek baino gehiago bota dau kutxara. Izan be, beste guztiek sobran dabenetik emon dabe; honek, ostera, bere urrian, eukan guztia, bizitzeko behar ebana, emon dau».

Jaunak esana.

 

          Ebanjelioa era laburrean.

Alargun behartsu honek
beste guztiek baino gehiago bota dau.

  Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik                                       

Mk 12, 41-44

    Aldi haretan, Jesus tenpluko dirutegiaren aurrean jarrita egoan, jenteak kutxetara dirua zelan botatzen eban begira. Aberats askok ugari emoten eban. Etorri zan emakume alargun txiro bat be, eta txanpon bi bota zituan, huskeria bat.

    Jesusek, ikasleei dei egin eta esan eutsen: «Benetan dinotsuet: Alargun behartsu honek beste guztiek baino gehiago bota dau kutxara. Izan be, beste guztiek sobran dabenetik emon dabe; honek, ostera, bere urrian, eukan guztia, bizitzeko behar ebana, emon dau».

Jaunak esana.

 

HITZALDIA

        Senideok: Eleizbarrutiaren eguna ospatzean, Liturgiak (lehenengo irakurgaian eta Ebanjelioan) alargun biren eskuzabaltasuna eta Jainkoagan daben uste on osoa jarten deuskuz aurrean. [Hebertarrei egindako idazkiak Jesu Kristoren abadetzaz sakontzen dau, haren eskeintza behin betikoa eta oso-osokoa izan zala erakutsiz.]

        Jainkoagazko hartu-emonak, ba, senideok, bitartekariez agertzen jakuz: alargunek, geratzen jaken guztia jarten dabe  Jauretxearen bitartez, Jainkoaren esku. Beste horrenbeste Jesu Kristok ere, bere buruaren eskeintzan. Hausnartu daigun guzti hori otoitz giroan.

        Gure sinismena ez da bakartadean, bakotxak bere aldetik, bizi izan daiken sinismena. Kristoren gorputzeko atal garala esaten dogu, eta ha buru dala osotzen dogula gorputz hori, Eleiza lez. Hemen eleiztar guztiok gara gorputz bakarra Kristo buru dogula.

        Geuretuko bagendu buruz badakigun hau! Eleizan alkartzen garanean eta, batez ere, Eukaristiaren mahai inguruan, hantxe emoten dogu gure sinismenaren irudirik bikainena. Ondo baino hobeto zaindu behar izango geukez, ba, gure topaketak eta Eukaristiak.

        Ez da nahikoa eleizara astitsu etorteaz, edo han formal egoteaz, edo otoitz egiteaz, edo limosna egiteaz, edo jaunartzeaz… Gaurko irakurgaietatik zera dakigu: Jainkoak ez dauala guk emoten doguna begiratzen; gure bihotzari begiratzen deutsola baino, gure jarrereari. Hau, barruko eta isileko gauza izan arren, behin baino sarriagotan agerian jarten dogu, eta itxura bat emoten dogu.

        Jo daigun, ba, irakurgaietan agertu jakuzan emakume alargun txiroek dinoskunera. Geure irudi izan daitekez: Jainkoagazko hartu-emonetan gagoz, eta ez gara aberatsak… pobreak ere ez bagara ere.

        Izan daigun gogoan azken domekotako ebanjelioetan agertua: Jesusek eleizgizonen handigurea eta zalekeriak salatu egiten ditu; bere aurrera aurkeztu zan gazte aberatsari bikaintasunerako bidea erakusten deutso (aberastasunak iztea, eta berari jarraitzea), baina harek nahiago dauz aberastasunak; ikasleek zein handiagoko lehian dihardue, erreinuan nortzuk izango diran ezker-eskumatan… Eta Jesusen irakatsia… hemen agertzen jakuzan alargun pobreek gauzatzen dabe: lehenengoa atzerritarra izanik gainera!

        Alargunok, euren eskeintza txikiarekin, ez dabe ezer konponduko; baina daukentxoa ez dabe eurentzat gordeko: dana jarten dabe Jainkoaren esku. Nahi ta nahi ez, guk gainezka daukagunetik emoten dogu limosna lez: izan daigun gogoan! Limosna horretan agertu gura doguna da, ba, garrantzizko gauzea. Egiten dogun limosnan Jainkoaganako esker ona agertzen dogu?; gure uste on osoa beragan dogula?; gure ondasunak partekatu gura doguzala?; ez gagozala eurei lotuta?...

        Une honetan, bai gure parrokia eta baita gure Eleizbarrutia ere beharrizanean dagoz, beste hainbat parrokia ere bai. Pandemiak asko uxatu ditu, eta eurenean gorde dira. Diru-sarrerak asko murriztu dira. Geure burua ordaindu ahal izatea gura dogunok, gero eta urrunago ikusten dogu helburu hori. Eta, zer entzungo dogu? Ez emon, zeuk baino gehiago edabe-eta; eleizea aberatsa da-eta! Horra, ba, zelango barrua azaltzen dogun: norbere buruari begira dagoana.

        Jesusek ez dauz txalotzen alargun hareik ezer konpondu dabelako, euren uste ona agertu ebelako baino. Guk, egoera honetan, gure Eleizeaganako gure esker ona agertu geike: limosneagaz, bai; baina baita beste detaile askogaz ere: Eukaristian agertzen dogun jarrereaz; emoten dogun itxureaz; eskatzen jakuzan boluntariotzak eskeiniz; Sinodoko galderei erantzuteko taldeak eginez eta esku hartuz; besteek egiten daben lana eskertuz, aintzat hartuz; eta atzean, ilunpetan eta norbere isiltasunean gelditu barik, geure usteak eta gogo biziak ezagutzera emonez, partekatuz, eta besteenak ere entzunez eta geuretuz… Asko egin daiteke Eleizearen eraikuntzan!

        Gure Parrokiaren eta Eleizbarrutiaren alde diru apur bat emotetik harago joan geintekez. Horrek, baina, geure haragian ikutzen gaitu, eta horren bildur izan geintekez, ezta? Zer txalotu leike gure jarrera horretan Jesusek?

 

URTEANZEHARREKO XXXII. DOMEKEA /B

Sarrera-oharra

     Ondo etorri, senideok, urtean zeharreko 32. domeka honetako liturgiara. Eta ZORIONAK!, gure Eleiza Amaren eguna dogulako.

     Bai: Eleizbarrutiaren eguna ospatzen dogu, eta aparteko giroan. Asko dira daukaguzan arazoak, eta ez dira handienak batzuen eskandaloak. Hortxe dagoz gure indargetasuna, epelkeria, eleizatik urrunduta egotea, boluntariorik eza, bakotxa berera egotea… Eta, Aita santuak deituta, Sidono giroan sartu gara. Ea bizkortzen dogun geurea dogun Eleizea eta adorea hartzen dogun eta alkarri emoten.

Sarrera-abestia

Agur, Eleiza, Jaunaren egoitza
haren gorputza, haren erreinua.
Agur, Eleiza, munduko bihotza; guztien Ama.

 Zainetan dozu Jaunaren bizia,
eta hitzean Jaunaren argia.
Argitu eizu mundu hau guztia: Agur Eleiza!

 Eskeintzen dozu lurrekoen lana,
gain hartarako ontzen dozu dana,
zabal daitela Jaunaren eguna: Agur Eleiza!

 

Agurra

     † Jesu Kristok, Espirituaren indarrez, bere gorputzeko atal egiten gaitu eleiztar guztiok. Haren grazia eta bakea zuekin.

     —Eta zure espirituarekin.

Damu-otoitza

     Geure nagikeriak eta erosokeriak garoez ez-entzun egitera eta atxakiak jartera. Pekatu egoera horretatik urteteko joten dogu Jaunaren errukira:

     —Jesus Jauna, Jainkoaren zerbitzuan beti adi eta zuhur zengozana, erruki, Jauna.

     —Jesus Jauna, zinan guztia geure esku laga zenduana, Kristo, erruki.

     —Jesus Jauna, gure emoitza txikia, salbagarri bihurtzen dozuna, erruki, Jauna.

1) 1 Erg 17, 10-16

     Apurtxo honek zer egin daike, ba?, esaten dogunok badaukagu irakurgai hau entzun beharrik eta Jainkoagan dogun uste (edo konfiantza) aztertu beharrik…

Erantzun salmoa

     Apalak, ustea Jainkoagan jarrrita daukanak, egoera larrietan ere aurkitzen dau Jainkoa goraltzeko eta hari eskerrak emoteko ziorik (motiborik). Alkartu gaitezan salmogilearen otoitzera.

 

2) Heb 9, 24-28

     Zelangoa dan Kristoren abadetza aztertzen eta irakasten dau idazki honek. Harengan geu ere abade garalako, ondo jatorku geure abadetza ezagutzeko eta garatzeko ere, ardurakidetasunean jokatzeko.

2) Mk 12, 38-44

     Jerusalemera bidean, Jesusek azken irakatsiak emoten dihardu; oraingoan, eguneroko bizitzatik jatorku irakatsia. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.

Eskariak

     Bedeinkapenez eta ondasunez beteta gaukazan Aitagana jo daigun gure beharrizanak hari aurkezteko:

     —Eleizearen alde: benetan maitatua izan daiten eta bere beharrizanetan lagundua esker oneko ekintzez, eskatzen deutsugu, Jauna (Zegan dogu uste ona).

     —Gureak ezer ez dauala konponduko-eta, geuretik urteten ez dakigunok, gehiago izan eta ahal dabenen sakakadea somatu daigula, geurotxotik urten eta daukaguntxoa alkarbanantzeko, eskatzen deutsugu, Jauna.

     —Gure parrokietan dagozan hainbeste eta hainbeste zerbitzari eta erreferentek euren lana aintzat hartua eta eskertua ikusi daien, eta aurrera jarraitzeko adorea falta ez dakien, eskatzen deutsugu, Jauna.

     —Otoitzerako alkartu garanok geuretik harago joaten jakinez, gure parrokiagaz eta Eleizeagz arduratu gaitezan, bai diru-laguntzaz eta baita borondatezko laguntzez ere, eskatzen deutsugu, Jauna.

     † Gure zoriona baino gura ez dozun Jainko Aita: ulertuazo eiguzu ez dogula gauza handirik behar besteentzat laguntzagarri izateko eta zure aurrean esker oneko agertzeko, geure buruari uko egitea baino. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

     —Amen.

 

Jaunartzean

Hemen gaituzu, Jauna, ogiaren eske,
bizi behar honetan ahuldu bait gintezke.
Zure gorputz santua hartu nahi genduke:
zu barik bizitzerik ezingo genduke.

Munduak behar badau eguzki-argia,
mendiko abereak, iturri garbia;
besteok nahi badogu barruko bizia
beharrezkoa jaku zeruko ogia.

Jauna, zure grazia lagun dakigula,
ogi hau jan dagigun behar dan bezela;
Ez ahaztu txarrerako jarriak gaozela:
arren, zuzen ta leial bizi gaitezela.

 

Azkenean

     Ulertu ete dogu benetako beharrizanak edo pobreziak eragin leigula gure benetako nortasuna aurkitzea, eta gure zalekeriak eta, handigurak alde batera lagata, daukaguntxoa besteen alde jartea? Horrexek egiten gaitu gizakoiago, alaiago, zoriontsuago… arazoek oraindino bertan jarraitzen badabe ere, Jainkoagan eta senideengan jarrita dogulako uste ona. Hartu daigun, ba, aintzat daukaguna, gitxi bada ere, eta esker onez erabili daigun.

 

Edo, aukeran...

 

URTEAN ZEHARREKO XXXII. DOMEKEA /B

LAGUNGARRIAK

Sarrera-oharra

     Ondo etorri, senideok, 32. domeka honetako liturgia ospatzera. Irakasten jarraitzen dau Jesusek, eta era sinplean aurkeztuko deusku gaurko liturgiak detaile txikiak ditula aintzat hartzen gure Maisuak.

     Eleizbarrutiaren eguna ospatzen dogun honetan, galdetu geikeo, bai, geure buruari, ea zenbaten estimatzen dogun gure sinismena, gure Eleizea, gure eleiz-alkarte zehatz hau…, eta zelan agertzen dogun estimu hori.

     Emon deiogun jai-giroa gure eleizkizunari, gogotsu abestuz.

 

Sarrera-abestia

Agur, Eleiza, Jaunaren egoitza
haren gorputza, haren erreinua.
Agur, Eleiza, munduko bihotza; guztien Ama.

 Zainetan dozu Jaunaren bizia,
eta hitzean Jaunaren argia.
Argitu eizu mundu hau guztia: Agur Eleiza!

Eskeintzen dozu lurrekoen lana,
gain hartarako ontzen dozu dana,
zabal daitela Jaunaren eguna: Agur Eleiza!

 

Agurra

     † Gauza txikiei garrantzi handia emonez, Eleizan bere gorputzeko atal garala gogoratzen deuskun Jauna izan bedi zuekin.

     —Eta zure espirituarekin.

 

Damu-otoitza

     Jainkoa beste inor edo ezer baino gehiago maite dogula uste dogu, baina ez dakigu egunerokoan gauzatzen maitasun hori besteenganako begiramenean agertu. Jainkoaren errukiak suspertu gaizala:

     —Jesus Jauna, Espirituaren indarraz, zeure gorputzeko atal egiten gaituzuna, erruki, Jauna.

     —Jesus Jauna, bizitza sakonetik bizi izanez, gauza txikiak handi lez ikusten dituzuna, Kristo, erruki.

     —Jesus Jauna, goitik behera eta oso-osoan Jainkoarentzat zinala agertzen zenduana, erruki, Jauna.

 

1   1 Erg 17, 10-16

     Daukan guztia beretzat gorde barik Jainkoari eskeintzen dakiana ez da sari barik geldituko. Ez ete dogu beste ikuspegi bat behar Jainkoagazko gure hartu-emonetarako?

Erantzun salmoa

     Uste ona Jainkoagan jartera eroango gaitu salmo honek, ha beti dagoala apalei begira iragarriz. Apaltasunetik abestu daigun, ba.

 R/. Goratu egizu Jauna, nire barrua.

2   Heb 9, 24-28

     Kristoren abadetzan sakontzen dau hurrengo testu honek, haren eskeintza bere burua eta behin betiko eskeintza izan zala agertuz.

 

3   Mk 12, 38-44

     Detailerik txikienak ere hartzen dauz Jesusek, eta hareetatik irakatsiak atara. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.

 

ESKARIAK

     † Eleiza honetan, gutariko bakotxa Kristoren gorputzeko atal egiten gaituan Jainko maitaleari zuzendu deioguzan gure eskariak:

     —Gure Eleizbarrutiaren alde, eta haretan parrokia eta eleiz alkarte guztien alde: danean loratu daiten ardurakidetasuna eta eskuzabaltasuna, eskatzen deutsugu, Jauna.

     —Gure artean bizi diran pertsona apal, lehun eta zerbitzarien alde: beste guztiontzat eredu eta esnagarri izan daitezan, eskatzen deutsugu, Jauna.

     —Behartsuen, baztertuen, erbesteratuen eta espetxeratuen alde, eta emakume gitxietsi eta ume bortxatuen alde: gure Eleizan babesa eta itxaropena aurkitu daiezan, eskatzen deutsugu, Jauna.

     —Otoitzerako alkartu garanok begiak eta bihotza zabaltzeko gauza izan gaitezan, gure Eleiza honetan geure lekua aurkitu eta ardurakidetasunez jokatu daigun, eskatzen deutsugu, Jauna.

     † Jainko maitalea: zuzendu deutsuguzan eskariok arduratsu bihurtu gaiezala eta holan jokatzera eroan. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

     —Amen.

 

Jaunartzean

Eraikia dago, eraikiz dijoa
denok inguratzen gaituen iria;
geu gaitu iriak bere osagarri,
funtsetan darama gizonon antsia.

Bai ote iririk  eriorik gabe?
Eta gizarterik ilunperik gabe?
Eguzki-argirik beharko ez duen
zorion-iri bat sortzerik bai ote?

 Iri berriaren oinarri Kristo da.
Eraiki dezala gure gizartean
Jerusalen berri, «pakearen iri»,
elkartasunezko maitasun betean.

 

AZKENEAN

     Bakotxa bere aldetik eta bakarrean gura gaitu Gizarte honek, hara-ona erabili ahal izan gaizan. Baina Jainkoaren berbeak alkarregaz eta ardurakidetasunean bizi izatera gonbidatu gaitu. Era honetara, gure ahalmen txikiak alkarturik eta behartsuen zerbitzuan jarriz, Kristo buru dala egiten dogu haren gorputza. Otoitzera eta Jainkoaren berbea hausnartzera eroan gaizala gogo honek.

 

Abestia

ALKARTUTA GOAZEN AURRERA KANTARI,
BIDEAK ZABALDUZ BETIKO POZARI (bir).

Maitasun ta zuzentasunez dezagun
lortu anaien askatasun,
Badator-eta Jaunaren betiko egun.
Hor dugu distiratsu egunsentiko argitasun.


 

 


UZ-10-B

  URTEAN ZEHARREKO X. DOMEKA B urtean ( F. Marcos ) I. Irakurgaia Alkarren arerio egingo zaituet hi eta emakumea, hire eta haren on...